Bidenek esan du ez direla ari Seulekin ariketa nuklear bateratuez hitz egiten

AEBen arabera, Hego Korearekin batera modu bat bilatu nahi dute Ipar Koreak arma nuklearrak erabiltzeari uko egin diezaion

Yoon Hego Koreako presidentea eta Biden AEBetakoa, iazko azaroan. EFE.
Igor Susaeta.
2023ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
AEBak ez dira ari mintzatzen Hego Korearekin ariketa nuklear bateratuak egiteaz. Hori adierazi zuen Joe Bidenek atzo. Horrenbestez, Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidenteak herenegun esandakoak gezurtatu zituen Etxe Zuriko maizterrak.

Hego Koreako egunkari batek herenegun kaleratutako elkarrizketa batean Yoonek nabarmendu zuenez, Washingtonen jarrera «oso positiboa» izaten ari da elkarrizketa horien harira. Baina Bideni prentsaurreko batean galdetu zioten ea ariketez hitz egiten ari ote diren Seulekin, eta «ez» erantzun zuen. Ez zuen xehetasun gehiago eman.

Hain justu, Koreako penintsulan tentsioak koska bat gora egin duen honetan heldu dira Yoonen esanak. Izan ere, Ipar Koreak inoiz baino misil balistiko gehiago jaurti zituen iaz, eta Kim Jong-un lider gorenak adierazi du, gainera, armategi nuklearra handitzeko beharra dutela, aintzat hartuta Hego Korea «ageriko etsai» bilakatu dela haientzat.

Reuters berri agentziak AEBetako Segurtasun Nazionalerako Departamentuaren iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, Washingtonek eta Seulek modu bat bilatu nahi dute Kimek arma nuklearren erabilerari uko egin diezaion, eta horri buruz hitz egiten ari dira. Iturri horrek adierazi du Bidenek eta Yoonek iaz eskatu zietela beren taldeei «erantzun koordinatu eraginkorrak» planeatu zitzatela, horretarako agertoki askotarikoak aurreikusiz. Nabarmendu du, bide batez, ez direla ari ariketa nuklear bateratuez mintzatzen, Hego Koreak ez duelako buru nuklearrik.

Ariketa militar bateratuak

Halere, Yoonen aholkulari batek atzo iradoki zuen AEBetako presidenteak behartuta erantzun behar izan zuela ezetz. «Reuterseko kazetariak bat-batean galdetu zionean ea ariketa nuklear bateratuez solasten ari ote ziren, Biden presidentek 'ez' erantzun behar izan zuen, noski», esan zuen Hego Koreako presidentearen aholkulari batek, Yonhap berri agentziaren arabera.

Ipar Korearen erretorika eta proba gisa jaurtitako misil balistikoak mehatxutzat hartuz, AEBetako, Hego Koreako eta Japoniako armadek ariketa militar bateratuak egin zituzten iazko abuztuan Japoniako itsasoan, 2017az geroztik aurrenekoz.

Hego Korearen eta Ipar Korearen arteko harremanak are gehiago gaiztotu dira Yoonek iazko maiatzean kargua hartu eta Piongiangen kontrako jarrera gogortzeko asmoa erakutsi zuenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.