Espainiako Gobernua prest dago konstituzioa aldatzeko

Batet ministroa, atzo. QUIQUE GARCIA / EFE.
Erredakzioa
2018ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Meritxell Batet Espainiako Gobernuko Lurralde Politikarako ministroak esan du konstituzioa aldatzea «premiazkoa, bideragarria eta komenigarria» dela, Espainiako Estatuak duen «lurraldetasun krisia» konpontzeko. Nabarmendu du Pedro Sanchezen gobernu berria (PSOE) «prestatuta» dagoela aldaketa horiei aurre egiteko, baina ohartarazi du horretarako beharrezkoak direla «gobernuen arteko konfiantza eta leialtasuna».

«Duela bost urtetik hona, benetako elkarrizketa eta politika instituzionalik gabe gaude, eta egoera hori gainditu beharra dauka Espainiak», esan du Batetek, Kataluniako egoerari aipamena eginez: «Herritarren eskariak ezin dira legea eta konstituzioaren aplikazioarekin agortu, horiek ezinbestekoak diren arren».

Bartzelonan esan ditu hitzok ministro berriak, Espainiako Konstituzioari buruz PSCren egoitzan eginiko jardunaldi batzuetan. Kazetariek galdetu diote Sanchezen gobernua Kataluniaren kasuan noraino hel daitekeen, eta hark erantzun du Sanchezen gobernua prest dagoela aztertzeko Carles Puigdemont presidente zenean Generalitateak aurkeztutako 45 eskariak eta konstituzioaren kontrakotzat jo diren Kataluniako legeak.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak, berriz, jakinarazi du Sanchezek dei egin diola Iñigo Urkullu lehendakariari, eta, bilera baterako egunik jarri ez duten arren, «jarrera baikorra eta akordioak egiteko borondatea» agertu duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.