urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Nazioarte hurbil hori

2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Euskaldunon Egunkaria izan zen prentsa abertzalean zirrikitua zabaltzen lehena: ordura arte Estatua zerabilten Egin-ek eta Deia-k, eta euskarazko kazetak Estatuak saila ekarri zuen, pluralean. Espainiaz gain Frantziako albisteei ere leku egin zien sail berritzaile hartan; euskaraz eta Baionatik egiteak errazago egiten zuen dena. Bide hartatik hasi ginen eufemismoa bera baztertzen, Espainiako futbol selekzioari hala deitzen, ordura arte «estatal» eta antzeko eufemismoen ordez. Egin-ek zirrikitu hartan tarte handiagoa egin zuen gero, Estatuen sail hori kenduta: albisteak etxekoak edo kanpokoak ziren, nazionalak edo nazioartekoak, terminologia politikoagoa erabilita. Marra ez da beti horren zehatza, badira Europako albisteen saila duten kazetak, eta Erresuma Batuan ere uharteak (Irlanda barne) eta «overseas» (itsasoz gaindi) bereizi ohi dira. Garai hartako estilo liburuan hartutako erabakietako batzuk bere horretan dira oraindik: Castro edo Logroño aipatuz gero, Kantabria/Errioxa eta Espainia jartzen dira parentesi artean; ez ordea, Katalunia, Bretainia, Korsika edo Galiziako hiri bat bada. Aldiz, Asturiasko edo Okzitaniako lekuei ez zaie naziotasuna aitortzen. Erabakiak hartzeak beti dakar marra nonbait egin beharra, baina gaiaz hausnarketa egitea ere bada zerbait.

ETBko albistegietan, politika sailean kokatu ohi dira Kataluniako prozesu independentistari buruzko albisteak. Eskoziakoak, berriz, nazioarteko sailetik lantzen dira. BERRIAn biak nazioartean joan arren, aitortu beharko dugu Edinburgori buruzko albisteak atzerriko gaiak lantzen dituzten kazetariek egiten dituztela, eta Bartzelonaz aritzeko euskal politikan dabiltzanek. Etxetik kanpo baina hain hurbil egokitzen zaizkigunak sailkatzen zailak badira, zer esan Espainiako gaurko hauteskundeez, Hegoaldeko euskaldun guztioi dagozkigun gaiak tartean direla?

Eta, hala ere, lortu dut arroztasunez segitzea Espainiakoa, hartarako posible den era bakarrean ziur aski: Espainiatik bezainbat Euskal Herritik urrunduta kanpainak iraun duen bi asteotan. Herenegun Madrilgo Barajasen lur hartu eta Euskal Herrirantz gidatzen bete-betean harrapatu ninduen kanpaina amaierak, baina ordura artekoa oihartzun urruna izan zitzaidan, sare sozialen sasoiotan bizita ere.

40 urtean ezagutu ez den agertokia du aurrean Espainiak. Nazioartetik Europako fenomeno sistemikoan kokatzeko tentazioa izan arren —hainbat herrialdetako eskuin muturraren gorakadarekin parekatuz—, herrialdearen historia hurbilak nabarmen desberdintzen du Salvini, Farage, Le Pen zein beste edozein herrialdetako ultrekin: gerraren garaileak eta lau hamarkadatan jaiotako belaunaldi guzti bat gobernatu zutenen diskurtsoa da. Zentro-eskuin sistemikoak argi eta garbi markatu izan du faxismoarekiko arrakala Europa zaharrean; Espainian, Andaluziako hauteskunde gauean bertan gelditu zen agerian familia bereko ahaide hurbilak direla. Espainia erreakzionarioena piztu izan denean min handia egin izan du, baina galerak ere halakoxeak izan ditu mendetan.

Ziurgabetasun egoeran orain arte egiten zenuen hori egiten jarrai dezakezu, baina mundua aldatzen ari bada, hartara egokitzen jakin beharko duzu. Horratx Nicola Sturgeonen lezioa, brexit-ak independentziarako aukera dakarrela jakitun, hondamendia parez pare duzula eta Londresek inoiz baino harroago jokatzen duela ikusita, baina orain arte asmatu ezinik olatua hartzeko une egokia zein den. 2021ean jarri du data; Theresa May ordurako ez dela Downing Streeten egongo, ia ziurtzat jo litekeen gauza bakarra.

Baina bide luzea dago horraino, eta hauteskunde bat baino gehiago tartean. Desberdin baina antzera nabari da artega Ipar Irlanda ere, brexit-aren ezinegonak dakartzan arriskuak hain era dramatikoan agertu diren egunotan. Botoaren garrantzia gutxiestea, kultura demokratiko eskaseko eta egunerokoa aldatzeko eta zeresana esateko interes handirik gabeko argudioa da.

Errealitateak bete-betean jotzen dizunean, botoa ematea da zentzuzkoena. Gero, Espainiako harrabotsetik urrundu gura izatera, bertan dugu gure errepublika independentearen zantzu eder bat gaur Baigorrin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.