Estatus politiko berria «errealismoz» lantzera deitu du Urkulluk

Lehendakariarentzat, «Euskadiren pluraltasuna» hartu behar da aintzat. Idoia Mendiak uste du ez dela «fronte subiranista bat» sortuko

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, atzo, Eusko Legebiltzarrean egindako kontrol saioan. DAVID AGUILAR / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren estatus politiko berriaz mintzatu zen, atzo, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi zuen hori «errealismoz eta arduraz» landu behar dela, eta, «jarrerak hurbiltzen ahalegintzeko», ikuspegi guztiak errespetatu behar direla. Nabarmendu nahi izan zuen, gainera, EAEko estatutuaren erreforma ez dela amaitzen aditu taldeak auziaz osatutako testu artikulatuarekin, eta orain Autogobernu Lantaldeari dagokiola horri jarraipena ematea. Haren iritziz, estatus berriak «elkarbizitza marko berritu bat» eskaini behar du, «Euskadiren pluraltasuna eta historia» aintzat hartuz.

Adituek etzi utziko dute txostena legebiltzarreko legelari nagusiaren esku, eta hark hurrengo egunean eramango du Parlamentuko Mahaira. BERRIAk jakin ahal izan duenez, adituen testuak hiru eratara jaso du erabakitzeko eskubidea. Horren harira, Alfonso Alonsok (PP) esan zion Urkulluri txostena «Ibarretxe Planaren antzekoa» izango dela, eta «kale itsu batera» eramango duela afera. Lehendakariak erantzun zion ez dakiela adituek zer aurkeztuko duten, baina onartu zuen testuak «kontsentsu zabalak» dituen bezala, «akordiorik eza» ere jasotzen duela. Eta akordiorik eza erabakitzeko eskubideari buruzko formulazioak eragiten du, batik bat. Testuak bi formulazio bilduko ditu: «erabakitzeko eskubideaz» mintzo da EAJ, eta Elkarrekin Podemos herritarrek «beren borondatea» adierazteaz. EH Bilduk testu artikulatu propioa plazaratuko du, erabakitzeko eskubidea jasotzen duena, Autogobernu Lantaldeak onartutako oinarrietako formulazioari eutsiz.

Lehendakariaren ustez, behin dokumentua legebiltzarrera iristen denean, «sentipenak modulatu» beharko dira. «Jarrai dezagun jada lortu diren kontsentsuen gainean eraikitzen, akordiorik eza dagoen puntuetan akordioak bilatu ahal izateko», eskatu zuen. Badaki «zaila» dela kontsentsuak lortzea, baina «autogobernu handiagoa» edukitzeko, eta hori «hobea» izateko «aukera» baliatu behar delakoan dago.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkaria nagusiak ere hitz egin zuen estatus politiko berriaz, RNE irratian egin zioten elkarrizketa batean. Haren esanetan, «hasierako fasean» dago erreforma. «Oraindik asko dago egiteko». Uste du, halere, ez dela «fronte subiranistarik» sortuko horren bueltan.

Pentsatzen du, bestalde, jeltzaleek ez dutela erabakitzeko eskubidearen gaia mahai gainean jarriko Pedro Sanchez (PSOE) Espainiako Gobernuko presidentearen inbestidurako negoziazioetan. «Ez dute inongo auzirik jarriko mahai gainean, iruditzen zaielako ez delako ez beharrezkoa, ez egokia». EAJ eta PSE-EE bazkideak dira Jaurlaritzan.

Martinezen ohartarazpena

Elkarrekin Podemosen talde parlamentarioko buru Lander Martinezek «arduraz jokatzera» deitu zituen beste alderdi politikoak. «Bestela, ezin izango dugu aurrepausorik eman, duela 30-40 urte bezala jarraituko dugu, koloretan idatzitako estatutu bat garatu gabe», azpimarratu zuen Onda Vasca irratian. Erabakitzeko eskubideari dagokionez, «toki berean» jarraitzen dutela iruditzen zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.