Realak bana berdindu du etxean; Athleticek, berriz, 0-3 galdu du

ainara arratibel gascon
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Ez da izan jardunaldi oparoa Realarentzat eta Athleticentzat. Irabaztea merezi zuten arren, txuri-urdinek bana egin zuten atzo Granadillaren kontra Zubietan. Natalia Arroyoren taldeak azken unean sartu zuen berdinketaren gola. Zuri-gorriek, berriz, 45 minutuz eutsi zioten Lezaman Bartzelona ahaltsuari. Baina bisitariek gola sartu zuten atsedenalditik itzuli eta gutxira, eta are nagusiago izan ziren. Azkenerako, 0-3 gailendu ziren.

Reala izan zen jokatzen aurrena. Txuri-urdinena izan zen jokoaren ekimena, eta aukerak ere bai. Baina golak dira futbolaren gatza eta piperra, eta ez zuten asmatzen Noelia Ramos atezainaren aurrean. Bisitarien plana argia zen: atzean sartuta itxaron, eta jokaldi bakan bat edo Realaren hutsegite bat baliatu hiru puntuak eskuratzeko. Minutuak aurrera joan ahala, tentsioa areagotu egin zen, besteak beste epaileak hartutako erabakiengatik. Adibidez, baliorik gabe utzi zuen Amaiur Sarriegiren gol bat, Gemma Gili jokoz kanpo zegoelakoan. Granadillak 78. minutuan aurkitu zuen bila ari zena. Spechtek buruz pasatu nahi izan zion baloia Elene Lete atezainari, baina suabeegi bota zuen. Blomek hutsa baliatu zuen gola sartzeko. Realak amorrua eta adorea atera zituen, eta 95. minutuan Amaiur Sarriegik gola sartu zuen, Nerea Eizagirreren falta jaurtiketa baten ostean.

Athleticek, berriz, ezin izan zuen balentria egin Bartzelonaren kontra. Lehen zatian ere kataluniarrak nagusi izan ziren arren, Iraia Iturregiren jokalariek ondo eutsi zieten bisitarien ekinaldiei. Minutuak aurrera joan ahala, itxura sendoagoa eman zuten. Bigarren zatian, ordea, 50-57 minutuen artean, Bartzelonak bi gol sartu zituen. Lehena Claudia Pinarena izan zen, eta bigarrena, Geyserena. Blaugarenek are gehiago kontrolatu zuten ordutik aurrera neurketa. Athletic saiatu zen aukeraren bat sortzen, baina ezin izan zuen aldea murriztu. Gainera, 84. minutuan Mariona Caldenteyk hirugarren gola sartu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.