«Egun ez da auzitan jartzen selekzioak izateko eskubidea»

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2015eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
ESAITen ibilbidearen «balorazio oso positiboa» egiten dute bi kideek. «Erreferentzialtasun bat lortu dugu aldarrikapenaren inguruan. Marka desagertu arren, aldarrikapenak hor dirau». Ondorio horretara iristeko, alderdi politikoetan izandako bileretan oinarritu dira. «Egun, euskal sektore politikoan, denek ikusten dute euskal selekzioak egoteko eskubidea badagoela. Inork ez du zalantzan jarri ofizialtasunaren kontua, PP barne». Era berean, adostasun hori gizartera zabaldu dutela uste dute. «Gizarteak lortu du Jaurlaritza bere tokitik mugitzea. Guk aspaldi eman genuen bukatutzat lagunarteko futbol partiden zikloa, eta orain Jaurlaritzak gauza bera esan du».

Kideen ustez, ESAITek, bere jardunean balizko ofizialtasunerantz ibilbidearen definizio politikoa egin du. «Ezinbestekoa da federazio nazionalak egitea, ikuspegi nazionala izango dutena». Era berean, independentzia ezinbestekoa ez dela probatu dute. «ESAITek erakutsi du estatu gabe ere posible dela pausoak ematea. Orain arte, independente izan gabe ezin zela ezer egin saltzen zen, eta ez da hala, federazio asko hasi dira urratsak egiten».

Baina oraindik pauso asko daude emateko. «Arazo politikoa da. Arazo politikorik ez balego, aspaldi genituen selekzioak», nabarmendu du Toledok. «Hitz politak eta babesa, bai, baina pausoa ematean, Jaurlaritzak ez du kontzientziarik. Partida eta antolatu,bai, baina Jaurlaritzak ez du konfrontaziorik nahi Madrilekin». Askasibarrek kirol metafora argigarria egin du ofizialtasunaren bidea nolakoa den irudikatzeko: «Hau auto lasterketa da, eta eta lehiakide indartsua dugu, Espainia, auto on eta bitarteko askorekin. Lehiatzeko auto ona eta gasolina beharko genuke. Katalunian erakundeek auto eta gasolina hori jarri dute, eta lasterketaren bat irabazi dute. Euskal Herrian, aldiz, ez dago autoarentzako dirurik ezta gasolinarentzat ere. Lehia dago, baina garaipen bakarrak auto handiari ihes egiten dioten baserri bideetan lortu dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.