Erresuma Batuaren etorkizuna

ERRESUMA ZATITUA

Identitate politikoen arteko talkak Erresuma Batua berregituratzea eragin du, eta herrialdeak etorkizun ziurgabe bati egin beharko dio aurre. Ingelestasuna bilakatu da egungo egituraren mehatxurik handiena.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak eskumenen zentralizazio prozesu bat abiatu du brexit-aren ostean. BERRIA.
ander perez zala
2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Ahaztu Eskoziako independentismoa, Galeskoa eta Irlandaren batasunaren auzia; Erresuma Batuaren etorkizunaren, haren egituraren mehatxu nagusia beste bat da: ingelestasuna.

Zerbait aldatzen ari da Europa iparraldeko herrialde horretan, Boris Johnson lehen ministroa, Alderdi Kontserbadorea eta fenomeno hori oinarri dituela. Londres Bruselaren tokia hartzen ari da, subiranotasuna bilakatu da toryen lelo nagusia, iragan inperialista aspaldidaniko harrotasun handienaz aldarrikatzen da, eta nostalgia pote berean nahasten ari da politika eta sentimenduak.

Erresuma Batua bere burua berregituratzeko fasean murgildu da, eta horren eta brexit-aren atzean dagoen indarra eta arrazoia ingelestasuna da, egungo estatua eta haren barne dinamikak inoiz baino gehiago ulertu behar baitira identitateen erabileren ikuspuntutik.

Finean, asko edo ia dena eboluzionatu baita mende honetan: 2000. urtean, herrialdearen batasunak sendoa zirudien, Tony Blair gobernuburu laboristaren gidaritzapean Ostiral Santuko Akordioa sinatu berritan baitziren, eta Eskoziak, Galesek eta Ipar Irlandak autonomia estreinatu baitzuten. Bi hamarkadotan, baina, handitu egin da Londresen eta Edinburgoren, Cardiffen eta Belfasten arteko distantzia, eta, aldi berean, Londresen eta Bruselaren artekoa, egungo egoera ziurgabera iristeraino.

Eskozian, besteak beste, Margaret Thatcherren agintalditik hona kontserbadoreen aurka garatu den frustrazioaren, haserrearen eta amorruaren ondorio da Erresuma Batutik ateratzeko asmoa; Ipar Irlandan, Britainia Handiarekiko muga bat sortu izanak azkartu egin du Irlandako Errepublikarekin elkartzeko erreferendumerako bidea; eta Galesen, toryen kudeaketak nazio izaera sendotu du, gauzak beren modura egiteko beharra.

Herrialdearen berregituratze horrek ez du Ingalaterra saihestu, han ere aldaketarako nahia bizitu egin baita azken urteotan. Historiak erakutsi du kolonizatzaileen erdigunean oinarrizko potentzia, nazioa dagoela, eta, beraz, Ingalaterrak zuela, duela, eta izango duela garrantzirik handiena. Take Back Control (berreskuratu kontrola) izan zen brexit-aren aldekoen lelo nagusia; nori egiten zion erreferentzia mezu horrek? Ingalaterrari, Ingalaterraren handitasunari. Han bizi dira Erresuma Batuko herritarren %84 inguru, eta hark osatzen du herrialdearenparterik handiena, %60.

Eta, halere, zerbait falta delako sentsazioa gailendu da ingelesen artean: «Bada atsekabe bat, poztasun falta bat egungo egitura konstituzionalaren inguruan, eta Eskoziak eta Galesek, baina batez ere Eskoziak, badutela beraiek ez duten zerbait. Zerbait hori zer den ez dago oso argi: oso lausoa da, orokorra. Adibidez, bada geroz eta erresumin handiagoa eskoziar nazionalistak Westminsterren egotearekin; baina horrek ez du esan nahi Eskoziaren autonomiaren edo independentziaren aurka daudenik», azaldu dio BERRIAri Michael Keating zientzia politikoetako katedradunak.

