I+Gko inbertsioa. Proiektuak enpresetan. Elkar

I+G ekosistema bat egotea gakoa da konpainia txikientzat

Tamaina txikiko enpresa izanagatik, berrikuntza funtsezkoa dela ulertu dute Elkarren. Mauleko ingeniaritza konpainiak asmatu du bezeroen etengabeko aldaketetara moldatzen, eta bide horrek aukera eman dio hazteko.

Elkar konpainiaren ate irekien eguna, iazko apirilean, Maulen. JOANES ETXEBARRIA.
Jon Fernandez.
2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Tamainak tamaina, ikerketa eta garapena gakoak dira merkatuan errotzeko eta hazteko. Mauleko Elkar konpainian argi daukate ideia hori. «Gure bezeroak aldatzen dira, haien beharrizanak ere aldatzen dira, eta gure tresnak dira haien lana errazteko. Haien lana eraldatuz doan heinean, guk ere beharrezkoa dugu berritzea: bai produktua, bai tresna eta bai eskaintzen dugun zerbitzua ere», esplikatu du Erik Etxartek, Elkarreko ingeniaritza eta I+Gko arduradunak.

Makinen fabrikazioa eta metrologia dira Elkarren lan lerro nagusiak, eta robotikan ere badabil urratsak egiten. Batetik, hegazkinetako piezak neurtzen ditu; bestetik, industriako enpresentzako erremintak egiten ditu.

Bi ingeniari gaztek sortu zuten enpresa Maulen, 2005ean. Hasieran, nagusiki hegazkingintzako azpitratatzaile lanetan hasi zen, baina lan esparruak zabaldu eta dibertsifikatu ditu, sektoreka zein geografikoki. Gaur egun aeronautika, garrio eta energia arloan dihardu nagusiki, eta Mauleko egoitza nagusiaz gain, beste bi bulego dauzka: bata Baionako Compositadour zentro teknologikoan, eta bestea Ordizian (Gipuzkoa). Halaber, bi langile izatetik 30 inguru izatera pasatu da konpainia.

Hedapen horren motorra ikerketa eta garapena da. Bezero gehienak ingurukoak ditu, nahiz eta tarteka atzerrikoekin ere proiektu batzuk egin. Gipuzkoan, adibidez, bezero du Iriziar, autobusen alorrean, eta CAF, trengintzan. «Enpresa txikia gara, baina neurria edozein izanda ere, inportantea dira ikerketa, garapena eta berrikuntza».

Azken bi urteetan, I+G modu antolatuan lantzen du Elkarrek, nahiz eta, proiektuaren arabera, lantaldeko edonork parte har dezakeen I+G proiektuetan. Fakturazioaren %3 inguru inbertitzen du I+Gn. «Ikusten dugu Gipuzkoan gure bezeroak asko ari direla mugitzen berrikuntzan. Ez bakarrik produktuetan, baita antolakuntzan eta zerbitzuetan ere. Eta guk ere, gure heinean, jarraitu behar diogu mugimendu horri».

Zerbitzuaren berrikuntzari dagokionez, adibide bat jarri du Etxartek. «Gipuzkoako bezero bati tresnak hornitzen dizkiogu. Prozesuan tresna batzuk behar ditu, eta haiek nahi bezala egiten ditugu tresnak. Baina orain ari gara ikusten zabaldu dezakegula eskaintza: ez bakarrik tresnak egiteko, baizik eta gure bezeroari hobekuntzak proposatzeko haren prozesuan».

Zentro teknologikoekin elkarlanean aritzen da Elkar I+Gan, bai Gipuzkoan, bai Lapurdin. «Zentro teknologikoak inportanteak dira, bereziki gu bezalako enpresa txiki eta ertainentzat». Baionako zentroa teknologikoa konpositean espezializatuta dago, aeronautikan asko erabiltzen den materialean, eta «ekosistema» hori eskura izatea oso lagungarri zaio Elkarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.