Athletic, trebea merkatuan

Josu Urrutia 2011n presidente kargura iritsi zenetik, Bilboko taldeak 221 milioi euro jaso ditu jokalarien salmentarekin, eta 64 bakarrik gastatu ditu etete klausulak ordaintzen.
Aymeri Laporte, Manchester Cityrekin jokaturiko partida batean.
Aymeri Laporte, Manchester Cityrekin jokaturiko partida batean. P. POWELL / EFE

Iñaki Odriozola -

2018ko abuztuak 9
Merke erosi eta garesti saldu. Hori izan ohi da futbol taldeetako kirol zuzendari eta presidenteen helburua. Batere ordaindu ez, eta prezio handian saltzen bada, negozioa are biribilagoa da. Josu Urrutiak zazpi denboraldi daramatza Athleticeko presidente lanetan. Kirol arloa albo batera utzirik eta ikuspegi ekonomiko hutsetik, aipatzeko modukoa da Urrutia eta haren lantaldea egiten ari diren lana.

Jokalarien salmentarekin lorturiko diruari erreparatu baino ez dago. Bilboko taldeak 221 milioi euro zakuratu ditu azken urteetan. Javi Martinez 40 milioiren truke joan zen Bayern Munichera 2012an —Osasunak sei milioigatik fitxatu zuen—. Manchester Unitedek Ander Herreraren 36 milioiko klausula ordaindu zuen 2014an —8,5 milioiren truke ekarri zuen Zaragozatik—. Aymeric Laportek ere, Ingalaterrako ligarako bidea hartu zuen urtarrilean, Manchester Cityk 65 milioi ordaindu ostean. Han izango du aurkari Kepa, Chelseak jarritako 80 milioiei esker.

Horren ondorioz, Kepa historiako atezainik garestien bihurtu da, eta, bide batez, fitxaketarik garestienetan 11.a. Deigarria da aurretik dituen hamarretatik zazpi azken hiru urteetan egin direla. Zer esanik ez, inoizko euskal futbolaririk garestiena da, eta euskal taldeetan milioi gehien mugitu dituena. Keparena da Espainiako Ligan sekula egin diren salmentarik garestienetan hirugarrena. Aurretik, ez ditu izen makalak: Neymar eta Cristiano Ronaldo.

Athleticek San Mames Barria osorik eraikitzeko adina diru bildu badu, ez du bururik galdu fitxaketekin. Urrutia presidente denetik, 64 milioi euro gastatu ditu etete klausuletan, hamar jokalari fitxatzeko. Milioiez hain erraz hitz egiten den garai baten, gutxi dirudite, Aritz Adurizengatik ordaindutako bi milioi eta erdiek, edota Raul Garciarengatik jarritako hamarrek.

Iragan neguko merkatuan egin zuen Athleticek inoizko ordainketarik garestiena. Realari 32 milioi ordaindu zizkion Iñigo Martinezengatik. Jokalari baten truke horrelako kopururik ordaindu duen beste euskal talderik ez dago. Reala da hurrengoa zerrenda: 17 milioi ordaindu zizkion Real Madrili Asier Illarramendirengatik. Eibar, Alaves eta Osasuna ez dira kopuru horietara gerturatzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna