Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Erretolika

2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Politikaren tentakuluak. Badirudi Gipuzkoako PP alderdiak asmatu duela protagonismo mediatikoa lortzeko formula merke eta errazarekin. Ondo doakio, komunikabideen ezinbesteko kolaborazioarekin. Xinplea da jokaera: gonbidatu ez zaituzten herri ekimenetik irtendako ekitaldietan agertzea; nabarmen agertzea, mikroen eta flashen arreta bereganatzeko adina. Bikain irten zitzaien berriki Andoainen [Gipuzkoa], bi preso ohiei egindako ongietorrian: komunikabideek Andoainera joandako sei alderdikideak bilakatu zituzten izar, haiei eskainiz mintzatzeko aukera, eta haiengandik hamar metrora zeuden ehunka andoaindarrei bizkar emanez. Orain zortzi, Gipuzkoan, espetxe iraunkor berrikusgarriaren aldeko elkarretaratze bana egin ziren Irunen eta Donostian, herritar partikularrek deituta. Astelehen goizean Faktoria-ko albistegian bi bilkuren gaineko aipamenean, zehaztu ziguten antolatzaileek alderdi politikoen parte hartzerik gabeko elkarretaratzea nahi izan zuten arren, PPko buruzagiak bertan izan zirela. Bada, antolatzaileen borondateari kasu handiegirik egin gabe, bozeramaile politikoaren zenbait hitz (gaztelaniaz) aireratu zizkiguten lehenbizi, eta itzulita ondoren. Kasik, antolatzaileen adierazpenek bezainbateko garrantzia hartu zuten politikariarenek. Klase politikoak albistegi eta tertulien agenda markatu, eta gainera, gizarte zibiletik sortzen diren ekimenak ere kapitalizatu. Eta bide horretan, kazetaritza konplize.

Erretolika. Manu Carreño esatariak (Ser kateko El Larguero saioa) eta Iniesta futbol jokalariak ordubetez solasean jardun zuten ostegun gauean. Gutxitan geratuko da horren garbi erretratatuta zer den kirol kazetariek eta jokalariek goizetik gauera elikatzen duten erretolika barru hutsa eta endredatzailea. Carreñok, bikain suge-liluratzailearen larruan, bi esloganekin saldu zion produktua entzuleari, hasieran: «Urteko elkarrizketa egitera goaz. [...] Bartzelona utzi eta Txinara doan ala ez, jakin-min biziz dago Espainian mundu guztia, eta hori argitzen saiatuko gara». Benetan, ordubeteko berriketa esaldi batera makurtu daiteke: «Hausnartuta daukat, eta erabakia hartzea geratzen zait». Twitterren mezu ziztrin batean adieraz zezakeena jokalariak. Behin erabakia hartuta, orduan nahi adina elkarrizketa egitea izan zitekeen gizaki arrazionalek egingo luketena. Futbola arrazionala balitz…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.