Koronabirusa

Iparraldean, gaixo agiria izanen dute bakartzen dituzten haurren gurasoek

Frantziako Gobernuak zehaztu beharko du zein diren agiria jasotzeko baldintzak. Hegoaldean, ez dago argi agiririk izango den: Iglesias Espainiako presidenteordeak baietz dio, baina ezezkoan zeuden bezperan

Oihana Teyseyre Koskarat - Maria Ortega Zubiate
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Herenegun egin zuten eskolaratzea Ipar Euskal Herriko ikasleek. Irakasle eta gurasoek informazio eskasa salatu zuten eskolan sartzeko lehen egunean; batez ere, oraino ez dakitelako nola jokatu beharko duten haur bat kutsatuz gero. Hala ere, Frantziako Gobernuak zenbait neurri hartuko zituen iragarri zuen iragan astean; eta eskatu zuen haur bat kutsatuz gero harekin kontaktuan izan diren ikaskideak bakartzek. Parisen arabera, bakarturik egon beharko duten haurren gurasoek lan geldialdi bat eskatzen ahalko dute. Gisa berean, haurrak positibo ematen badu PCR proban, lan geldialdia lortzen ahalko dute gurasoek.

Hala aurreratu zuen Gabriel Attal Frantziako Gobernuko bozeramaileak, herenegun. «Itxierarik baldin badago, gurasoek gaixo agiria jaso ahal izango dute», esan zuen France Info irratian. Argudiatu zuen kasu horretan gurasoek arduratu beharko dutela ikaslearen hezkuntzaz. Ikastetxeko arduradunek eta tokian tokiko agintariek hartuko dute eskola ixteko erabakia.

Oraingoz, Frantziako Gobernuak ez du jakinarazi zein izango diren agiria jasotzeko baldintza zehatzak. Datozen egunetan erran beharko du ea bi gurasoek eska dezaketen, ala bakar batek. Bestalde, telelana egin dezaketen gurasoek ea lan geldialdia jasotzen ahalko duten ere erran beharko du gobernuak.

Dena den, protokoloa ezarrita dago ikastetxeetan. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da irakasleentzat eta 11 urtetik gorako haurrentzat. Attalen arabera, eskola batean positibo batek sor ditzakeen jokaleku guztiak aztertu dituzte. Gertatuz gero, ikaslea bakartu egingo dute, eta berarekin egon direnei ere bakartzeko eskatuko zaie. Testak soilik «susmoa» baldin badago egingo dira.

Hegoaldean, berriz, zalantzak dira nagusi. Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuaren bozeramaileak herenegun baztertu egin zuen gaixo agiria ematea bakartuta egon behar duten baina PCRan negatibo ematen duten haurren gurasoei; haren hitzetan, positibo emandako umeen gurasoek izango dute aukera hori.

Atzo, ordea, kontrako bidetik jo zuen Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteordeak. Ziurtatu zuen aldi baterako ezintasunagatiko gaixo agiria hartzeko aukera izango dutela PCRan negatibo emanda ere itxialdia egin behar duten umeen gurasoek. Erantsi zuen neurria «berehala» jarriko dutela indarrean. Azpimarratu zuenez, Espainiako Gobernuko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioa lanean ari da.

Harrabotsa eragin dute Monteroren hitzek, eta neurri hori hartu izana kritikatu du LABek. Gaixo agiria emateko «exijitu» dio Gizarte Segurantzari; eta aukera hori eman ezean, langileen kontziliaziorako baimen ordainduak emateko eskatu die Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, CENi eta Confebaski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.