EHUk aurrez aurre egin nahi du irakaskuntzaren %75 datorren ikasturtean

Gobernu Kontseiluak «presentzialtasun egokituko eredu bat» onartu du. Balluerka errektoreak EHUko komunitatearen ahalegina «eskertu» du

Gasteizko Letren Fakultatea. R. B. / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Datorren ikasturteko jarduna atontzen ari da EHU Euskal Herriko Unibertsitatea. Irakaskuntzan gutxienez % 75 aurrez aurrekoa izatea nahi du; horretarako, «presentzialtasun egokituko eredu» bat ezarriko du, «2020-2021eko ikasturtea ahalik eta baldintza akademikorik eta sanitariorik onenetan garatzeko». Hala, EHUren Gobernu Kontseiluak jarduera hori planifikatzeko orientabideen inguruko dokumentu bat onartu zuen atzo, bi premisarekin: batetik, «presentzialtasun handia» mantentzea eta «kalitatezko unibertsitate irakaskuntza» eskaintzea, eta, bestetik, ikasleen eta langileen osasuna mantentzea.

Beraz, irailetik aurrera, irakaskuntza presentzialari eutsiko diote EHUn, eta aurrez aurre emango dituzte lau irakasgaitik hiru, baina distantzia fisikoaren irizpideetara egokituta egingo dute, edukiera mugatuta eta neurri higienikoak hartuta. Jarraibide horiek, dena den, «malguak» izango dira, eta egoeraren bilakaeraren arabera moldatu ahalko dira. Presentzialtasun egokituko ereduaren arabera, aurrez aurreko irakaskuntza hori jarduera telematikoekin uztartuko dute, «eta ikasleen ikaskuntza autonomorako prestakuntza jarduera ez-presentzialekin».

Aurrez aurreko irakaskuntza «modalitate praktikoetan» lehenetsiko dute; horretarako, ikastegietako espazioak berrantolatu beharko dituzte, eta horien erabilera «optimizatu». Eskoletara joateko osasun arazoak dituzten ikasleentzat, berriz, «egokitzapen akademiko eta pedagogikoak» egingo dituzte. Ebaluazioa ere presentzialki egitea aurreikusi du EHUk, baina ezustekoei aurrea hartzea eta ebaluazio jarraitua ere planteatzea gomendatu die errektoretza taldeak irakasleei.

Nekane Balluerka errektoreak «eskertu» egin du EHUko komunitateak azken hilabeteetan egindako ahalegina, eta, irailetik aurrera gerta daitekeenari «erantzun egokia emateko», beharrezkotzat jo du aurreikuspenak egitea, baita segurtasun neurriak hartzea ere. Hala, jende pilaketak saiheste aldera, sarrera eta irteera ordutegiak mailakatuko dituzte, ikastegien barruko mugikortasuna mugatuko dute, eta geletan gehiegizko edukierak ezarriko dituzte. Ikasleek eta langileek metro eta erdiko segurtasun tartea errespetatu beharko dute, eta, ezin denean, maskarak erabili.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.