Reala eta Eibar lehia gaiztoetan ariko dira bihar, beren helburuak lortzeko bidean

ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Realak eta Eibarrek bihar jokatuko dituzte jardunaldi honetakoneurketak. Txapeldunen Ligarako sailkatzea asko zaildu eta gero, Europa Ligara begira dago Imanol Alguacilen taldea. Lau partida erreskadan galdu eta gero, ostegunean Espanyolen aurka lortutako garaipena mugarri izatea espero dute txuri-urdinek. Eibarrek, berriz, 2-0 galdu zuen Osasunaren aurkako derbia, eta oraindik puntuak biltzeko beharra du maila ziurtatzeko.

Bihar, ordea, norgehiagoka gaiztoak dituzte beren helburuak lortzeko bidean. Levanteri egingo dio bisita Realak. Paco Lopezen taldea beti izan da aurkari deserosoa talde txuri-urdinarentzat; are gehiago, etxean. Beti kostatu izan zaio emaitza onak lortzea. Imanolek argi du ez dela izango norgehiagoka erraza. «Jokalari onak dituen taldea da, erasoan gola sartzeko aukera asko sortzen dituena, baina baita berari asko sartzeko ere. Salbazioa ziurtatua du, eta horrek are arriskutsuago egiten du, askeago jokatuko duelako». Teknikaria eskertuta agertu da bolada txarrak iraun bitartean jokalariek, klubak eta hedabideek emandako babesarengatik. «Sentitu egin dut babes hori».Biharko neurketari begira, Adnan Januzaj ez ezik, Joseba Zaldua ere faltako du Imanolek, hura ere min hartuta baitago.

Sevillaren zelaian ariko da Eibar. Julen Lopetegik zuzentzen duen taldea Txapeldunen Liga jokatzeko borrokan da, bete-betean, eta oso ondo ari da liga bueltatu zenetik. Eibarrek, gainera, zortzi aldiz jokatu du Sanchez Pizjuanen, eta ez du sekula han irabazi. «Sevillak ez du oso talde luzea, baina bai indartsua eta lehiakorra», adierazi zuen atzo egindako agerraldian Jose Luis Mendilibarrek.

Haren ustez, lehen golasartzen duenak asko izango du irabazita. «Hainbeste partida ia segidan jokatuta, nekea antzematen hasi dira talde gehienak. Gainera, Sevillan bero asko egingo du. Hori lortzen duen taldea lasaiago ariko da, eta nahi duen erritmoa eman ahal izango dio partidari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.