Iritzia

Euskara eta berrikuntza

2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
«Egiazko misterioa euskararen iraupena da, ez jatorria», esan zuen Koldo Mitxelena maisuak. Euskararen iraupena historian, eta izan duen egokitzeko zein modernizatzeko gaitasuna, balio eta ekimen soziologiko, politiko eta kultural sendoekin lotuta dago. Mitxelenaren hitzak interpretatuz, euskararen iraupenaren gakoak ez ditugu jatorrian arakatuz topatuko; bai, ordea, euskararen hiztunengan zein komunitatean, eta horien ekimenetan. Euskararena bizi-irautearen historia da, eta historia horretan berrikuntza paper garrantzitsua jokatzen ari dela esatera ausartuko nintzateke.

Berrikuntza kontzeptua asko sustatu da azken hamarkadatan enpresatan zein politika publikoetan, I+G+b (Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza) prozesuak azaleratuz. Mugarria da honetan guztian ELGAren (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) Osloko Eskuliburuaren 2005eko argitalpena, esate baterako; bertan definitzen baitira entitate zein herrialde bateko berrikuntza ahaleginak produktuan, prozesuan zein merkaturatzean. Prozesu horien oinarri nagusia ikerketa da, eta berorretan oinarritzen da enpresa-berrikuntza. Gainera, prozesu horietan ezinbestekoa da balioa sortzea, hala nola, berrikuntza edo asmakizun horrek merkatuan hedapena izan eta irabaziak ematea. Era berean, berrikuntza horrek zerbaiten haustura edo desagertzea ere ekar dezake.

Baina, berrikuntza hori baino gehiago da, fenomeno anitza da, hain zuzen ere; eta ez du beti ikerkuntza jatorrian. Gizarte-berrikuntza da berrikuntzako beste modalitate bat. Azken hamarkadan zabalduz joan da, eta ikerketa-gai garrantzitsu bihurtu da, baita helburu estrategiko ere politika publikoko programatan.

Gizarte-berrikuntza zer den jakiteko, ikerlariaren lanetara jotzen badugu, honako azalpenak topatuko ditugu gizarte-berrikuntzak dituen ezaugarriei buruz: berrikuntzak gizartetik (gizarteko behar batetik) datoz, arazo bat konpontzeko edo hobekuntza baten beharra dagoelako; eta eragileak norbanakoak, elkarteak, administrazioak zein enpresak izan daitezke, baina, sortutako balioa ez da merkatuaren bahetik pasatzen; berrikuntza horren arrakasta (edo porrota) gizartearen onarpen mailan eta gizarteko hedapenean neurtzen da. Era berean, eskala desberdineko berrikuntza sozialak (artistikoak, kulturalak...) izan daitezke: mikroak, makroak edo mesoak, gizartean gertatzen den erabileraren edo onarpenaren mailaren araberakoak. Ikerlariak bat datoz, bestalde, gizarte-berrikuntza praktika bat dela esateko unean.

Horiek horrela, gizarte-berrikuntza zein berrikuntza kulturaleko eta politikoko fenomenoekin lotu genezake euskararen bizi-irautearen inguruan egin diren ekimen garrantzitsu asko; Euskararen unibertsoa edo Euskalgintza deituriko komunitatearen sortzea eta eratzea bera izanik aro modernoko berrikuntza nagusietako bat. Komunitatearen adar instituzionalaren eta sozialaren artean, edo horien arteko talkan ere bai, egin du bere historia modernoa euskarak. Berrikuntza sozio-politiko zein kulturaleko adibide esanguratsu batzuk hauek lirateke: Ikastolen sorrera eta mugimendua; Korrika; Elhuyar proiektua; Bertsogintza; eta Euskaraldia, besteak beste. Horiek banan-banan ikusiko ditugu orain, berrikuntzako ezaugarri batzuk nabarmentzeko, gaingiroki.

