Realak bihar jokatuko du Real Madrilen aurka, haren etxean

Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Realak partida erakargarria dauka bihar gauean: Real Madrilen etxean ariko da (21:00, Movistar La Liga). Jokalariei jokatzea gustatzen zaien horietakoa. Berez ere halakoxea izaten bada, zer esanik ez oraingo egoeran, bi taldeak baitaude sailkapearen goialdean. Espainiarrak hirugarren dira 52 punturekin, eta Reala bosgarren, 41ekin.

Espainiako Ligako 25. jardunaldiko partida da, eta bi taldeak oso bolada onean heldu dira. Izan ere, Zinedine Zidaneren taldeak azkeneko lau partidak bata bestearen atzetik irabazi ditu, eta Imanol Alguacilenek azken hirurak—horien aurreko bietan, berdindu egin zuen Realak—. Zenbaki on horiek ere ematen diote erakargarritasuna biharkoari. Osagai guztiak lapikoan sartuta, aukera asko daude partida ona ateratzeko. Ikusleen gozagarri, horrela gertatzen bada.

Realaren ikuspegitik, aukera ona da beste talde handi baten aurka zenbaterainoko maila duen erakusteko. Manchester Uniteden aurka Europa ligan bi muturretan ibili eta gero —joanekoan, arlote; itzulikoan, duin—, Real Madrilen aurkakoa sendotasunaren bidean hazteko beste azterketa on bat da. Gaurko entrenamenduak argituko du zein diren Imanolen asmoak biharko, baina ziurtzat jotzen da hasieratik ariko direla Silva eta Illarramendu, Manchesterren atseden eman baitzien Orioko entrenatzaileak. Ariko ez dena Mikel Merino da, txartel horiak pilatuak dituelako.

Bestalde, Urko Gonzalez de Zarate euskarri eta erdiko atzelariak 2026ra arte berritu du kontratua. Real Madrilen aurka egin zuen debuta txuri-urdinekin, lehen itzulian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.