Reala 2-1 Athletic

Baten mina, bestearen laztan

Realak irabazi du derbia, lehen zatian bi gol sartuta. Zuri-gorriak, penaltiz gola sartu, eta azkenera arte saiatu dira neurketa berdintzen. Reala zortzigarren da, eta bi puntura ditu Europako postuak

Athleticeko Ander Capa eta Realeko Mikel Oiartzabal, nor baino nor gehiago, atzo jokatutako derbian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
<i>Donostia</i>
2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Oiartzabalek (16. min). 2-0: Willian Josek (43.min). 2-1: R. Garciak (82.min). Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horiak: Realeko Navasi, eta Athleticeko Capari. Bestelakoak. 27. 073 ikusle Anoetan.

Bi neurgailu izan zituzten Realak eta Athleticek atzo Anoetan: markagailua eta kazkabarra. Bizpahiru aldiz botatako txingorrak eragin ezberdina izan zuen talde bakoitzarengan; zuri-gorriei min egin zien, eta laztan bat izan zen txuri-urdinentzat. Emaitzaren metafora izan zen eguraldia.

Bi taldeak puntu baten aldearekin iritsi ziren neurketara, baina norgehiagokak hautsi egin zuen berdintasuna. Donostiarrak gehiago izan ziren jokoan, eta sailkapenean urrats bat egiteko bidea eman die derbia irabazi izanak. Bi puntura dituzte orain Europako postuak. Athleticek, berriz, ez ditu erabat atzean utzi jaitsiera postuak.

Etorkizuna itxuratzen hasteko partida zen, eta bi entrenatzaileek ez zuten ezertxo ere gorde. Imanol Alguacilek eta Gaizka Garitanok ahalik eta talderik onenak zelairatu zituzten, eta partida irabaztera joan ziren hasieratik. Txuri-urdinak moldatu ziren ondoen lan horretan. Donostiarrek lehendabiziko zatian ondu zuten garaipena. Baloi jabetza berdindua izan zuten bi taldeek, baina Imanolenek hobeto asmatu zuten harekin zer egin, eta atsedenaldira bi golen errentarekin iristeak hiru puntuak eskuratzeko bidea ireki zien.

Hasierako ordu erdian, aurkariari tamaina hartzen saiatu ziren bi taldeak. Garaipena zuten xede, baina nahiago izan zuten itxaron, erasoari emanda ibili baino. Txakurra eta katua nola, hala ibili ziren, eta horren adibide da Realaren lehen gola. Athletic donostiarren arean zirrikitu bat bilatzen saiatzen ari zela, kontraerasora jo zuten Imanolen jokalariek. Atzelariek luze urrundu zuten baloia, eta Mikel Oiartzabal lasterka ari zela ikusi zuen Willian Josek. Eibartarrari luzatu zion baloia brasildarrak, eta Oiartzabalek buruarekin eraman zuen Dani Garciaren aurrean. Iago Herrerini izkin egin, eta, inork trabarik egin gabe, sarera bota zuen baloia. 16. minutua zen, eta txuri-urdinentzat itxura ederra hartu zuen partidak.

Zerutik eroritako ur jasak freskatu egin zizkion ideiak Realari, eta, gutxika-gutxika, zelaian bere lekua aurkitu zuen. Eroso zegoen, eta Athletic, berriz, aurkariaren atea zulatzeko aukera bat nola sortu pentsatzen zebilen.

Alferrikako saiakera izan zen. Partida atsedenaldira iristear zela, garaipena eskuratzeko urrats garrantzitsu bat egin zuen Realak. Willian Josek baloi bat hartu zuenarea ertzean, eta, buelta erdia emanda, egundoko zartakoa eman zion. Bi golen aldeak arnasa eman zion Realari, Athletic itotzen ari zen bitartean. Atsedenaldiko minutuek pausatu egin zuten norgehiagokaren sugarra. Berriz ekiteko aukera zen bi aldeentzat, eta ordura arte jazotakoak ez zuen ezertarako balio.

Hargatik, partidari ganoraz heldu zioten bisitariek. Eginabale, amaierako emaitzari bestelako itxura eman nahi bazioten,saiatzea beste aukerarik ez zuten zuri-gorriek. Asmo horrekin ekin zioten bigarren erdiari, eta orekatu egin zen partida. Zelai erdian jokatu zen bigarren zati gehiena. Erdilariek berebiziko garrantzia hartu zuten. Baita kazkabarrak ere; etenik gabe jausten zen arren, Realari ez zitzaion askorik axola, estutasun handirik gabe baitzebilen. Athleticek, berriz, hobe zuen garrantzirik ez eman. Minutuak etenik gabe ari ziren igarotzen, eta estutu beharra zeukan nahitaez.

Halako batean, penaltia

Realak partida kontrolpean zuela zirudienean iritsi zen egoera goitik behera aldatuko zuen jokaldia. Aukera handirik sortu gabe—lehorra izan zen bigarren zatia—, baina donostiarren arean zebilen Athletic, aukeren xerka, eta lurrera erori zen Iñigo Martinez. Ondarroarrari egindako penaltia adierazi zuen Mateu Lahoz epaileak, eta, gisa horretara, azken minutuetarako hatsa eman zion talde zuri-gorriari.

Raul Garcia izan zen penaltia jaurtitzeko arduraduna. Nafarraren asmoa zein zen asmatu egin zuen Geronimo Rulli Realeko atezainak, eta geratu egin zuen baloia. Alabaina, aldaratzea Garciari iritsi zitzaion, eta bigarrengoan ez zuen barkatu. Gola sartu, eta esperantzari atea ireki zion. 82. minutua zen, eta azkenera arteko lehiarako prest zegoen Athletic.

Esan eta egin. Bilbotarrek estu hartu nahi izan zuten Reala. Horren jakitun, Imanolek atzealdea sendotzeko apustua egin zuen. Willian Jose kendu zuen zelaitik, eta Hector Moreno jarri zuen haren ordez. Ordurako, baina, ez zegoen askorako denborarik. Korner batean izan zuen azken aukera Athleticek, eta Herrerin atezaina ere joan zen hura errematatzera. Saiakera hutsala izan zen.

Azkenean, Reala nagusi, eta esku hutsik Athletic. Txingorradak amaituak ziren ordurako Anoetan, baina ez hark utzitako sentipenak. Pinportak basamortuko uraren gisako izan ziren txuri-urdinentzat: iragan asteko kolpea ahaztu eta gora begira jartzeko aukera gisa hartu dituzte. Kazkabarrak, berriz, belarri atzeak mindu dizkie zuri-gorriei, azken asteetako bolada ona moztuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.