Zer da, hortaz, ingelestasuna? Nazionalismo ingelesa? Keatingek ezetz uste du, nazionalismoa, zentzu tradizionalean behintzat, proiektu politiko baten ingurukoa baita, autonomia edo independentzia lortzeko, adibidez. «Ikusi dugunez, hori ez da kasua, Ingalaterran parlamentu bat izatearen aldeko babesa oso ahula baita. Hortaz, ez da nazionalismoa programa bat izatearen zentzuan, baizik eta identitatearen ikuspuntutik eta kexa sentsazio batetik begiratuta, Ingalaterrako nazioan arreta jartzen duena. Konparazioa egitearren, Espainian Euskal Herriarekiko edo Kataluniarekiko duten sentimenduaren antzekoa da; diferentzia bakarra da nazionalista ingelesek onartu egingo luketela Eskoziaren independentzia, horrek arazoa konponduko lukeelako».

Batasunaren interpretazioa

Ingelestasun sentsazio hori handitu egin da azken urteotan, eta Erresuma Batuko lehen ministroa du ordezkari nagusi, brexit-az geroztik zentralizazio prozesu bat abiatu duelarik, nazioetan haserre handia eragin duena.

Batzuentzat hori ez da zertan arazo izango, kezka bakarra izan baita boterea eta sistema ingelesak gehiengo zabala diren Erresuma Batuko Parlamentuaren erdigunera eta ingurura itzultzea, garai bateko dinamikak berreskuratzeko. 1921ean, Irlandaren zati handiena uztea beharrezkotzat jo zuten Westminsterren garrantziari eusteko, baita 40 urte geroago koloniako hainbat herrialde galtzea ere; eta, egun, gauza bera gerta liteke Ipar Irlandarekin, batasunari buruzko balizko erreferendumean Irlandako Errepublikarekin elkartzeko aukera gailentzen bada, eta Eskoziarekin ere bai, independentziari buruzko balizko bigarren galdeketan baiezkoak irabazten badu.

Herrialdearen ikuspuntutik, EB Europako Batasunetik ateratzearen aldekoak jakitun zeuden hori egiteak zer ondorio eragingo zituen, baina lau lurraldeak elkartuta mantentzea ez zen izan kanpaina hartako lehentasunetako bat. 2019ko bozei begirako hainbat inkestak islatu zuten hori: YouGov etxearen batek zioen Alderdi Kontserbadorearen (Alderdi Kontserbadore eta Unionista, ofizialki) kideen %63k brexit-a gauzatzea nahi zutela, horrek Eskozia batasunetik ateratzea eragingo lukeen arren; zatiketen eta polarizazioaren garaia zen, hiru urte eta erdiren ostean Erresuma Batua ez zelako oraindik talde komunitariotik atera.

«Erresuma Batuko Gobernuak huts egin du batasuna ulertzerakoan. Ez dakite zer egin horrekin. Azken 50 urteetan, Alderdi Kontserbadorearen gobernuak behin eta berriz ohartu dira batasuna existitzen dela; Londresen profil baxua duen auzi bat da. Brexit-erako galdeketan, ez zuten pentsatu irteerak zer eragin izango zuen Eskozian eta Ipar Irlandan. Eskozia batasunean mantendu nahi dute, bai, baina zertarako?». Keatingen gogoetaren atzean badira bi errealitate: batetik, toryentzat egiazko garrantzia Ingalaterrak duela, bozen emaitzen ikuspuntutik, adibidez, diputatu gehienak eta emaitzarik onenak han eskuratzen dituztelako; eta, bestetik, ingeles izatearen eta britainiar izatearen arteko desberdintasuna handitzen ari delako.

Johnson britainiartasunaren izenean ari da eskumenak berreskuratzen Londresentzat, baina, finean, britainiartasun hori Ingalaterraren kontrolpeko identitate bat da. «Askotan entzuten dugu britainiar herriaz ari direla, baina hori zer da? Britainiar herriaren %85 ingelesak dira. Baina hor bada kontuan hartzeko gauza bat: britainiar izateak mantendu dituela elkarrekin Erresuma Batuko nazioak, bakoitzak bere definizioa zuelako».

Ingalaterran, duela gutxi arte, ingelesa eta britainiarra izatea gauza bera zen; orain, aldatzen ari da, eta lehena ari da pisua irabazten. Eskozian eta Galesen, gehienentzat, britainiarra izatea bateragarria da eskoziar edo galestar sentitzearekin; Ipar Irlandan, aldiz, batasunaren aldekoa izatea zerbait finkoa da, eta «konnotazio sektario bat» du.

«Pentsa irudia: Ipar Irlandan, Ballymenan, sinbolismoz beteriko martxa laranja bat, unionista protestanteen hegemonia erakusteko. Eta Ingalaterra hegoaldean, lorategiko festa kontserbadore adeitsu bat, inperioaren nostalgiaz. Herrialdea oso desberdina da».

Erresuma Batuko Gobernuen akatsa britainiartasunaren erabileran dago, saiatu baitira balio unibertsal batzuekin lotzen, hala nola demokraziarekin, askatasunarekin eta legediarekin. Horrek berekin ekarri du herritar askori mezu hau bidaltzea: ez bazara britainiarra, ez dituzu balio horiek. Eta, horrek, noski, jendea alienatzea eragin du.

Eskozian, historikoki, eskoziarrak izan daitezke eta alderdi independentistarik ez bozkatu, baina hori aldatzen hasi da azkenaldian; gauza bera EBko auziarekin, ez baitzegoen loturarik europazale eta independentziaren aldeko izatearekin. Orain, ordea, bada.

Gauza bera gertatu da Galesen, eta Ingalaterran ere bai, euroeszeptikoetan oinarritzen bada ingelestasuna, eta, haratago joanda, nazionalismo ingelesa. Ipar Irlandan historikoki gertaturikoa da, Erresuma Batuko nazio guztietara zabaldua; eta, han ere, EBren aldagaia gehitu da ekuaziora.

Krisi existentziala

Bada galdera bat mahai gainean, herrialdearen egungo barne krisia laburbiltzen duena: Erresuma Batuak zertarako balio du, eta zertarako izan behar du batasun bat? Are, batasun bat al da, unitate bat, ala beste mota bateko egitura bat? Herrialdeak bere buruari oraindik egin ez dizkion galderak dira, eta, hortaz, erantzunik gabeak.

Modu batera edo bestera, Ingalaterrak, Eskoziak, Galesek eta Ipar Irlandak osatzen duten estatuak bizirik irautea lortu du mendeotan, bere burua egoera, aldaketa edo arrisku bakoitzera moldatzeko izan duen gaitasunari esker. Jakin du nazionalismo eskoziarraren, galesaren eta irlandarraren aurrean nola erreakzionatu, baina ez du jakin bere bihotzean, erresumaren identitatearen erraietan dagoen ingelestasunarekin zer egin; 2010etik hona gertaturikoaren kronika da.

Inkestak begiratu besterik ez dago: Ingalaterran, toryak dira lehenak; Eskozian, SNP Eskoziako Alderdi Nazionala; Galesen, laboristak; eta Ipar Irlandan, DUP Alderdi Demokratiko Unionista edo Sinn Fein, kasuaren arabera. Komunean duten gauza bakarra komunean ez dutena da, hau da, babes handiena jasoko luketen lau alderdiak desberdinak direla lau lurraldeetan; fenomeno hori 2010ean gertatu zen lehenengoz, eta urteotan ez du eman norabide aldaketarik izango duen zantzurik.

Datorren osteguneko Eskoziako eta Galesko parlamenturako bozen ostean, baliteke Eskoziako, Galesko eta Ipar Irlandako aginteetan Erresuma Batutik atera nahi duten alderdiak egotea.

Johnson aditua da batasunak hausten: EBren lehen dibortzioa gauzatu zuen, eta orain etxekoa desegitea eragin dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.