UHINETATIK TIRAKA

Berri gutxi, morbo asko

Xabier Lasa -

2018ko apirilak 8
Gogoeta. Iñaki Soto kazetariak agur esan die REko tertuliei (Ganbara, Boulevard). Egin ditu zenbait urte EITBn, Manu Etxezortuk Faktoria-rako fitxatu zuenetik. Eskema zaharrak errepikatzeko arriskuan eror zitekeela, eta bera jada ez dela eroso sentitzen. Plazer arraroa eta ohorea, bi sentimendu eragiten omen ditu tertulianoz janzteak.

Elkarren premia. Tertuliakideek tertuliak beste behar dugu entzuleok euren presentzia. Zer litzateke geure bizitza, figura publiko gutxietsi horiek gabe? Izan ere, badagokigu zilegitasuna haiengatik gaizki esaka ibiltzeko, orojakile gisa aurkezten zaizkigunez geroztik; are gehiago horietako zenbait buru-estimua puztuta agertzen zaizkigunean, sinetsita intelektualki geu baino gehiago direla. Baina aldi berean, eskertu behar zaie plaza publikoan biluztera ausartzeagatik, jakinda fobia eta filia pertsonalizatuak eragingo dituztela eta euren ospea eta sinesgarritasuna erretzeko zorian geratuko zaizkiela.

Informazio urria. Odon Elortzari hitza eman zioten bere burua defenda zezan, Boulevard-en. Nahitaezko lana. Are gehiago, Alex Rayonek albiste faltsuak detektatuaz asteartero egiten duen Fake News tartera eraman zuten Elortzaren afera. Ramon Etxezarretak prentsan ostiralean zioen bezala, denok jo dugu sare sozialetara han zabaldutako salaketen berri edukitzeko; istorio ilun horrek morboa eta jakin-mina pizten duela gugan, ezin uka. Baina zurrumurruak ekiditeko, ez legoke gaizki informazio gehiago bageneuka. Eta oraingoz, oso gutxi eman zaigu Donostiako epaitegian 2014an abiatutako instrukzioaz (Kote Cabezudo kasua). Badago halako isiltasun bat airean, edonoren irudimena hazteko lain. Justiziatik ez zaigu ezer esaten, eta hedabideetatik ere apenas.

Urrezko artxiboa. Frankismoaren biktimen aldeko ekitaldiak agertuko zaizkigu egunotan, apirilaren 14 sinbolikoaren eskutik. Gaur, REn (17:00-18:00) zenbait testigantza eskainiko zaizkigu. Irratiak pilatuta daukan ondarearen lagin txiki bat izan daiteke. Izan ere, orain hamar bat urte, zenbait esatarik (Iñaki Berazategi, Javier Dominguez, Javier Vizcaino, Silvia Palenzuela, Edurne Mendia) makina bat lekukotza jaso zituzten. Egundoko balioa du artxiboak, nahiz eta gaztelaniaz izan dena, aintzat hartu gabe batzuen ama hizkuntza.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna