Bide judiziala agortu arte

Brasilgo Hauteskunde Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi du Lularen presidentetzarako hautagaitza. Arrazoitu du bigarren instantzian zigortuak ezin direla hautagai izan. PTk helegitea jarriko du

Brasildik kanpo ere Luiz Inacio da Silva Lularen aldeko hainbat ekitaldi egin dituzte. Argazkian, joan den abuztuaren 14an Parisen egindakoa. ETIENNE LAURENT / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Brasilgo presidentetzarako hauteskundeak gaur egingo balituzte, Luiz Inacio da Silva Lulak erraz irabaziko lituzke. Hori diote inkestek. Baina azken hilabeteotan gertatutakoa aintzat hartuta, 2003 eta 2010 artean presidente izandakoari ez diote utziko PT Langileen Alderdiaren hautagaia izaten urriaren 7ko bozetan. Ustelkeria eta diru garbiketa leporatuta kartzelatuta dago joan den apirilaren 7tik, eta TSE Hauteskunde Auzitegi Nagusiak, gainera, haren hautagaitza baliogabetu zuen atzo goizaldean. Lula presidente zenean hauspotutako lege bati heldu dio auzitegiak ebazpena argudiatzeko. 2010ean onartutako lege horren arabera, bigarren instantzian zigortua izan denak ezin du kargu publiko baterako hautagai izan. PTk ohar batean salatu du «eliteen esanetara» jokatzen ari dela auzitegia. Bide judiziala agortu arte «borrokan» jarraituko du Langileen Alderdiak, eta jakinarazi du Lularen kartzelatzearen kontrako bi helegite jarrita dauzkala STJ Auzitegi Nagusian eta STF Auzitegi Gorenean. Hauteskunde Auzitegi Nagusiaren erabakia ere inpugnatuko du.

Eta, hain zuzen ere, ebazpen zain dauden helegite horiei heldu die PTk atzoko erabakiaren kontra egiteko. Lularen alderdiak dioenez, 2010ean onartutako legeko artikulu batek dio ezingo dela inhabilitaziorik gertatu helegiteak ebatzi gabe dauden bitartean. TSEko magistratuek, ordea, ez diote horri erreparatu. Seik hautagaitza baliogabetzearen alde bozkatu zuten, eta batek kontra.

Petrobras enpresa publikoari lotutako Lava Jato operazioaren barruan, urtarrilean bigarren instantzian hamabi urteko zigorra ezarri zioten. Ordurako jakina zen 1970eko hamarkadan lider sindikalista izandakoa zela hauteskundeak irabazteko faborito nagusia. PTk, hortaz, hautagai aurkeztu zuen joan den abuztuaren 4an, eta 11 egun geroago hautagaitza ofizializatzeko agiriak eraman zituen Hauteskunde Auzitegi Nagusira.

Raquel Dodge Brasilgo fiskal nagusiak hurrengo egunean bertan jarri zion helegitea hautagaitzari. Bi aste pasa geroago, Luis Roberto Barroso kasuaren instrukzio epaileak Lularen defentsaren argudioak baliogabetu ditu. Presidente ohiaren abokatuen ustez, NBE Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak eskatu du hautagaiaren eskubide politikoak bermatu daitezela. Barrosok erantzun die, dena dela, NBEren eskaera hori ez dela «loteslea». Defentsarentzat, baina, ICCPR Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren sinatzaileetako bat da Brasil, eta, beraz, NBEk eskatutakoa konplitzera derrigortuta dago. TSEko magistratua ez dago ados. Ebazpenean dioenez, Brasilek ez du oraindik ere itun hori bere legerian jaso; «horrenbestez, ez du barne zuzenbiderako eskumenik».

Fernando Haddaden rola

PTren iritziz, «diktadura garaian» bezala jokatzen ari da TSE, eta salatu du ebazpena «gezurretan» oinarritzen dela, «arbitrarioa» dela. «Brasilek ez ditu bere lege propioak errespetatzen, ez ditu nazioarteko konpromisoak betetzen, eta, hedabideen laguntzarekin, sistema judiziala manipulatzen du, jazarpen politiko bat egiteko».

Lularen alderdiak hainbatetan adierazi du ez duela «B planik». Bozetara aurkeztuko diren alderdiak atzo hasi ziren hauteskundeetarako propaganda iragarkiak emititzen irratietan eta telebistetan, baina presidente ohia ez da agertuko horietan. Fernando Haddad 2005 eta 2012 artean Hezkuntza ministroa izandakoa da presidenteordetzarako PTren hautagaia, eta berak hartu du alderdiaren ardura. «Erabakia hartuta dago: bukaeraraino jarraituko dugu Lularekin». Hilaren 17ra arteko epea du alderdiak TSEn beste hautagai baten izena erregistratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.