Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Gurasoenean

2022ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Gernikako Estatutuak 43 urte bete zituen atzo. Eta 43 urteko autogobernu hori oraindik gurasoen etxean bizi den gaztearekin alderatu daiteke; baina, kasu honetan, etxean jarraitzeko arrazoi nagusia da gurasoek ez diotela joaten uzten, ez da gazteak ez duela gurasoen etxea utzi nahi—edo bai?—. Espainiako gobernuek, edozein dela kolorea, ez dute estatutuan jasotako eduki guztiak garatzeko biderik eman, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta EAJrekin duten harremanean negoziaziorako tresna gisa baliatzen dute, dela aurrekontuak aurrera ateratzeko, gobernua osatzerakoan babesa lortzeko, edo unean uneko legeren bat edo proiekturen bat onartzeko.

43 urterekin, gurasoei dirua eskatzen jarraitzen du, apurrak erregutzen, noizbait etxetik aterako den esperantza adieraziz, baina etxetik joateko benetako ahalegina egin gabe.

Urkulluk, herenegun, alderdien esku utzi zuen Autogobernu Lantaldea berriro aktibatzea, eta adierazi zuen hauteskunde urtea izanik nekeza izango dela hori berriro aktibatzea. Baina zer egin dezake lantalde horrek, gurasoen etxean uzten dioten gelan ohea non jarri eta hormak zer kolorez margotu erabakitzeaz harago?

Gurasoen etxeko gela beste anai-arrebena baino handiagoa dela ez da argudio nahikoa bertan goxo egiteko. Zenbat urte bete beharko ditu gazteak etxe berri bat bilatu edo eraikitzeko apustu serio bat egiten hasteko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.