Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Gezur txiki handiak

2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Evole, De la Morena, Garcia. Egiak, gezurrak eta kazetari izartsuen bertsio libreak daude, hirukoak orain zortzi telebistan erakutsi bezala. Evolek kazetari ausartaren mozorroa duen pertsona-jeta bat sortu du, eta hura elikatu beharra dauka marketin sentsazionalisten laguntzaz... Utikan berak berradiskidetu dituenik! Bikotea 2014az geroztik maiz bildu izan baita. Bestalde, xextra pertsonal batera laburtu nahi izan zigun 1990eko hamarkadako gauak sutan jarri zizkiguten bi esatari egolatren borroka guztia. Ukatuz, azpian, egundoko interes ekonomiko eta mediatikoak egon zirela jokoan. La Sextako seme kuttuna azpijoko mediatiko horien konplizea dugu, eta zer espero, ba?

Ekidistantzia. Garciak, besteak beste, adierazi zigun goikoekin zorrotz eta behekoekin eskuzabal jokatu zuela beti. Ekidistantzia faltsua. Izan ere, bera, De la Morena eta enparauak botere baitira, edo izan baitira. Eta behekoekin, goxo? Zer esango ote dute harrokeriaz gutxietsi izan zituen ofiziokide xumeek, zer helmugatan ziklisten esklusibak «kentzera» ausartu ziren Ana Jose Cancio (RN1) edota Arritxu Iribar (EI) kazetariek...

Etikatik, gutxi. Kazetaritzaren praktika etikoarekin zerikusi gutxi daukaten jokabideen aitortza aditu zen saioan (astebete pasatu da, baina inork ez ditu salatu, Espainiako kirol kazetarien elkarteak ez du auzo-lotsarik azaldu...). Perla surrealistak, Wazemank-eko denboraldi oso bat osatzeko eran. Egun COPEn kirol saileko buru den Paco Gonzalezek zioenez, De la Morenak aginduta, kirolarien etxera joan eta haien telefonoa eskegi behar izaten zuen Garciak deitu aldiko, esklusiba eurena izateko. Garciak, berriz, etsaien zerrendan sartu ohi zituen kirolari horiek. Gainera, salatariak kaptatzen zituen nonahi; informazioaren truk 5.000 pezeta ematen zizkien («hilabetea airoso pasa zezaten laguntzen nien»).

Akzio-erreakzioa. De la Morenaren arabera, Garciaren irainei erantzun besterik ez zien egin. Enfin, Ser katean El Larguero gauero aditzen zuen edonork badaki zein izan zen bere estrategia audientzien gailurrera iristeko: Butano-ren kontrako kanpaina zikina. Konparaziorako, sekzio bat asmatu zuen, Alfonso Azuara mihi-luzeak egiten zuena, saioaren amaieran. Zertarako? Garciak gau berean egindako adierazpenak manipulatu eta barregarri uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.