Elisabet Almeda. Bartzelonako Unibertsitateko katedraduna

«Andre presoek badute ekiteko gaitasuna; aurre egiten diote aginteari»

Espetxeetan dauden emakumeen inguruko hamaika ikerketa egin ditu Elisabet Almeda katedradunak. Kartzelak andreengan duen eraginaz eta erresistentzia praktikez aritu da IPESek antolatutako mintegian.
ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maider Galardi F. Agirre -

2018ko azaroak 4

«Espetxean sartu aurretik jada bizi dute bazterkeria, eta hori areagotu egiten da kartzelan». Hala laburtu du emakumeek espetxeetan bizi duten egoera Elisabet Almeda Bartzelonako Unibertsitateko soziologiako katedradunak. Urteak egin ditu andreekiko kontrol soziala eta espetxe egiturak ikertzen, eta horri buruz aritu zen atzo, IPES Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak Bilbon antolatutako Kartzela kalera mintegian.

Espetxeak logika androzentrikoa duten egiturak direla diozu. Zergatik?

Historikoki, emakumeak desberdinki zigortu dira. Are, modu diferentean ez ezik, modu zorrotzago batean zigortu dira emakumeak. Hala azaltzen dute testigantzek eta ikuspegi kritiko eta feminista batetik egindako ikerketek. Espetxeetan andreak baztertuak dira, baina kartzelara sartu aurretik ere diskriminazio egoerak bizi dituzte. Espetxean sartzean berriz baztertu eta diskriminatzen dira. Horrek erakusten du kartzelek logika androzentrikoa dutela eta zigor-arauak maskulinizatuak direla. Esan beharrik ez dago espetxe logika osoaren aurka gaudela, baina emakumeen kasuan egoera are larriagoa da.

Hain justu, zigor hirukoitzaz hitz egiten da: zigor penala, zigor soziala eta zigor morala jasaten dute emakumeek.

Hori da. Ez da oraingo kontua, XIX. mende amaieran hasi ziren zenbait autore hori salatzen. Garai hartan esaten zen andre espetxeratuek bi rol hautsi zituztela, rol penala eta rol soziala, legea hausteagatik eta emakume gisa egozten zaizkien rolak ez betetzeagatik. Zigor morala ere gehi liteke «emakume onaren» rol hori hausteagatik. Ordutik, espetxe politikak bere horretan iraun du, eta, gaur egun, kriminologia positibista eta sexista horren zantzuak nabari dira. Ondorioz, badago uste hori andrazkoak gehiago zigortu behar direla rol bat baino gehiago hautsi dutelako.

Itziar Moreno euskal presoak BERRIA-ra bidalitako artikulu batean zioen espetxeek eginbehar sozializatzaile handia dutela. Zioenez, emakume normatiboak sortzea da xedea, eta kartzelan arau hori hautsi dutenak daude: prostitutak, migratzaileak, militanteak... Ados al zaude?

Arrazoi osoa du. Espetxeek normatibizazioa dute xede; muturreko normatibizazioa da. Eskolek, lantokiek eta espetxetik kanpoko hainbat egiturak ere badute eginbehar hori, baina kartzelan dena gaindimentsionatzen da, eta diziplina askoz handiagoa da. Kontuan hartzekoa da, bestalde, egituren gaineko kontrolik gabeko guneak direla eta, horregatik, eskubideak urratu egiten direla. Agerikoa da pobreziarekin dagoen kriminalizazioa, baita immigrazioaren eta ijitoen aurkakoa ere. Horretaz gain, badago arazo bat preso politikoekin. Edonola ere, kartzelan dagoen jendea pobrea da; hori zigortzen da: pobrezia, eta ez delitua.

Salatu izan duzu emakumezkoen espetxeetan oso handia dela psikofarmakoen erabilera.

Emakumezko presoen medikalizatzea izugarria da. Espetxetik kanpo ere bai, baina kartzelan are gehiago gertatzen da. Pilularen abusua dago. Are gehiago drogatzeko balio du, eta horrek ez du laguntzen kartzelan dauden andreek ikus dezaten jasotzen duten tratua ez dela justua eta eskubideak urratzen zaizkiela.

Gainera, salatu duzu andreentzako egokitutako espetxe gutxi daudela Espainiako Estatuan. Nolako eragina du horrek?

Gutxi direla aitzakia hartuta, ez dago emakumezkoentzako bereziki sortutako espetxerik ia; hiru bat izango dira estatuan. Horietan badago halako ikuspegi bat, tailer eta ekintza gehiago egin ditzakete, esaterako. Baina halako kartzela gutxi daudenez, emakumezkoek gizonezkoentzako makrokartzeletan amaitzen dute, egokitutako modulu batzuetan. Kartzelako gune txikienean egoten dira, eta jasotzen duten arreta profesionala eta dituzten baliabideak urriak dira. Modulu txikiak direnez, askotan ez dira kabitzen emakume preso gehiago, eta, ondorioz, urrunago dauden espetxeetara bidaltzen dituzte.

