Hamar urteren buruan, bosgarren kokapenean

Bide luzea egin du Gasteizko Kafe Antzokiaren proiektuak. Hasieratik aho batezko oniritzia jaso izan badu ere, proiektua atzeratuz joan da; epeak betetzen badira, ideia sortu eta laugarren legealdian egingo dute.

Eskoriatza Eskibel jauregia izan zen Gasteiz Antzokiaren azken-aurreko kokapen posiblea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Hamar urte, hiru legegintzaldi, eta bost kokapen posible. Gasteizko Kafe Antzokia egiteko bidea luzea ari da izaten; ez da erraz gauzatuko. 2008an Gasteizko Udalbatzak aho batez oniritzia eman zion proiektuari, Antxon Belakortu EAko zinegotziak aurkeztu ostean. Onespen osoz jasotako babes hori, ordea, ez da emaitza azkarretan egikaritu. Prozesua mantsotu duten hamaika zailtasun izan dira bidean: arazo teknikoak, alde bakarrez hartutako erabakiak...

Lehen mugarriaren hamar urte bete badira ere, aurrez ere Gasteizko Kafe Antzokiaren egitasmoa talde euskaltzaleen, eta Alde Zaharreko ostalarien buruan bazegoen. Udalak 2008an eman zuen pausoa, ordea. Orduko alkate Patxi Lazkoz (PSE-EE) proiektua garatzeko plangintza zehazten hasi zen, baita aurrekontuak finkatzen ere. Are, udal gobernuek proposatutako bost kokapenetatik lehena jarri zuen mahaian: Landatxon bertan egin asmo zuten, aparkaleku lurperatu baten gainean.

PSE-EEk Gasteiz Antzokiak eskain zitzakeen zerbitzuen, eta horren kudeaketari buruzko azterlan bat ere kontratatu zuen. Ordea, 2011. urtean legegintzaldia amaitu zen. Udal gobernu berriak, PPren agindupean, beste norabide eman eman zion proiektuari. Javier Marotok beste kokapen bat proposatu zuen: Guridi zinemen egoitza, Alde Zaharretik kanpo. Urtebete iraun zuen kokapen horri buruzko eztabaidak, bideragarritasun ekonomiko faltagatik baztertu zuten arte. Gasteizko Kafe Antzokiaren Aldeko Plataformak ordurako alderdi guztien konpromisoa eskatu zuen, aurrera egin ahal izateko.

Hiru jauregi Alde Zaharrean

Marotok berak egin zuen hurrengo kokapen proposamena: Montehermoso jauregia. Hobeto esanda, XVI. mendeko eraikin horri atxikita dagoen ur biltegiaren goiko aldea. Proiektuaren lehen irudikapen grafikoak agertzen hasi ziren 2012aren amaieran, baina asmoa baztertu behar izan zuten, ur biltegiaren eraikina babestuta zegoelako. Kafe antzokia gauzatzeko zailtasunak ikusirik, 2014an proiektuaren adarretako bati bultzada eman zioten, Montehermoson bertan. Euskararen Etxea jarri zuten, han bertan zegoen kulturgunearekin espazioa partekatuz.

Kafe Antzokiaren kokapena eztabaidagai zela heldu zen EAJ-PSE gobernua. Urtebete behar izan zuen Gorka Urtaran alkateak beste kokapen bat proposatzeko. 2016ko uztailean, Eskoriatza Eskibel jauregia eskaini zuen. Alkatearen proposamenak, ordea, proiektuaren gaineko adostasuna kolokan jarri zuen erabaki bat zekarren. Auzolanak pilotaleku autogestionatua eraistea proposatu zuen, han antzokia egiteko. Atzera egin behar izan zuen Urtaranek, eragile gehien-gehienek kontrako jarrera zutela eta. 2017ko uztailean, Udalak Eskoriatza Eskibelen behin betiko proiektua abiaraziko zuela iragarri zuen. Dena den, lanak hasita, bi fuel biltegi agertu ziren. Horiek handik kentzeak kafe antzokia egiteko lanak atzeratuko zituela argudiatuta, Urtaranek beste kokapena proposatu zuen: Ruiz de Bergara jauregia. Euskalgintzako kideek eskaintzari baiezko baldintzatua eman zioten, kokapen posibletik behin betikora egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.