Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Zer transmititzen zaigun

2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Lagun. Liburu dendak merezia zeukan Viktoria Eugenian eskaini zaion aitormena, erasoen aurrean erresistentziaren ikur bilakatu izanagatik. Baina iraganarekin memoria egiterakoan komeni da zintzoak izatea, eta errealitateaz proiektatzen dena ez izatea faltsua, idealizatua... Carles Francinok (La Ventana) distortsio ariketa hori praktikatu zuen Kursaaletik aparteko irratsaioa egin zuenean, martxoaren 16an; Ser Euskadiko lankideen konplizitateaz, pentsa genezake. Deigarria egin zen euskarak hartu zuen presentzia: euskal soinu banda (Lete, Lertxundi, Muguruza, Ken Zazpi, Izaro) izan zen nagusi; sarri azpimarratu zen euskalduna zuela izena dendak eta euskarazkoak zirela erasotzaileek erretzen zituzten liburu gehienak; Isaias Lafuente eta Nerea Arostegi esatariek euskal hitzen esanahiekin atal berezia osatu zuten... Hots, ideien asoziazioa egin nahi izan zigutela, esan daiteke. Hots, Lagun euskara eta euskal kulturaren espazio pribilegiatua izan dela. Tira, kultura eta pentsamendu kritikoaren espazioa izan dela, konforme; baina ez euskaltzaleen tenplu. Viktoria Eugeniako ekitaldia Francinoren planteamendua emendatzera etorri da: 50 lagunek besapean ekarri zituzten 50 liburuetatik, soilik bi izan ziren euskarazkoak (bata hiztegia), gaztelaniazkoak gainerakoak.

Inozoak gara. Manu Carreñok BBK-ko Bilboko egoitzara eraman zuen El Larguero saioa, «Bilbo eta Bilboko kirolen alde» emititzeko, martxoaren 19an. Madrilgo irratientzat arrakastarako formula erraza denari heldu zion, nora joan han aplikatzen dutena, gonbidatu sortarekin: milioidun kontratuko jokalariak (Markos, Susaeta eta Arrizabalaga), jokalari famatu ohi bat (Alkorta), instituzio beneratu bat (Iribar), agintari boteredunak (Urrutia, Aburto eta Rementeria), «aniztasunaren» mezua zabaltzeko futbolaria ez den beste kirolariren bat (Urrutikoetxea, pilotaria), eta dekoratua osatzeko, ereserkia abesteko abesbatza bat eta txalo zartadak jotzeko publikoa. Hara nola ekin zion saioari Carreñok, Iñigo Markinez Bilboko esatariari begira: «Aspaldi neukan Bilbora etortzeko gogoa, baina ez ninduzun gonbidatzen, eta ezin etorri...». Inozoa behar da izan uste izateko bilbotarrak estimatzeagatik egin zela saioa, eta ez irrati zentralistaren kiratsa kentzen saiatzeagatik eta etekin ekonomikoak lortzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.