KRITIKA. Telesaila

David Simonen argia ez da itzali

John Turturro aktorea, The Plot Against America telesailaren atal batean. HBO.
urtzi urkizu
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun

'The Plot Against America'



Gidoilaria eta ekoizle eragilea: David Simon. Aktoreak: John Turturro, Winona Ryder, Ben Cole, Jacob Laval, Azhy Robertson, Anthony Boyle, Zoe Kazan, Michael Kostroff. Non ikusi: HBO.

Tarantinoren Inglourious Basterds (2009) film jostagarrian, soldadu talde batek bereak eta bi egiten zituen naziak hiltzen. 11 urte geroago, joan den hilean, Amazon Prime Videok nazien ehiztarien beste istorio bat estreinatu zuen: Hunters. Al Pacino handiarekin, eta 1977an girotuta. Baina bai bata, bai bestea, su ikusgarrien gisakoak dira, mami sarkorrik gabeak. Bestelakoa da Philip Roth idazlearen The Plot Against America liburuan oinarrituta HBO kateak estreinatu duen telesaila. The Wire laudatuaren —aditu askok historiako telesail onentzat daukate— sortzaile David Simon da autorea, eta haren eskua agerian gelditzen da gidoietan. Treme eta Show me a Hero dira Simonek HBOrentzat azkeneko urteetan egin dituen beste telesail batzuk, baina aste honetan estreinatutako lanak bi horiek gainditzen dituela esan daiteke.

Bigarren Mundu Gerraren urteetan dago istorioa girotuta, Ameriketako Estatu Batuetan. 1940. urtea da, eta Franklin D. Rooseveltek ez ditu hauteskundeak irabaziko. Alderdi Errepublikanoko buruzagi populista batek irabaziko ditu, Adolf Hitlerren lagun batek. Hartara, iragana ez da Roosevelten araberakoa izango; Rothek irudikatutako thriller faltsuaren araberakoa, baizik. Mundu horretan barneratzeko, familia judu baten pertsonaiak erabiltzen ditu HBOren lanak aurkezpen gisa, sinesgarri. Eta AEBetan agintean jarriko den faxista gaur egungo presidentearen moduekin eta ekintzekin parekatzeak eman dezake hausnarketarako beta. «American first!», esaldia entzuten da aurreneko atalaren une batean. «Amerikarrak, lehenbizi!». Hain zuzen ere, Donald Trumpek kanpainan erabili zuen esaldia, eta egun erabiltzen duena.

Paralelismo argi hori alde batera utzita, telesailak zinema onaren bertuteak ditu: gidoi zaindua, erritmo egokia —tempoak ikuslea kateatzen du—, girotze paregabea, eta aktore bikainak. Aktoreen artean, gozagarria da Winona Ryder sasoi onean ikustea; Stranger things-eko (Netflix) aurreneko hiru denboraldietan ezusteko atsegina izan da Ryderrek interpretatutako pertsonaia. Eta The Plot Against America honetan ere, naturaltasunez betetako pertsonaia bat jokatzen du: ezkonduta dagoen gizon batekin maiteminduta dagoen juduarena.

Kameraren mugimendua, bestalde, oso zaindua dagoen beste osagai bat da telesailean. Espazio itxietan, kamerak ikus-entzulea eramaten du pertsonaia batetik bestera, film onetan egiten den moduan.

Iluna da istorioa, baina Simonen argitasunak erakargarri egiten du unetik unera. Sortzailearen birtuosismoa pisutsua izatera iritsi gabe, gainera. Showrunner (autore-ekoizle) figuraren aitortzaren garaian gaude, eta Simon da haien artean eleganteena. Erakutsi du zergatik, beste behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.