Ion Orzaiz.
Koronabirusa. ANALISIA

Nahaste hau ez du EMAk sortu

2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Txertaketa planak, hankaz gora. Bat-batean eta (beste behin ere) azalpen argirik gabe. Zuhurtziaren izenean egin dute, baina irizpide epidemiologikoei erreparatu gabe. EMA Sendagaien Europako Agentziaren txostena aitzakia eta guardasol gisa hartuta, baina bertan gomendatzen denari entzungor eginik. Izan ere, EMAk ez du esan AstraZenecaren dosien txertaketa mugatu, mantsotu edo eten behar denik, ezta gutxiagorik ere. Kontrara: prozesuari eustera premiatu ditu gobernuak, txertatzearen onurak arriskuak baino askoz handiagoak direlakoan —221 odolbildu kasu, AstraZenecaren 34 milioi dositan; hau da, dosien %0,00065etan—.

Irizpide epidemiologikoa aintzat hartu gabe, gobernu bakoitzak bere bidea egin du itsu-itsuan: Espainiako Gobernuak eta haren eraginpeko erkidegoek adostu dute AstraZenecaren prototipoa 60 eta 69 urte artekoei soilik ematea. Frantziako Osasun Aginte Gorenak, berriz, kontrako bidetik jo izan du orain arte, AstraZenecaren dosiak 55 urtetik beherakoei bakarrik jarrita. Batzuek zein besteek airean utzi dute milaka pertsonaren immunizazio zikloa, eta ez dakite zer gertatuko den dagoeneko lehen dosia hartua dutenekin.

Erabaki salomonikoak dira bata zein bestea, epidemiologoen esanetan, erabat arbitrarioa baita balizko arriskuaren langa 55, 60 edo 65 urtetan jartzea eta babesa ez zabaltzea, demagun, 75 edo 80 urteraino; hain zuzen, COVID-19 larria pairatzeko arriskua handiagoa eta txertaketa are beharrezkoagoa den adin tarteraino. Cambridge Unibertsitateko Winton zentroak argitaratutako ikerlan batek zurian beltz jarri du aste honetan bertan: AstraZenecaren txertoaren onura potentzialak balizko albo kalteak baino askoz ugariagoak dira adin tarte ia guztietan, baina alde hori bereziki nabarmena da adinean gora egin ahala.

Oraingoz, gobernuen erabakiek ez dute txertaketa prozesua gehiegi mantsotuko, AstraZenecaren dosi gutxi daudelako zirkulazioan eta gehienak jarrita daudelako dagoeneko. Baina gehiago helduko dira datozen asteetan, eta horiekin zer egin erabaki beharko dute agintariek. Madrilek atzo iluntzean eman zuen pista bat, AstraZenecaren txertoa har dezaketen herritarren gehienezko adin langa 69 urteraino igota. Inprobisazioa, atzera ere.

Hain zuzen, Europako gobernuen norabide aldaketek eta bat-bateko lema kolpeek eragin kaltegarria izan dute txertoen gaineko konfiantzan. Ohiko bihurtu da AstraZenecarena txerto «txarra» edo «arriskutsua» dela entzutea, eta atzoko eta herenegungo erabaki arbitrarioek ez dute joera aldaraziko. Aitzitik, mesfidantza areagotu dezakete, ez soilik AstraZenecarekiko: txertoekiko, oro har. Luzera, ekidin nahi den arriskuak baino kalte handiagoa eragin dezake zuhurtziaren izenean hartutako erabakiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.