ANALISIA

Idazteko dagoena

Samara Velte -

2018ko martxoak 11
«Historia idatzi dugu». Azken egunotan inguruko emakume askoren ahotan ibili den esaldia da, ostegunean kalera atera zen jendetzarekin oraindik harrituta. Mobilizazio historikoa izan zen, eta ez bakarrik Martxoaren 8a izateko: Euskal Herrian azken urteotan eginiko protesta jendetsuenetako bateko protagonista izan dira emakumeak, eta horrek gizarte osoari pentsarazi behar lioke: hor bada behar besteko arreta ipini ez zaion sektore bat.

Sumendi bat izan zen ostegunekoa: nekez aurreikusiko zuen inork hainbeste emakume aterako zirenik kalera. Herri batzuetan zalantzan egon ziren, elkarretaratzerako baimena eskatu edo ez —gutxieneko kopurura helduko ez zirelakoan—, eta gero plazak bete zitzaizkien emakume harro, indartsu eta aldarrikatzailez. Grebaren antolaketa oso deszentralizatua izan da, eta hori izan da balio nagusietako bat: tokian-tokian, emakumeek euren beharrak identifikatu dituzte, eta horren araberako formatuak aukeratu dituzte protestarako. Grebak aterki gisa funtzionatu du, bestela nekez elkartuko liratekeen sektoreak gune berean bat etortzeko.

Erakundeentzat ere ezustekoa izan da. Madrilen, PP eta gainerako eskuina bakarrik geratu dira, azken unera arte grebaren aurka agertuz. Euskal Herriko erakunde publikoak ere ez dira egon behar zuten lekuan: ostegun goizean, ehunka mila emakume kalera ateratzeko prestatzen ari ziren bitartean, Eusko Jaurlaritza abiadura handiko trenari buruzko agerraldi bat egiten ari zen.

Mugarri historikoa dela ezin uka, baina egokia ote da «historia egin dugu» esatea? Historia aldaketa prozesuek osatzen dute, eta, horregatik, osteguneko argazkia baino esanguratsuagoak izan dira aurreko egunak. Garrantzitsuena ez baita izan zenbat emakume atera diren kalera, baizik nola eta zeintzuk atera diren. Etxekoandreak izan dira protagonistetako batzuk, gizartearen oinarriari eusten dion aitortu gabeko langile masa zabal hori. Zaintza lanak ikusarazi dira, haiek gabe edozein ekonomia hondoratuko litzatekeela jakitun. Finean, greba feministak lanaren beraren ulerkera jarri du zalantzan: mahai gainean jarri du lana ez dela dirua ematen duen hori soilik; pertsona guztiek behar dutela zaintza, era batera edo bestera; eta hori bera bada aski arrazoi norbere bizitzaz eta gizartearen antolaketaz hausnartzeko.

Gainera, deialdiak biderkatze efektu nabarmena izan du. Emakume askok lehenbiziko aldiz baliatu dute aukera elkartzeko, eztabaidatzeko eta elkarrekin ahalduntzeko. Osteguneko manifestazioak ikasitako deskonfiantza eta beldurrak deseraikitzeko balio izan die: euren buruarekiko eta besteekiko. Onartu dute elkartzeko eta kalera ateratzeko beharra zeukatela, eta behar hori indar bihurtu dute. Emakume izatea, gaur egun, etengabeko tentsioan bizitzea baita: kalera ateratzerakoan, plaza publikoa hartzerakoan, norbere bizitza modu justuagoan antolatzerakoan. Greban parte hartzea tentsio horri heltzeko modu bat izan da askorentzat, eta horregatik izan da ahalduntze ariketa bat. Eta aldaketa horretatik gizarte osoak aterako du probetxu, gizartea bera ere burujabeagoa baita bere biztanleen %100 libre, aktibo eta ahaldunduta daudenean.

Belaunaldi arteko harremana ere nabarmentzekoa da: M-8ko manifestazioetan zeuden emakume gazte guztiak ikusita, ezinezkoa zen aurreko belaunaldi feministez ez gogoratzea: urrunagora joan gabe, duela 10-15 urtera arte espazio guztietan auzitan jartzen eta epaitzen zen feminismoa, eta ez zen erraza bandera moreak eramatea. Orain 200.000 emakume kalera atera izana ez da inolako oparia izan, gogor borrokatutako eta norbere gorputzean sufritutako lorpena baizik.

Aurtengo Martxoaren 8ak aliantzazko eta konplizitatezko agertoki bat utzi die emakumeei: «Hemen elkartu ginen 200.000». Batzuei kezka sortu zaie, eskuineko alderdiak ere ahalegindu direlako protestaz jabetzen, bezperan grebari kritika biziak egiten zizkietenetako batzuk lanuztera gehitzeraino. Horrek, ordea, ez lituzkete hainbeste kezkatu behar feministak: emakumeak kalera atera badira, ez dira boterearen aginduz atera. Badago gauzak egiaz aldatzeko nahia, eta hori sumatzen da. Euskal Herrian bertan, badira horren seinale esanguratsu batzuk, esate baterako, 2014an abortu legearen erreformaren aurka egindako manifestazioak, edota Bilgune Feministak azken topaketetan 400 emakume baino gehiago batu izana. Galdera da, ordea, nola aprobetxa litezkeen eta zein norabide eman dakiekeen sortutako sinergiei, Martxoaren 8ko argazkia ez dadin helburu bat izan, abiapuntu bat baizik. Historia asko baitago oraindik idazteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna