Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Garzon, lezio emaile

2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Egin irratia. Hogei urte joan dira indarrez isilarazi zutenetik Baltasar Garzon epailearen aginduz. Egunkaria-rena ez ezik, irratiaren klausura ere gogoratu digute, hondamendi egoeran dauden Orain enpresako instalazioen irudiak erakutsita. Artxibo Historikoak hartu du ondarea, berreskura daitekeena txukuntzeko asmoz. Ahots grabazioak agertu dira tartean: ikusteko dago baliagarriak izango ote zaizkigun euskal gizartearen historia hurbila kontatzeko orduan. Iturri bat gehiago izango baitugu hartara; ia hamar urtez (1989-1998) gizarteko ahots disidente askori protagonismoa eman zion mikrofonoa.

Garzon. Epaile ohiaren itzala proiektatu zaigu egunotan, ezinbestean. Atzapar exekutatzaile bikaina izan zen estatu zentsorearentzat, baztergarri bihurtu zen arte. Tripako mina eragiten du Espainiako progresia mediatikoak memoria historikoaren eta giza eskubideen defendatzailetzat hartzen duen aldiro. Asteazken goizetan, urrutira gabe, justizia aurrerazalearen lezioak ematen dizkigu Ser katean; epaile ere baden Maria alabak eta biek gaia jorratzen dute Pablo Gonzalez esatariarekin. Otsailaren 15eko saioan, Portu eta Sarasola presoei buruzko Estrasburgoko epaia zela eta, Grande Marlaska epailea, Auzitegi Gorena eta Justiziaren kupula izan zituen jomugan. Auzo-lotsa eta hipokrisia, goren mailan. Era berean, azkenaldian, adierazpen askatasunaren aldeko eta mozal legearen aurkako kontzientzia gisa aurkezten digute Wyomingek eta enparauek.

Aditu titulua. Kostatzen da bilatzea azalpen logikorik bitasunari: EIko informazio zerbitzuek, batetik, Juanjo San Miguel esataria daukate, aspalditik erakutsi duena nazioarteko gaietan badakiela egiten azterketa jakingarriak. Baina, bestetik, Faktoria saioan analisiaren tarterako Jesus Torquemadarengana jotzen dute, adituaren titulua itsatsita. Herenegun are deigarriagoa egin zen Errusia eta Putinen kontura aditu genuen sekuentzia: Maite Artolak albistea labur eman zuen, San Miguelek sakondu, eta ondoren Torquemada, jakinduriaren eskaileran gora egin izan bagenu bezala. Azkenak urteak daramatza irrati-goizetan, denbora berberean, EITBko bi irratietan gai berbera hitz berberez analizatzen. Eta euskarazkoak oraindik gaztelaniazkoaren itzulpenak dira, oso-osorik edota bertsio murriztuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.