Oihana Elduaien Uranga.
HIZPIDEAK

Gerra eta zaintza

2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Nork zaintzen du nor. Nork zaintzen du zer. Irudi gordinak datoz Kievetik. Emakumeak, umeekin trenetan sartzen; nasan gizonezkoak. Hautsita denak. Agur. Ez dakite gehiago elkar ikusiko duten. Eszena errepikatzen da, behin eta berriz. Nork zaintzen du nor? Nork zaintzen du zer? Emakumezkoek familia zaintzen dute ahal den lekuan; eta gizonezkoek herria zaintzen dute, frontean. Negoziazio mahaian ere ez da emakumezko bakar bat ere agertzen. Herria zaintzen ari dira. Gizonezkoak. Ia beti irudi berberak ikusten dira gerretan. Urtea joan, urtea etorri. Gerra joan, gerra etorri.

Mila aldaera ditu gaiak. Baina zaintza beti dago. Beti dago zaintzeko norbait. Kontua da nork eta nola egiten duen.

Asteartean da Martxoaren 8a, eta Euskal Herriko mugimendu feministak zaintza hartu du gai. Emakundek 2015eko txostenean jasotako datuak beldurgarriak dira: Gurasotasun laguntza jasotzen dutenen %95,5 emakumezkoak dira; haurrak zaintzeko eszedentzia hartzen dutenen %95,3 ere bai; eta senideak zaintzeko eszedentzia hartzen dutenen %82,2. Elkar zaintzea beharrezkoa dela dudan jarri gabe, zaintza hori nola egiten den jarri nahi dute mahai gainean. Eta, gaia hain garrantzitsua dela kontuan hartuta, benetako politika eraginkorrak eskatzea, bultzatzea eta proposatzea da asmoa. Badago zer aldatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.