Realak 1-2 irabazi dio Sevillari, eta Eibarrek 3-2 galdu du Tenerifen

Julen Etxeberria.
2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Gozotik eta gazitik izan zuen atzo Espainiako Lehen Mailako 27. jardunaldiak euskal taldeentzat. Realak 1-2 irabazi zuen Sevillan (Espainia), etxeko taldearen aurka, eta beste urrats bat egin du Txapeldunen Ligarako sailkatzeko bidean. Eibarrek, berriz, 3-2 galdu zuen Tenerifen (Espainia), Granadillaren kontra, eta gero eta zailagoa du mailari eustea.

Txuri-urdinak hasi eta buka nagusitu ziren. Bederatzigarren minuturako, lehen gola sartua zuten: Nerea Eizagirrek, urrutitik egindako jaurtiketa eder bati esker. Bigarren zatia hasi eta gutxira sartu zuten bigarrena: Amaiur Sarriegik, buruz. Etxekoek gola sartu zuten gero, baina berandu zen jada. Garaipenari esker, Reala sendotu egin da bigarren postuan: sei puntura du hirugarren sailkatua, Granadilla, eta hiru jardunaldi falta dira jokatzeko.

Granadillak Eibar hartu zuen mendean atzo. Oso lehia estua izan zen: etxekoek sartu zuten gola; Racheal Kundananjik emaitza irauli zuen, eta Maria Jose Perezek bisitariak kondenatu zituen, azken minutuetan bi gol sartuta. Eibarrek bost puntura du salbazioa, partida bat gehiago jokatuta.

Alavesek, berriz, gaur jokatuko du, Ibaian, Real Madrilen aurka (11:00, Teledeporte). Eibarrek atzo galdu egin zuenez, Arabako taldeak mailari eutsi dio. Erronka zaila du gaur, Espainiako taldea Txapeldunen Ligarako sailkatzeko lehian ari baita.

Helburu bera du gaur Athleticek bisita egingo dion taldeak: Atletico Madrilek (12:00, ETB1). Iraia Iturregik zuzendutako taldeak puntuak nahi ditu, denboraldia ahal duen goienen amaitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.