Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Elkarri begira

2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Bi gazte, biktima. Hunkitu nintzen Haritz Aranburuk eta Maria Jauregik —aitarik gabeko bi gazte— Dani Alvarezekin asteazkenean eduki zuten elkarrizketarekin. Eta hunkitu, handik hiru egunetara webgunean, berriro, hizketan ikusi ere egin nituenean biak, ondo-ondoan. Irrati ariketa zintzoa eta aberasgarria izan zen bigarren belaunaldiko biktimekin egin zena, euskal gizartearen zati jakin baten oraina eta geroa ordezkatzen duten horien mentalitatera hurbiltzeko. Nolanahi ere, adanismo ukitu bat erakutsi zigun Alvarezek topaketa jantzi zuenean esanez halakoak errazagoak direla ETA desagertu denetik. Nola ahantzi, bada, azken urtetan, hedabideetan eta herriz herriko foroetan egin izan direla antzeko esperientziak? 2011. urteaz geroztik batez ere, horretan tematu direnek egin izan dituzte. Urrutira gabe, Radio Euskadin bertan, Xabier Garcia Ramsdenek Ganbara saioan.

Plano berean? Hasi gara ohitzen, zorionez, biktima anitzen arteko trukatze publikoetara. Aberasgarriak dira, baina asteazkenekoaren antzeko formatuek badute bere arriskua: biktimak abiapuntu berberean baleude bezala aurkeztea, egia, justizia eta erreparazioaren printzipioen ikuspegitik, alegia. Maria Jauregiren aitaren kasua argitzeko eta justizia ezartzeko Espainiako Estatuak bere ahalmen guztia erabili izan du. Haritz Aranbururen aitari dagokionez, berriz, estatu hori bera izan da Haritzen aita biktima bihurtzea eragin zuena, hainbat herritarren eskubide zibil eta politikoen errepresio injustua aplikatuz.

Zein zen asmoa? Printzipioz, iraganeko biolentziak euskal kazetariei eragin ziena aztertu nahi zuten Ganbara-n ostegunean, Aurora Intxausti, Xabier Lapitz, Teresa Toda eta Fernando Iturribarria kazetariekin. Saio guztiz interesgarria, ausarta, premiazkoa, aitzindaria... Baina zaila da ulertzen hasierako planteamendua. Izatez ere, lauko solasaldiaren aurretik egin zuten informean, ETAk erasotako kazetariak zerrendatu zituzten, horietako askoren testigantzak jasoaz. Bost bat minutuko erreportaje horri esaldi bat erantsi zioten azkenean: «Egoera itogarri horri gehitu behar zaizkio GRAPO, BVE edo GALen atentatuak; azken horrek Egin-eko Xabier Galdeano hil zuen». Alegia, baldin eta aztergaia bazen ETAk kazetaritzan eragindakoaz biktimekin jardutea, Teresa Toda sobera zegoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.