Albistea entzun

Alexandre Leaute. Txirrindularia

«Oraino ez naiz ohartzen Jokoetan gertatutakoaz; harrigarria izan da»

Estreinako ikusgarria egin du Alexandre Leaute txirrindulariak Paralinpiar Jokoetan. Lau domina irabazi zituen Tokion; urrezko bat, zilarrezko beste bat eta brontzezko bi. Aita bizikletan ibiltzen zelako hasi zen bera ere. Ahurtin dagoen paralinpiar txirrindularientzako zentroan trebatzen da.
THOMAS LOVELOCK / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Etxeleku -

2021eko irailak 22

Buruko odol kolpe bat izan zuen sortzean Alexandre Leautek (Sant-Karadeg, Cote d'Armor, Bretainia, 2000), eta hemiplegia eragin zion gorputzaren eskuineko aldean. Kasik osoki enbalditua du eskuinaldea. Aita eskarniatuz hasi zen bizikletan ibiltzen, eta gazterik goi mailako kirolari bilakatu da, ahalmen urrikoen txirrindularitzan. Uda honetan Paralinpiar Jokoetan txapeldun bilakatu da, Tokion. Ahurtiko (Lapurdi) ahalmen urriko goi mailako txirrindularitza gunean sartu zen duela lau urte, eta bost aldiz munduko txapeldun bilakatu da MC2 mailan. Urrezko domina eraman du, gainera, Tokion, gibel lasterkaldian; zilarrezkoa ordulariaren kontra, eta bi brontzezko bideko lasterketetan.

20 urterekin bost aldiz munduko txapeldun izan zara, eta orain olinpiar txapeldun zara. Nola bizi duzu?

Aski ongi bizi dut. Harroputza bilaka nintekeen, baina ez da hala gertatu. Naizen bezalakoa naiz, nahiz batzuek besterik uste duten. Baina berdin du, jendeak pentsa beza nahi duena; ni betikoa naiz, eta hori da garrantzitsuena. Adiskideekin egona naiz, eta uste dut ez naizela oraino ohartzen Jokoetan gertatu denaz. Harrigarria da.

Eskuineko aldea ez duzunez kasik batere erabiltzen ahal, zer ondorio du holako indar egiteak gorputzarentzat?

Eskuineko zangoan %95 indar gutxiago dudala neurtu du makina isozinetikoak. Eta alde bereko besoan ere ez dut indarrik; ur botila bat ezin dut altxatu, pisuegia zait. Ondorioz, ez dut sentsaziorik: beroa eta hotza ez ditut sentitzen. Beraz, egia da ez dudala batere orekarik; bizikleta gainean etengabe ari naiz oreka bilatzen. Tropel erdian ezin dut urik edan, bestela badakit eroriko naizela.

Eta akidura aldetik?

Energia xahutzearen aldetik, aztertu dugunez, zangomotz batek nik baino energia gutiago xahutzen du; zango hori hor baitut, eta, guti erabilirik ere, energia behar du. Ondorioz, ene ustez, zango osoa izatea, besteei konparatuz, traba handiagoa da. Errateko maneran, besteek motor bakarra dutelarik bazkatzeko, nik bi baditut.

Ahalmen urriko goi kirolariek oharrak jasaten ote dituzue, eta behartzen ote zaituztete zuen elbarritasuna justifikatzera?

Ez, batere. Trufak jasan ditut kolegioan nintzelarik, baina haur trufak dira. Egia erran, Olinpiar Jokoez geroztik iduritzen zait jendeak errespetua erakusten duela. Aipatu dira hedabideetan, eta ohar baikor franko izan da. Naski jendeak desberdiniki ikusiko gaituela, ahalmen urrikoen kirolak aitzina eginen duela, eta jendearen heldutasunak ere.

COVID-19 garaian egin ziren Paralinpiar Jokoak. Nola iragan dituzue ikusita osasun neurri zorrotzak zirela, kutsatzeak saihesteko?

Guk suertea izan dugu. ez baikinen olinpiar hirian. Txirrindulariak kanpoaldean ginen beti. Doi bat giltzapean bezala ginen, baina opor-gune gisako batean izanez, kanpora ateratzen ahal ginen. Bista ederrarekin, gainera: Fuji mendia parean genuen. Azken egunetan, berriz, olinpiar hirian ginen, eta zinez preso bezala sentitu naiz. Kirolarien artean izanik ere, atxikiak ginen, ateratzeko baimenik gabe.

Ikuslerik gabe aritu zarete, gainera.

Ez zen ikuslerik, ez. Ikusle bakarrak belodromoko boluntarioak ziren. Ez nau biziki trabatu, nahiz nahiagoko nuen jarraitzaileak izan balira, indar egiterakoan bultzatzeko. Baina, gure mekanikaren gainean garelarik, kontzentraturik, ez da hainbeste entzuten ere.

Ez ote da desoreka handi bat hedabideek egin jarraipenean Paralinpiar eta Olinpiar Jokoen artean?

Segur, aitzineko urteetan elbarrituen kirola aise gutiago aipatua zen. Aurten, jarraipen handiagoa izan dela iduritzen zait. France television kate publikoak aise zuzeneko gehiago egin ditu: L'Equipe 21 komunikabideak ere telebista eskubideak erosi zituen. Aurten zerbait plantan eman da elbarrituen kirol mailan. Araiz ez da Jokoetara mugatuko, eta bide horretarik segituko dute elbarrituen kirol jarraipena garatzeko.

