UHINETATIK TIRAKA

Altsasu

Xabier Lasa -

2018ko apirilak 15
Estiloa, berea. Carlos Herrera, astearte goizeko albistegian, 08:00etan: «Nafarroako Gobernua osatzen duen jendaila («chusma») Altsasuko guardia zibilak eta euren emazteak jipoitu zituzten 'txulo-bronka-batasunoekin' posizionatu da; lau alderdiak erasotzaileak bezain zabor miserableak dira». Bistan da hurkoa ez iraintzea pulpituetatik predikatzen duen Elizaren Jerarkiak bat egiten duela gizonaren estiloarekin, beste hiru urterako berritu baitio kontratua; eta bistan da entzule askok ere bai, audientzia datua hazten baitoakio. Zailagoa da jakitea COPEko Nafarroako kazetariek zer dioten beren etxeko ahots aldareratuak albistegiak aurkezteko darabilen kazetaritza motaren gainean.

Egiari zor. Xabier Madariagak Altsasuko gertakarien harira ostiralean Ganbara-n egin zuen erreportajetxoan, Espainiako hedabideek gazteak kriminalizatzeko jorratu duten tratamenduetan jarri zuen fokua. Tertulian, Xabier Garcia Ramsdenek ere bide beretik jo zuen, «Ebroz beherakoen» sentsazionalismoa eta manipulazioa jopuntuan jarriaz. Oskar Bañuelos solaskideak zuzendu egin zion: Ebroz honanzko batzuena ere gehitu beharra azpimarratuz. Egiari zor, geurean ere eman zitzaion bultzadatxoa elur bola zoroari. Memoria ariketa eginez, gogoan dugu gertakizunen ostean, Boulevard-en astelehen goizeko albistean nola onetsi zen benemeritaren bertsioa, gutxietsiz Euskal Herrian hamarkadetan pilatu den eskarmentua bertsio ofizialak zuhurtziaz hartzeko orduan.

Datozen egunak. Altsasuko auzia bide ematen ari da Espainiako estatu egituretan gailentzen ari den sukar punitiboaz eta justiziaren injustiziaz sakon mintzatzeko. Nabarmentzekoa izan zen Metropoli forala-k (Euskalerria Irratia) herenegun Altsasutik osatu zuen aparteko saioa, auzipetuen gurasoekin, abokatuekin eta alkatearekin bilduta. Maite Mayok, Boulevard-en, lau legelariren laguntzaz datozen egunetan argibide izango zaizkigun gako juridikoak xehatu zizkigun, erreportaje ezin zorrotzagoan. Entzutegi nazionaletik zuzenekoa agindu du REko saio horrek biharko, Covitekoei, fiskal ohiei, legelariei eta kulturgileei hitza emanez. Pasioz bizitzekoak iragartzen zaizkigu datozen egunak. Adi-adi jarraitu beharrekoak Madrildik igorriko zaizkigun kronikak eta tertulietan egingo dizkiguten interpretazioak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna