Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Galderen ordua

2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Iraindua? Iñaki Anasagastik Jon Artanori buruz esanei zakarkeria eta injustizia darie —esatariak Venezuelako errealitate anitza erakutsi digu, irratian behinik behin—. Baina justifikatua ote dago ETBko erredakzio kontseiluak kazetariari babesa adierazi izana? Kazetaria ez dela ezertaz enteratzen edo manipulatzaile peto-petoa dela eta ETBko kargutik kendu beharko litzatekeela, hori adieraztea iraintzea ote da? Kazetariok kritika ezinak behar ote dugu izan? Nik, aukeran, nahiago kazetariei buruz pentsatzen dutena adieraztera ausartzen diren politikariak, eta ez azpijokoen bidez kazetariak kentzeko hariak mugi ditzaketenak. Ondo pentsatuta, baliteke Anasagastik, nahigabe, lanposturako ziurtagiria eskaini izana Artanori. Izan ere, gertatua gertatu, eskandaluzkoa litzateke Artano defenestratuko balute ETBn.

Finala. Eskuzko finala amaitu bezain pronto, bi pilotariek EITBko esatariei eskainiko dizkiete lehen adierazpenak, esklusiban. ETB1eko Elena Azpeitiak eta EIko Iñaki Elortzak ahoko zuloan jarriko dizkiete mikroak. REko kirol sailekoek, kontrako erabaki iraultzailerik ez badute hartu, uko egingo diote edozein kirol kazetarirentzat pribilegiozkoa izan beharko lukeen aukera horri. Aspaldiko hizkuntza politika baztertzaileari jarraituz, gaurkoan ere pilotariei bizkar emango ote diete REkoek euskaraz ari direlako?

Iñaki Beristain. Atzo omendu zuten 2017ko irailean zendu zen Arantzazuko fraidea. Pello Zabalarekin batera igande goizero EIn meza ematen zuelako zen ezaguna entzuleontzat, besteak beste. Sinestun izan ala ez, hitzordu polita zen euskara jator, zuzen eta egokiarekin gozatzen dakien edonorentzat, bi fraideen erretolikak eskaintzen ziguna egunsentian. Bukatu ziren irrati-mezak bolada batean, baina azkenaldian berritu egin da kontua: 07:30ean, Jose Juan Ugaldek eguneko tituluak ematen dizkigu, eta 07:35etik 08:00etara meza datorkigu. Anonimatuan etorri ere meza, ez baitigute adierazten nor den predikalaria, ez nondik datorkigun Berri Onaren seinalea. Betiko galderekin segituko dugu. Hots, estatu akonfesional batean egonda, zertara ote datorren Eliza katolikoari halako pribilegioa ematea; fededunei begira zerbitzu publikotzat jotzekotan ere, zertara ote datorren EIn bai, eta REn ez ematea, ez bada euskaldun-fededun topikoa indarberritu nahi izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.