Izar zirraragarriena

Zientzialariak KIC 8462852 izarrari begira daude, azken urteotan astronomiaren alorrean sortu den misterio handienetakoari azalpen bat eman nahian: inork espero ez duen portaera du 1.300 argi urtera dagoen objektu honek.

KIC 8462852 izarra, NASAk sortutako irudi baten arabera. NASA.
Juanma Gallego.
2017ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Zisnearen konstelazioan dago KIC 8462852 izarra, Lurretik 1.300 bat argi urtera, baina Tabbyren izarra izenarekin ospetsu egin da. Portaera bitxia du, eta, horregatik, astronomoak eta zaletuak guztiz liluraturik daude. Izugarrizko iluntzeak gertatzen dira han, baina zientzialariek ez dakite zergatik. Izan ere, distira aldaketa horiek ez dute jarraitzen inolako eredu ezagunik.

Lehen datuak Kepler teleskopioaren bidez eskuratu ziren, baina exoplanetak bilatzen dituen espazio teleskopioaren arduradunak ez ziren jabetu zer gertatzen ari zen KIC 8462852 izarrean. Kepler teleskopioak izarretan distira aldaketak bilatzen ditu, izarraren inguruan orbitatzen ari diren planetak atzemateko. Izarraren «aurretik» igarotzean, planetek izarraren argiaren zati txiki bat estaltzen dute; hala topatzen dira exoplanetak. Iluntze txiki horiek %1ekoak izan ohi dira, baina Tabbyren izarra %20 inguru ilundu da. Teleskopioak ez zuen hori «ikusi» ere egin, horrelako aldaketa bat pentsaezina zelako.

Aurkikuntza Tabetha Boyajianastronomoak koordinatutako zaleen talde bati esker egin zen—hortik datorkio Tabby goitizena—. 2015eko irailean anomalia horren berri eman zuten, eta, ordutik, mundu osoko astronomoak zoratuta daude misterioarekin.

Alarmak pizten

Horietako bat da Kanariar uharteetako (Espainia) Astrofisika Institutuko ikertzaile Marian Martinez. Hain justu, Mercator teleskopioarekin izarra ikertzen ari zenean gertatu zen azken ilunaldia, maiatzaren erdialdean. Aitortu du une polita izan zela, baina «nahiko gaizki» ere pasatu zuen: «Normalean, lasaiago lan egiten dut; ez nago ohitua hain azkar eta presiopean lan egitera». Ulertzekoa da urduritasun hori. Martinezen taldekoak mundu mailako aurre alarma piztu zuen, Tabbyren izarretik zetozkien datuetatik zerbait gertatzear zegoela aurreikusi baitzuten. Hollywoodeko filmetan bezala, abisua mundu osoko astronomo taldeei pasatu zieten. Eta izarra berriro ilundu zen.

Heliofisikan aditua da Martinez, eta ikuspuntu horretatik ikertu du izarra, erantzunak topatzeko asmoz. Eguzki sisteman jazo ohi dena gogoan, izar horretan ere magnetismoa ote dagoen ikusi nahi du, eta, horretarako, izarraren azalean egon daitezkeen balizko orbanak bilatu nahi ditu. Hori izan liteke misterioa argitzeko aukeretako bat: orban erraldoiren batek halako iluntzeak eragitea. Eskuratu dituzten datuekin lanean ari dira oraindik, baina adituak aitortu du oso zaila izango dela misterioa argitzea. «Egia esan, izar hau ikertzen ari garen guztiok ez dakigu oso ondo zehazki zeren bila ari garen».

Planeta erraldoia

Orain arte plazaratu diren beste azalpen batzuen artean, Martinezek aipatu du Valentziako astronomoek (Herrialde Katalanak) berriki zabaldutako hipotesia. Astronomoen artean dagoen zirrara hain da handia, ezen zientziaren erritmoak ere azkartu diren, eta, artikulua zientzia aldizkari batera bidali badute ere, horren kopia bat Arxiv izeneko biltegi irekian sartu dute: ahalik eta lasterrena zabaltzeko. Martinezek gustura leitu du. Orain arte irakurri duen «azalpenik zentzuzkoena eta politena» da. Funtsean, astronomo horiek diote asteroidez inguratuta dagoen planeta erraldoi batek sortzen dituela iluntzeak.

Artikulu horren egile nagusia da Valentziako Unibertsitateko Fernando Ballesteros astrofisikaria, eta hari ere ahotsean nabari zaio zirrara eragiteko modukoa den zerbaiten atzetik dabilela. «Urtebete inguru daramagu gaia lantzen. Izarra orain berpiztu denez, berandu izan baino lehen artikulua argitaratzea erabaki dugu». Hipotesiaren nondik norakoak azaldu ditu: «Tabbyren izarretik datorren argiaren analisian oinarrituta, oso ezberdinak diren bi igarotze azaltzen dira. Horietatik lehenak kurba leunagoa du, eta hori simetrikoa den objektu baten zantzua izan zitekeen. Logikaren bidea jarraituz, eta ezer arraroa bilatu gabe, halako itxura izan dezaketen objektuak bilatzeari ekin diogu. Bururatu zaigun lehen gauza izan da Saturno planetaren antzeko objektu bat: eraztunak ditu, eta pixka bat makurtuta dago. Simulazioak egiteari ekin genionean, konturatu ginen halako batek oso ondo bat egiten zuela ereduarekin». Planeta erraldoiek, ordea, haien orbita bera jarraitzen duten asteroide troiarrak izan ohi dituzte inguruan. Horrek azalduko luke, hipotesi horren arabera, bigarren kurba. «Asteroide horiek aurretik eta atzetik dabiltza, normalean planetarekiko 60 graduko tartean kokatuta. Jupiterrek, esaterako, halako asteroide troiar asko dauzka».

Ustezko planeta horren tamainak, ordea, izugarri handia beharko luke. «Eraztunen tamainak eta asteroide kopuruak ere izugarri handiak izan beharko lukete». Oraindik eratzen ari den Jupiterren antzeko planeta bat dela proposatu du Ballesterosek. «Gazte direnean, planeta horien tamaina askoz handiagoa da, oraindik oso bero daudelako». Ahalik eta eredu sinpleena egiten saiatu direla dio astrofisikariak, aurreikuspenak egiteko modukoa. Planetak hamabi urteko orbita duela kalkulatu dute. «Gure aurreikuspenen arabera, 2021ean aurretik doazen asteroide troiarrak igaroko dira berriz, eta, 2023an, planeta igaroko da». Beraz, uste dute datozen lau urteetan izarrak ez duela iluntzerik izango. «Iluntzeren bat gertatuz gero, gure hipotesia bertan behera geratuko litzateke». Itxaronaldia ez da lasaia izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.