Hain justu, euskal preso emakumeen kasuan, ohartarazi da andre izateagatik are gehiago urrundu eta bakartzen dituztela. Zein iritzi duzu?

Aipatu dugunagatik, urrunketaren eta sakabanaketaren errealitatea hala da. Ez zaie soilik datu orokorrei begiratu behar, proportzioei begiratu behar diegu, eta hor ohartuko gara urrundutako andreak gehiago direla.

Egoera latzak bizi dituzte andreek espetxean, baina badute eragiteko eta egunerokoari aurre egiteko gaitasuna, ezta?

Lekuan leku, modu desberdinean egiten diote aurre egunerokoari. Garrantzitsua da hau aipatzea: emakume hauek badute ekiteko gaitasuna; agentzia, alegia. Erresistentziak jartzen dizkiote autoritateari. Ezohiko matxinadak egiten dituzte: maindireekin irteten dira patiora, eta bertan egiten dute dantza, jaia, protesta... Egunerokoa eta diziplina haustea da helburua. Emakumeen arteko harreman sexual eta afektiboak ere apurtzaileak dira. Horrek ezinegon handia sortzen die espetxeetako langileei, eta kolokan jartzen du egitura zurrun hori. Beraz, hori ere bada erresistentzia praktika bat. Bestalde, antolatzen dituzte sareak eta ekintzak: antzerkia, irrati komunitarioak... Hau da, emakumeak ez dira soilik espetxeetako biktimak, praktika erresistenteak eramaten dituzte aurrera. Are gehiago, kartzelatik kanpo ere jarraitu dute antolatzen, eta badira espetxetik pasatutako emakumeen elkarteak ere.

Maria Ruiz Torrado ikerlariak euskal espetxeetan dauden andreen eta haien praktika erresistenteen inguruko tesia egin du. Aipatzen zuen askatasun mugatua izan arren andre horiek badirela agente sozialak.

Hala da, bai.

Azaltzen du, gainera, Sherry Ortner ikerlaria oinarri hartuta, praktika horiek kontzienteak eta inkontzienteak direla.

Jakina, erresistentzia eta egunerokoarekin haustea modu askotarikoa izan daiteke. Ez du zertan izan erresistentzia «feminista» edo «hauskorra». Askotan, egunerokoarekin hauste hori nahikoa da erresistentzia egiteko.

Egoera hauei iraunarazteko, beraz, beharrezkoa da ikuspegi androzentrikoa duen sistema judizial bat izatea, ez da hala?

Zigorraren eta kontrolaren sistema osoa da androzentrikoa: espetxe politika, sistema judiziala, autoritatea... Beraz, kartzelak aztertzeko, eta bertan gertatzen diren erresistentzien berri izateko, beharrezkoa da ikuspegi feminista bat, emakume horiei ahotsa ematen diena.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Kezka adierazi dute lehen arretako hainbat langilek. Argazkian, Bilboko Areilza anbulatorioa. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Osasun sistemak eztanda egingo du»

Maialen Arteaga

Lehen arretako zentroen estutasunak azaleratu ditu COVID-19ak, eta aspaldiko aldarriak hauspotu ditu. Pandemiaren «bigarren olatua» iritsi dela aitortu du Eusko Jaurlaritzak, baina osasun etxeetan langileen erdiekin eta «lan gainkargarekin» dabiltzala salatu dute.

San Mames zelaia hutsik, Athleticen eta Leganesen arteko partidan, uztailaren 16an. ©Marisol Ramirez / Foku

Athleticeko sei jokalarik positibo eman dute

Berria

PCR probak egin dizkiete futbol jokalariei eta klubetako langileei. Alaveseko hiru jokalariri ere detektatu diete COVID-19 gaitza.

PCR probak egin dizkiete Donostiako Ramuntxo Berri tabernan izandakoei. ©Gorka Rubio / FOKU

Beste 505 positibo izan dira Hego Euskal Herrian

Berria

COVID-19a zuten zazpi pertsona hil dira azken astean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Probak egingo dizkiete Nafarroako egoiliar guztiei irailean.

Maddalen Iriarte prentsaurreko batean, artxiboko irduian. ©Juan Carlos Ruiz/FOKU

EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio konponbide bat emateko lehen arretako zentroen egoerari

Olatz Esteban Ezkati

Eragile politiko, sindikal, ekonomiko eta sozialen arteko elkarlanaren beharra nabarmendu du indar subiranistak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna