Lege proiektuen tramitazioa, azkarrago

Gizarte eragileen eta herritarren agerraldiak mugatu dituzte Eusko Legebiltzarrean, lege egitasmoen prozedura murrizteko. Bakartxo Tejeriak proposatu zuen, eta otsailean onartu zen, EAJ eta PSEk babestuta.

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2018ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Lege egitasmoak tramitatzeko prozedura luzea izaten da Eusko Legebiltzarrean. Hilabete ugari igarotzen dira egitasmoa erregistratzen denetik osoko bilkuran bozkatzen den arte, eta, maiz, lege egitasmo batzuk aurreikusitako epeen barruan onartu ezinik gelditzen dira. Araudiak berak zehazten duen prozedura konplexuaz landa, epeak luzatu egiten dira legebiltzarreko taldeek eskatzen dituzten adituen agerraldi ugariengatik ere, legeen tramitazioa bera «geldiarazteraino». Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak hori konpontzeko urrats bat egin zuen joan den otsailean, eta, epeak murrizte aldera, ebazpen bidez erabaki zuen mugatzea taldeek eskatutako adituen agerraldiak.

Lege egitasmo bat ganberan aurkezten denean, honako hau izan ohi da tramitea: epe bat zabaltzen da taldeek zuzenketak aurkeztu ditzaten; gero, horiek eztabaidatzeko lantaldea eratzen da, eta artikuluak banan-banan aztertu eta ondorioen txostena landu behar izaten dute bertan, gero osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatzeko. Prozedura horrek guztiak zortzi hilabete iraun ohi du. Alabaina, eztabaida aberastu eta ekarpenak jaso aldera, taldeek adituen agerraldiak eskatzen dituzte. Adituek hilabeteak ematen dituzte azalpenak ematen, eta horrek are gehiago atzeratzen du lege egitasmoen tramitazioa. Askotan, Jaurlaritzak zera egotzi die oposizioko taldeei, bere lege egitasmoak oztopatzea eta atzeratzea hori egitean.

Eusko Legebiltzarreko araudiaren 134. artikuluak zehazten du agerraldien funtzionamendua lege egitasmo bat tramitatzen denean. Arauak dio Jaurlaritzako ordezkariek agerraldiak egiteko aukera dutela, baina praktikan bestelako elkarte, gizarte eragile eta herritarrenak ere eskatzen dituzte. Agerraldi horiek amaitu arte, taldeek ez dute zuzenketarik aurkezten. Ohiko praktika da hori, baina, epeak geldotzea ekartzen duela iritzita, Legebiltzarreko presidenteak araudia aldatzea erabaki zuen. Mahaiak onartu egin zuen proposamena, EAJren eta PSEren botoekin.

Onartutakoaren arabera, agerraldiak eskatzeko epea hilabetera mugatuko da, eskaera argitaratzen den egunetik hasita. Gainera, batzordeko presidenteak uste badu talde parlamentarioek egindako eskaera kopurua «oso handia» dela, zerrenda murrizteko eskubidea izango du, taldeetako bozeramaileekin adostu ostean.

Aurrerantzean, gainera, gizarte eragileek eta herritarrek mugatuago izango dute legeen tramitazioan parte hartzeko aukera. Orain arte, eragile horiek aukera zuten ekarpenak egiteko eta iritzia emateko denbora mugatu gabe, Jaurlaritzako kideek bezala, baina orain aditu bakoitzak hamabost minutu bakarrik izango ditu azalpenak emateko.

EH Bildu, kontra

Legealdia hasi zenetik Legebiltzarreko araudian egin den lehenengo aldaketa izan da, eta ez da talde guztien gustukoa izan. EH Bilduk aldaketaren kontra bozkatu zuen, herritarren parte hartzea mugatzeko erabakia zela iritzita. Koalizioak salatu zuen horrelako neurri bat hartzea «iraingarria» dela, eta herritar eta eragileei «errespetu falta» egiten diela. Koalizioak «ahots kritikoak isilarazten» saiatzea leporatu zien EAJri, PSEri eta legebiltzarreko presidenteari.

EH Bildu izan zen neurri horren aurka agertu zen talde bakarra. Elkarrekin Podemosek adierazi zuen ez zuela bat egiten aldaketarekin, baina abstenitu egin zen. PPk ez du ordezkaririk Mahaian, eta EAJren eta PSEren botoak nahikoak izan ziren araudiaren aldaketa onartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.