Arrauna

Ilusioen estropada

Euskadiko Txapelketa jokatuko dute gaur eguerdian Hondarribian, eta lehia ikusgarria izan daiteke, itsasoa eta haizea emana baita

Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Egun handia da gaur arraunean, Euskadiko Txapelketaren eguna delako. Udako estropada preziatuenen artean dago, eta, aurten, gainera, oso irekia aurreikusten da lehia; batez ere gizonezkoetan. Hondarribian (Gipuzkoa) jokatuko da, eta ez Lekeition (Bizkaia), azken urteetan bezala, Hondarribiako Arraun Elkarteak 50 urte bete berri dituela ospatzeko. Emakumezkoek 12:00etan ekingo diote lanari (ETB1).

Hor ez da hain irekia ageri lehia, Orio nagusi izaten ari baita udan. Estropada bakarra galdu du, Lekeition, Eusko Label ligako bigarren jardunaldian, eta Arraun Lagunak-ek hartu zion aurrea. Hain zuzen, Donostiako taldeak eman du albistea estropadaren aurretik. Ez zen sailkatugaurko, Gipuzkoako Txapelketan bosgarren izan baitzen, eta lehen laurak sailkatzen baitira. Baina estropadan izango da, Deustuk uko egin baitio. Hutsune horrek aldaketak eragin ditu: Ondarroa bigarren txandan joango da, Deusturen lekuan, eta Ondarroaren lekua Arraunek beteko du, Bizkaiko lau talde baino ez dabiltzalako lehian udan.

Itsasoa dago emanda. Metro eta erdiko olatuak izango dira, ipar-mendebaldeko norabidearekin, eta haizeak beste aldetik joko die, ipar-ekialdetik, hamarretik gorako indarrarekin. Arraunerako ez dira baldintza onenak. Mugimendu handi samarra iragartzen dute eguraldiak eta itsasoak, eta, nola eguerdian haizeak gora egin ohi duen, lehen txandakoen aukerak handitu egin daitezke. Txanda horretan joango dira Arraun Lagunak, Hibaika, Zumaia eta Isuntza. Ilusioz dira donostiarrak, Gipuzkoako Txapelketako lan txarra hobetzeko asmoz, eta zer esanik ez ETE ligako lehen bi sailkatuak, beste bi gipuzkoarrak. Euskotren ligako bigarren talde onenaren aurrean nola aritu daitezkeen ikusteko estropada egokia da bientzat. Isuntza ere ondo ari da beheko ligan.

Ilusioa Orioko emakumezkoek ere izango dute, jakina. Inoiz ez baitute irabazi Euskadiko Txapelketa. Gaurkoa marra gorriz nabarmendua izango dute egutegian, eta, horretarako, txanda irabazi behar dute lehendabizi. Alboan izango dituzte Hondarribia, Kaiku eta Ondarroa. Gauzak bere-berean joaten badira, arazorik gabe menderatu beharko luke txanda Oriok, eta gero, ea gai den lehen txandako garailearen denbora hobetzeko. Eguraldiak, itsasoak eta kale zozketak eragin handia izan dezakete horretan. Saridunetan, Getaria-Tolosak eta San Juanek dituzte txapelketa gehien: hiruna. Iaz pasaitarrek irabazi zuten.

Gizonezkoetan, sei faborito

Emakumeena bukatu ondoren lehiatuko dira gizonezkoak, eta bi txanda izango dituzte horiek ere. Oso lehia irekia aurreikusten da, eta txandak ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko. Bigarrenera joaten dira begiak azkar, han ariko baitira Orio, Hondarribia, Urdaibai eta Santurtzi. Lau horietako edozein da gai ikurrina irabazteko. Baina aurrenekoan dira Donostiarra eta Zierbena ere, eta bi horiek ere hautagai direla erakusten ari dira udako estropadetan. Biek lortu baitute bandera bana Eusko Label ligan.

Udako jarduna ikusita, Orio dago koska bat gorago, baina goian segitzeko gaur ere egin egin beharko du, besteak hor baititu gertu. Eguraldiak eta itsasoak aukerak eman diezazkieke lehen txandakoei, eta horrek gehiago irekitzen du lehia. Aparteko ilusioa izango du Hondarribiak, etxean ariko delako. Palmaresean, San Pedrok eta Kaikuk zazpi txapelketa dituzte, eta Oriok eta Urdaibaik sei; etxekoek, bost. Iaz, Hondarribiak irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.