Euskara. Lan eskaintza publikoa Nafarroako hezkuntzan. Laura Perez. Ahal Dugu

«Agian okerra izan zen aurkako botoa hain azkar ematea»

Iruñea
2015eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Ahal Dugu-ko kide Laura Perezek (Bilbo, 1980) argi utzi du ez daudela lan eskaintza publikoan euskarazko plazak ateratzearen aurka, baina botoa ematerakoan informazio gehiago eduki ez izana deitoratu du. Gaia «konplexua» dela dio, eta PAIrekin nahiz UPNk egindako politika linguistikoarekin zuzenean lotuta dagoela ziurtatu du. «Azken urteetako politikak orekatu behar dira».

Zein da lehenengo pausoa?

Plangintza zehatz bat egin beharko litzateke, zentroz zentro doana, bakoitzean zer gertatu den ikusteko. Gehiena egina dago. Horregatik, lan eskaintza urtarrilean-edo atera zitekeen, baina politikoki estrategia falta egon dela iruditzen zait.

Oraindik atzeratu daiteke.

Bai, proposamen bat besterik ez da. Baina guk informazio gehiago behar genuen. Agian okerra izan zen hain azkar aurkako botoa ematea; egokiena abstentziora jotzea zatekeen, informazio falta zela eta. Halere, LEP hauekin guztien eskubideak bermatu behar ditugu, egonkortasun falta eta behar izugarria baitago.

Euskarazko plazak mantentzearen alde zaudete, baina gaztelerazkoak igo nahi dituzue.

Asko kostatzen zaigu sinestea gaztelerazko ereduan irakasle gehiegi daudela, murrizketekin UPNk ratioak asko igo baitzituen. Gainera, PAI ezartzean, gazteleraz ghetto modukoak sortzen ari dira zailtasun akademikoak dituzten ikasle horien artean. Hor ere irakasleak eta gizarte langileak behar direla uste dugu.

Ratioak eta lanorduak jaistea proposatzen duzue, gaztelerazko plaza gehiago sortzeko.

Hori da gure lehentasuna; azken urteetako dekretuak deuseztatuta, murrizketen ondorioak konpontzen hastea. Hezkuntzarekin orain arte egin dena tamalgarria da, eta irakasleek sekulako lan karga dute. Hori arindu behar da, baldintza hobeetan lan egin dezaten, eta irakasle gehiagok lanerako aukera izan dezaten.

Ingelesezko programa gutxitu beharko litzateke?

Hori egin aurretik datuak sakonki aztertu behar dira, eta sindikatuekin bildu. Ikusi behar dugu nola eskain dezakegun eleaniztuna den kalitatezko hezkuntza bat. Era berean, irakasle elebakarrek euskara, ingelesa edo beste hizkuntzaren bat ikasteko aukera izan beharko lukete. Baina hizkuntzaren didaktikarekin batera, bakoitzaren espezialitatea ere aintzat hartu behar dugu, bestela ez baita ezer bermatuko.

Sortu den tentsioa dirudien bezain handia da?

Ez, ez. Politikariok ikasi behar dugu gauzak aldez aurretik ongi komunikatzen. Gobernuko lau alderdion iritziak kontuan hartu behar dira, eta ikusi zein den gauzak egiteko modurik egokiena. Baina ziur nago lan eskaintza publikoa aurrera aterako dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.