Zer harreman duzu aurkari nagusi zenituen lehiakideekin?

Biziki harreman ona dugu. Hotel berean ginen, eta jantegi berean jaten egunero. Bizikleta gainean aurkariak gara, baina egun guzitako bizian hurbilak gure emaitzez mintzatzeko eta besteari ekarpenak egiteko.

Zerk egin du zure ustez hainbeste domina irabazi dituzula?

Uste dut lehen dominak, urrezkoak, askatu nauela. Helburu nagusitzat neukan ordulariaren kontrako lasterketa hori. Banekien Jokoak kausituak nituela ordukoz, eta presio gutiagorekin nintzen. Buruz askeago nintzen, eta, horri esker, domina gehiagoren bila joan ahal izan naiz.

Zuhaurren munduko marka hautsi eta hobetu duzu, bestalde.

Azken marka haustea 2021ekoa nuen, baina ez zen gure helburua. Urrezko domina genuen helburu. Munduko errekorrak gaindituak izateko dira, eta espero dut norbaitek eginen duela. Nihaurrek egiten ahal banu, zinez zoragarri litzateke.

Zerbait aldatuko dute domina horiek zure ibilbidean?

Ezinbestez, olinpiar txapeldun izateak kirolari baten ibilbidea aldatzen du. Espero dut babesle gehiago ekarriko dizkidala, txirrindularitza biziki garestia den kirola delako.

Nola hasi zinen bizikletan?

Aitari esker hasi nintzen bizikletan ibiltzen. Hark 19 urte zituenetik egiten zuen, eta ikusiz haren lasterketa guzietan segitzen nuela asteburuz asteburu, pasioa transmititu dit, eta horrela naiz hasi.

Eta goi mailako kirolari izatera noiz eta nola heldu zinen?

17 urterekin, elbarrituen arteko kirola ezagutu nuelarik gertatu zen. Frantziako Kopako lasterketa egiten hasi nintzen ahalmen urrikoen kirolean. Christophe Dizy trebatzaile duen Ahurtiko paraziklismoko esperantzen gunekoek berehala begiztatu ninduten. 2018ko irailean sartu nintzen Ahurtiko gunean, eta horra sartuz geroztik goi mailako kirolari bilakatzen gara.

Ahurtin segituko duzu hemendik aurrera ere?

Etxera itzuliko naiz iraila honetatik, Bretainiara. Baina Ahurtiko trebatzailea eta lantaldea atxikiko ditut. Ahal diren ikastaro guztiak egitera etorriko naiz Ahurtira.

Ahurtiko gunea baita ahalmen urriko pertsonen goi mailako kirol formakuntza gunea, ezta?

Bai, bai. Frantzian, halako zinezko gune bakarra da; horretarako ezagutua da.

Zer ekarri dizu Ahurtiko kirol guneak?

Lehenik, ikusmolde bikaina; ez baitzaigu iduri klub batean garela, baizik eta familia batean. Ez da elbarrituak garelako ezberdinki tratatzen gaituztela. Beste edonor bezala tratatzen gaituzte, eta zinez zoragarri da. Kirol gunea etxe batean da, familia giroan: goizetan jaiki, eta denak elkarrekin gara; arratsetan, filmak so egiten ditugu denek elkarrekin, denen artean egiten dugu jatekoa.

Zaudeten kirolarien baitan badu eragina giro horrek?

Nolaz ez; buruan ez bagara ongi, ezin dugu aitzina egin.

Zer aholku emanen zenioke ahalmen urriko kirolari gazte hasiberri bati?

Amorerik ez emateko. Bizia, artetan, gogorra bada ere, trufa pairatzen badu ere. Nik uste trufek azkarrago egin nautela, buruan indarra urrunago eramateko. Ez dezala amore eman aholkatuko nioke, eta egun batez argia ikusiko duela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Talde ona daukagu, eta goiko postuetan egongo gara»

Haritz Gallastegi

Indartsu hasi du sasoia Sancetek. Valverdek konfiantza eman dio, eta erdilari nafarrak joko onarekin eta golekin erantzun du. Athleticen oraina eta etorkizuna da. Ardurak hartzeko prest da.
Hilaree Nelson eskiatzailea eta alpinista. ©@hilareenelson

Hilda aurkitu dute Hilaree Morrison eskiatzaile eta alpinista

Julen Otaegi Leonet

Manaslu menditik eskiz jaisten ari zela erori zen, Himalaian. Hiru egunez desagertuta egon ostean, atzo aurkitu zuten, elur azpian.

Asier Nieto Bidasoako jokalaria, jaurtitzen, atzo, Artalekun. ©JON URBE / FOKU

Bidasoak garaipen handia lortu du Kolstaden aurka

Berria

Irungo taldeak hiru golen aldeaz irabazi du (30-27), eta Europako Ligan aurrera egiteko itxaropenari eusten dio

 ©BERRIA

Txapela buruan, nekerik ez

Julen Etxeberria

Binakako euskal pentatloian egin bezala, banakoan ere nagusitu dira Nerea Arruti eta Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI.a'. Biek azaldu dute «oso gogor» lan egin dutela azken hilabeteetan, eta «oso pozik» daudela lan horrek «saria» izan duelako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...