Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Bereizkeriagintza

2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Lehiaketa. Ogibidez nahiz zaletasunez bakarrizketagile direnentzat lehiaketa antolatu du Grafitti irratsaioak. Funtziona dezake saiakerak, harrigarria baita bakarrizketagintzak telebistan eta antzokietan edukitzea arrakasta gaur egun, eta ez horrela hitz jariotik bizi den irratian. Lehiaketako oinarrietan, umorea eta grazia azpimarratzen da. Baina ez da zehazten zein hizkuntzatan egin ahal izango den. Gaztelaniaz, suposatu beharko da. Eta baten bat mihian euskaraz duela aurkezten bada?

Liburua, ilustratzeko. Carles Francinok Kursaaletik zuzenean emititu zuen La Ventana saioa, ostiralean. Maiz erasoa izan zen Lagun liburu-dendaren 50. urteurrena ospatzeko saio berezia egin zuten. Liburua fanatismoarentzat antidotoa dela dioen pellokeria aditu behar izan genuen berriro —Mein Kampf liburuaren egile Hitler barrez irudikatzen dut halakoetan—. Baina ordainsari txiki hori kenduta, gainerakoan, merezi izan zuen saioa jarraitzea, gure iraganeko atal lotsagarrietako bat gogorarazi zigun heinean. Ez hori bakarrik. SER kateak Espainian dituen milioika entzuleak euskaltzale bihurtzeko lehen saiakera txikia egin zen! Arratsalde bakar batean, azken 50 urteetan baino euskarazko abesti eta hitz gehiago entzuteko aukera eskaini zitzaien...

Batzuk, besteak. EITBren kontsumitzaile den edonor ohartuko da ez zaiela arreta berbera jartzen biktima batzuei eta besteei; Radio Euskadin begi-bistakoagoa da, Euskadi Irratian baino. Azken asteetan, urrutira gabe, bereizkeria horrenetik eduki dugu Isaias Carrasco, Joxe Arregi edo Angel Berrueta biktimekin, horien omenez egindako ekitaldiei eman zaien oihartzunekin. Izan gara lekuko aurten, izan ginen iaz, orain bi urte, hiru, lau... Zer dela-eta aurrenekoak merezi du beste biek baino arreta mediatiko handiagoa? Zer dela-eta tertulietako gaitzat hartzen da bat, beste biak ez bezala? Zer dela-eta batean garrantzi itzela du azpimarratzea zeintzuk azaldu diren, zeintzuk ez..., eta beste bietan datu hori ez da hain interesgarria? Memoria ariketa inklusibotik gutxi dauka jarraipen mediatiko horrek. Selektiboa, diskriminatzailea, hierarkikoa da. Mingarria, biktima batzuekiko. Baldin eta hori bada biktimei zor zaien memoria jorratzeko EITBko zuzendaritzak eta langileek daukaten esku-orria, garbi adierazteko faborea egin dezatela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.