Ikastolen eragile nagusiak familiak eta norbanakoak izan ziren euren sorreran, bertako Elizaren babesean, Euskal Herri osorako hezkuntza-sistema euskalduna eratzea lortu zutelarik. Autogestioa eta kooperatibismo eredu hartu zen (familiak ziren kontseilariak), boluntariotzaz baliatu ziren eta ekonomia soziala (familiek jarri zuten dirua edo/eta kredituen abalemaile izan ziren) bultzatu zuten. Gaur egun, sistema gisa kontsolidaturiko berrikuntza da eta gertatzen diren berrikuntzak hezkuntzaren baitakoak dira.

Korrikaren sorrerako kezkak eta beharrak ekonomikoak eta kulturalak ziren (eta dira), izan ere, euskara hedatzea lortu behar zen herrialde guztietan eta helduen irakaskuntza antolatzeko dirua behar zen, hori dena erritmo bizkorrean gertatu behar zen, gainera. Horrela sortu zen, ordura arte existitzen ez zen «erreleboko Euskal Herri mailako lasterketa», kirol frogekin zerikusia ez duena, eta 2.000 kilometro baino gehiago salgai jartzen dituena. Ekimen jendetsua eta anitza bihurtu da, eta denboran iraun du, norbanakoak, gizarte-ekimeneko elkarteak eta instituzio publikoak inplikatzen direlarik. Gaur egun, gainera, Euskal Herritik kanpo ere ospatzen da, teknologiek asko lagundu dutelarik azken berrikuntza honetan.

Elhuyar proiektua sortzeko bi balio elkartu ziren: zientzia eta euskara, eta elkarketa berritzaile horrek beste berrikuntza batzuk ekarri zituen, hala nola: zientzia dibulgazioa euskaraz eta euskarri anitzetan (paperean, komunikabideetan, Interneten...); oraindik zientziaren dibulgazioa edozein hizkuntzatan minorien gai bat zenean. Berrikuntza ebolutiboaz hitz egin genezake kasu honetan, izan ere, profesionalizatuz joan baitziren eragileak eta zientzia dibulgatzailearen lanbidea sortu baita, beste berrikuntza batzuekin batera.

Bertsolaritzak, Ahozko Euskal Literaturaren langa tradizionala gainditu zuen 1990. urtetik aurrera bertso-eskolen sorrerari ekin zionean, sarean antolatzea eta hezkuntzara iristea ahalbidetu zion berrikuntza izan dira bertso-eskolak. Gaur egun ikuskizun eta ekitaldi ugari eta jendetsuak izateaz gain, bertsolarien perfilean berrikuntza ugari egin ditu bertsozale-sare horrek (emakumeen integrazioa, esate baterako); gainera, berrikuntza profesionala gertatu da, bertsolariak ere sorkuntzako erreferentziazko profesionalak dira kultur munduan eta komunikabideetan.

Azken garaiko berrikuntza bat aipatuz amaitu nahiko nuke, izan ere, euskararen erabilera handitzeko eta hiztunen hizkuntza ohiturak aldatzeko, Euskaraldia ekimena sortu da berriki. Berrikuntza aipagarri bat gizarte-ekimenaren eta administrazio-publikoen elkarlana delarik, diseinuan zein inplementazioan elkarrekin ari direlarik. Horrekin batera etorri den beste berrikuntza, prozesu baten planteamendua izatea da eta norbanakoen inplikazioarekin batera eraman nahi da aurrera; alegia, uko egin zaio publizitate-kanpaina klasiko bati. Horren ordez, prozesu oso bat lantzen ari dira eragileak elkarlanean, hizkuntza-ohituren inpaktua neurtuz; eta oso erantzun positiboarekin gizartearen aldetik bere lehen fasean, behintzat. Bigarren fasea hasi besterik ez da egin, eta ikusiko da, baina, prozesu berritzaile honek eskala desberdineko onurak ekarriko dituela aurreikus daiteke; euskararentzat, euskaldunontzat eta Euskal Herriarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.