Koronabirusa

Jaurlaritzak eskola kiroleko lehiaketak baimendu ditu

Edurne Begiristain - Irati Urdalleta Lete
2022ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Pandemiaren bilakaera dela eta, neurriak arintzeko astea izan liteke oraingoa. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, hala egitea erabaki du eskola kirolarekin: ostiraletik aurrera baimenduta egongo dira lehiaketak ere.

Birusaren goraldia zela medio, hilaren hasieratik eskola kiroleko entrenamenduak soilik zeuden baimenduta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kirol federazioen haserrea eragin zuen erabakiak, eta Gipuzkoako hamazazpi federaziok Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten lehiaketak berriz egin ahal izateko, baita Arabako eta Gipuzkoako aldundiek ere. Atzo, lehiaketak baimentzeko erabakiaren berri izan orduko, «albiste ona» dela esan zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatu Harkaitz Millanek .

Eskola kirolarenaz gain, baliteke beste aldaketa batzuk ere etortzea hurrengo egunetan. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragarri duenez, aste honetan da biltzekoa Labi, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean diren neurrien inguruan erabakitzeko. Ostirala baino lehen batzartuko da Labiren aholku batzordea, orduan amaituko baita neurri murriztaile gehienak indarrean egoteko epea. Bilera noiz izango den Iñigo Urkullu lehendakariak erabakiko du. Sagarduik ez du argitu Jaurlaritzak asmorik ote duen hilaren 31z harago COVID ziurtagiria eskatzen jarraitzeko.

Bestalde, EITBk aurreratu duenez, Nafarroako Gobernuaren asmoa da egungo neurriei otsailaren erdira arte eustea. Beraz, Nafarroako Justizia Auzitegiari baimena eskatuko diote urtarrilaren 31 arte indarrean den foru agindua luzatzeko. Gaur hartuko du erabaki ofiziala Nafarroako Gobernuak.

Datuak, onbidean

Pandemiaren bilakaerari dagokionez, beheranzko joera erakusten dute datuek: herenegun egindako probetan, beste 7.248 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, joan den asteko egun berean baino 505 gutxiago. Halere, kontuan hartu behar da protokolo aldaketen ondorioz proba gutxiago egiten dituztela. Erietxeetan ere sumatzen ari da arindua, batez ere Araban, Bizkain eta Gipuzkoan. Sagarduik jakinarazi du etenak zituzten ebakuntza batzuk egiten hasia dela Osakidetza. Halere, gaitzak gogor erasaten jarraitzen du. Zahar etxeetako datuak dira horren erakusgarri: zazpi egoiliar hil dira Gipuzkoako egoitzetan, eta launa Arabakoetan eta Bizkaikoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.