KRITIKA. Musika

Birtuoso bat eta hamaika bikain

Nemanja Radulovic biolinista JOCANeko kideekin batera aritu zen kontzertuan. DONOSTIA KULTURA.
2022ko uztailaren 28a
00:00
Entzun

Kanarietako Gazte Orkestra (JOCAN)

Biolina: Nemanja Radulovic. Zuzendaria: Victor Pablo Perez. Egitaraua: F. Mendelssohnen 1. sinfonia op. 11 eta P. I. Txaikovskiren Biolin kontzertua op. 35. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Uztailak 26.

Aurtengo udako topaketan, Euskal Herriko Gazte Orkestrak Kanarietako Gazte Orkestra (JOCAN) gonbidatu du lehen aldiz gurera, truke programa baten barruan. Abuztuaren 5ean bat egingo dute biek, Musika Hamabostaldian kontzertu bat emateko. Bitartean, kanariarrek euren lana ezagutarazteko aukera izan dute Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan, programa atsegina eta musikari bikainak bidaide.

Felix Mendelssohn taula gainean zeuden musikariak baino gazteagoa zen lehen sinfonia idatzi zuenean, 1824ean, nahiz eta aurretik harientzako hainbat sinfonia konposatu. Hain kutunak zituen maisu klasikoak eredu hartuta, ikasle zein ikertzaile saiatua zen alemaniarra. Bere lehen sinfonia hau Londresko Elkarte Filarmonikoan aurkeztu zuen urte berean, 1829an, J. S. Bachen Mateoren araberako Pasioa ekarri zuen berriro atriletara, gaur egun bizirik jarraitzen duen miresmena sortuz. Allegro di molto ezagunean, JOCANeko kideek obra osoan zabaldu zuten trinkotasun eta distira erakutsi zuten. Hariak une oro fin, tutti indartsuetan zein pizzicato sotiletan; Victor Pablo Perezen keinu zehatzari jarraituz dinamika malguak marraztu zituzten. Pena, Viktoria Eugeniaren maskor akustikoak haizeen soinua lausotu egin zuela, Andante-an luzimendurako aukera eskasa utziz.

Atsedenaldiaren ostean, Nemanja Radulovic biolinista batu zitzaien biolinerako idatzitako partitura zorrotzenetarikoa eskaintzeko. 1878an konposatu zuen Txaikovskik bere Biolin kontzertua, 4. sinfonia eta Eugene Onegin opera idatzi berri zituela, Suitzako erretiroan. Obra benetan zaila, Leopold Auer estreinaldiari uko egitera bultzatu zuena. Bada, Radulovicek izaera handiko bertsioa eskaini zuen. Allegro moderato-an arku guztia gidari, kadentzia bikainean harmonikoak dantzan. JOCANeko musikariak sen onaz sostengatu zuten serbiarra, Canzonetta-ren lasaitasunetik Allegro vivacissimo-aren bariazio eta gaien lanketara, dinamikan eta koloretan oparo. Birtuosismoari helduz, Radulovicek Paganiniren 24. kapritxo jostalaria zabaldu zuen bis gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.