Garai bateko galtzada, mendi txango bat egiteko

Pirinioetako galtzada erromatarra seinalaturik dago, mendi txango bat egin nahi duenarentzat: Zazpetik Aurizperrira doa 26 kilometroko bidea. Webgunean daude galtzadan egin daitezkeen intereseko geldialdiak.

Aranzadikoek aurkitutako miliario baten irudia. CALZADAROMANADELPIRINEO.EUS.
Iker Tubia.
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Pompaelo atzean utzi eta Galiako herrietara joateko bideetako bat zen IbaƱetako lepoa zeharkatzen zuen galtzada. Duela 2.000 urte baino gehiago erromatarrek galtzada eraiki zuten han, garraio eraginkor baten mesedetan. Indusketek azalera atera dituzte erromatarren bideak, eta, gaur egun, mendi ibilaldi bat ere egin liteke garai batean erromatarrek jarraitzen zuten bidean aurrera. Seinale zuri-moreak jarraituta, Zazpetik Aurizperrira (Nafarroa) ailegatzeko aukera dago, 26,6 kilometroko bidea eginda.

Indusketa lanak eta aurkikuntzak erakusteaz gainera, inguruari balioa eman nahi dio Aranzadik Pirinioetako erromatar galtzadari eskainitako webgunearen bitartez. Horregatik, mendi ibilaldiaren informazioa jaso dute, baita galtzada erromatarra igarotzen zen lekuetan dauden intereseko guneak ere. Sei ordu eta erdiko mendi ibilbidea da galtzada erromatarrarena. Igoerak 785 metroko desnibela du, eta jaitsierak, 319 metrokoa.

Galtzadako geldialdiak

Orain arte, Pirinioetako galtzadaren ikerketei buruzko informazioak sakabanaturik ziren eskualdeko webguneetan. Ohartu ziren webgune ofizial bat behar zutela, informazio guzia toki berean bilduko zuena, eta Cederna Garalurrek bultzatuta eta udalen babesarekin, Pirinioetako galtzada erromatarrari buruzko gunea sortu zuen Aranzadi zientzia elkarteak. Inguruneari balioa emateko asmoa zuenez, garrantzitsua iruditu zitzaien bidean ziren zenbait gune nabarmentzea. Galtzadaren ibilbideko interes gune nabarmenenak Artziko eta Zalduako aztarnategiak dira. Bi gune horietan egindako indusketa lanen emaitzak aurkeztu dituzte webgunean, bideoen eta infografien laguntzarekin.

Horrekin batera, Aurizperriko miliarioen museoa nabarmendu dute webgunean. Inguruetan aurkitutako mugarriak izan ziren indusketen abiapuntua, eta orain museoan gorderik dituzte, kontzeju etxeko beheko solairuan. Juan Mari Martinez Txoperenak hiru miliario aurkitu zituen Mugarriluzen, eta horietako bi epigrafikoak ziren. Mugarrietako mezuek garaiko enperadoreak laudatzen dituzte.

Webgunean agertzen denez, osorik topatutako mugarrietako bat Constancio Cloro enperadorearen agintaldiari dagokio, eta Kristo ondorengo 305-306 urte artekoa da. Bestea Aureliano enperadorearen garaikoa da, Kristo ondorengo 275. urtekoa. Biak daude arrosa koloreko hareharri triasikoan eginak. Miliarioak ziren galtzadako seinaleak, eta dagoeneko sei aurkitu dituzte galtzada guzian zehar.

Azkenik, Luzaideko (Nafarroa) erakusketa zentro eta informazio gunearen informazioa bildu dute. Erakusketa hori ez dago erromatarren aroarekin loturik, 778 urteko Orreagako batailarekin baizik. Luzaideko objektuekin osaturiko erakusketa ere badago, bertako ohituren erakusgarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.