«Pozik eta lan egiteko gogoz» iritsi da Palacios Eibarrera

Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Cesar Palacios Eibarreko kirol zuzendari berria «pozik, lanerako gogoz eta ideiak argi» azaldu zen atzo estreinakoz Ipuruako prentsa areto berrian. Ez du erronka makala aurretik, ia-ia proiektu oso bat eraiki beharko baitu ezerezetik. Hala ere, argi du zein den eman beharreko lehen urratsa: entrenatzailea aurkitzea. «Nire lehenengo betebeharra taldearentzat teknikari bat fitxatzea da. Nolakoa izan behar duen garbi dut: kluba ezagutu beharra dauka, Eibarren izaera, taldeak nola lehiatzen duen...Hasieratik argi izan dut nor nahi dudan izatea taldearen entrenatzailea». Erabakia du nor nahi duen, baina ez zuen izenik eman. «Ahalik eta azkarren» lotu nahi du.

Talde jaitsi berrien helbururik behinena hurrengo denboraldian berriro igotzea izaten da. Gipuzkoako taldeak ere xede hori du, eta Palaciosek hori lortzeko egingo du lan, baina ez edozein preziotan: «Zazpi urte Lehen Mailan egon eta gero, normala da jendeak igotzeko faboritotzat hartzea. Ziurrenik erreferenteak izango gara. Helburu handiak dauzkagu, baina ezin dugu nortasuna galdu: lana, apaltasuna, erantzukizuna... Horiek dira Eibarren ezaugarriak, eta ezin ditugu inolaz ere galdu».

Entrenatzaileaz ez ezik, jokalariez ere mintzatu zen Palacios. «Lehiatzeko grina erakusten duten horiek erakartzen naute». Nabarmendu zuen ez duela jokalariekin hitz egin, baina klubak jada aurreratu duela lan hori: «Inork baino hobeto ezagutzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.