'Itzulera'

Norarik gabeko ihesa

Egilea: Martin Bidaur. Generoa: Poesia. Argitaletxea: Susa.

2017ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Itzulera (Susa) Martin Bidaurren lehen liburua bada ere, aurretik ezagutzen ditugu ezizen horren atzean dagoen Peru Iparragirreren lan gehiago: Itu Bandarekin argitaratutako Lekore aldizkarian pseudonimo berarekin argitaratu izan ditu hainbat idazki. Orain, urtetan ereindako lan hori ernaldu da, eta poema-liburu batekin ekin dio poeta gazteak bakarkako argitalpen lanari.

Pesimismoa eta isolamendua motibo errepikakorrak dira; liburua irekitzen duen aipuak laburtuko luke egokien poetak mundua begiratzerakoan agertzen duen jarrera: «Pozik nagoenean ere nostalgia dut babesleku». Bestalde, esku artean hartu bezain pronto, liburuko azalean jendartetik aldentzen den itzal bat agertzen da. Beraz, Itzulera izenburuarekin elkartu daitekeen ihesaren ideia ere gailentzen da irakurketan.

Norberaren barrenerako bidaia kontatzen du ahots poetikoak Okzitaniatik Euskal Herrirako, hemendik Pariserako eta atzera Euskal Herrirako itzulera den bidaia honetan. Norberaren bila egindako bidaian inflexio puntua bilatuko du poetak Parisen, hala ere, liburuaren azken atalean, etxera itzultzean, ikuspuntu berri hori «itzulgarria» izan daitekeelako irudipena azaleratuko du: «Inoiz galdu dudan ondasunik preziatuena da neure burua».

Bost zatitan banatuta dago, eta horietako bakoitza poetaren aipu batez hasten da: «Hautsitako souvenir bat», «Itxaronaldia», «Paris», «Uharteak», «Hutsuneak oinordetzan». Esan badugu bidaia poetaren barruranzko bidaia dela, atalen izenburuek atzeranzko bidaia ere iradokitzen dute, lehen ataleko poemetatik bereziki, baina baita hurrengoetatik ere, haurtzaroranzko bidaia antzeman daitekeela esan dezakegu; liburuko lehen poemak zehazki aipatzen duen une batek markatutako haurtzaro bateranzko bidaia, hain zuzen: «Historia hautsitako souvenir batez hasi zen orain dela hamabi urte».

Idazlearen bakarrizketa poetikoak gidatzen du poema-bilduma, eta, zentzu horretan, elipsiaren erabileraz, irudiak bata bestearen aldean kokatzen eta irakurleari zuzenean hitz egiten asmatzen du poetak.

Iluntasun eta hoztasun giro hori lortzeko, irudien arteko elipsiak eta inpresio singleekiko fokuak determinanteak dira. Bestalde, poemetan tartekatzen diren keinu literarioek ere sentimendu hori indartzen laguntzen dute. Are han-hemenka umore ukituak agertzean, sarkasmorako joera gailentzen da.

Irakurketa ilun horiekin kontrajarrita, ihesa eta lekualdaketak mugimenduarekin lotu daitezke; esango nuke amaiera aldera era kontzienteagoan agertzen den immobilismoaren kontrako erantzun batekin bateratu daitezkeela.

Norberaren barneko hori adierazteko modua iruditu zait ahots poetikoaren alderdirik lortuena: sentsazioek eta giza harremanek leku berezia hartzen dute nitasunaren eraikuntzan. Gainera, niri bereziki eragin dit ahots poetikoaren spleen aura horrek, halako enpatia sentimendu bat sortuz.

Adinaren gertutasuna tarteko, ez dakit gaituta nagoen aurrera begirako honelako juzguak egiteko, baina esango nuke, zer esana emango duen idazle baten hasiera dela honakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.