Koronabirusa

Erizain bat hil da COVID-19ak jota, astebete erietxeratuta egon eta gero

Bilboko Basurtu ospitalean hil da, Galdakaokoan egiten zuen lan, eta 52 urte zituen. Urkulluk osasun arloko langileen lana goratu du, eta ohartarazi du etxean egotea «osasun publikoa bermatzea» dela

Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Nekane Murga Osasun sailburua, atzoko agerraldian. IREKIA.
jon olano
2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Koronabirusak ezbeharra eraman du osasun langileen artera ere. Osakidetzako erizain bat COVID-19 gaitzak jota hil zen herenegun, sei egun Bilboko Basurtu erietxean igaro eta gero. 52 urte zituen, eta Galdakaoko (Bizkaia) ospitalean egiten zuen lan. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eman zuen atzo heriotzaren berri, Nekane Murga Osasun sailburuarekin eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin eginiko agerraldi batean. Iluntzean, jada itxialditik ohiko bihurtu diren txaloak hildako erizainarentzat izan ziren, hala egiteko eskatu baitzuten sare sozialetan osasun arloko langileek. Urkulluk doluminak helarazi zizkien erizainaren senide, lagun eta lankide guztiei, eta osasun arloko langileen lana «eredugarria» dela nabarmendu zuen.

Birusak hedatzen jarraitzen du, Murgaren arabera, eta agintariek ez dute uste oraindik epidemiak goia jo duenik. 1.680 dira positibo eman dutenak, eta 58 hil dira. Hedapen hori saihesteko, sakelako telefonoetarako aplikazio bat garatzen ari da Eusko Jaurlaritza, herritarrek erregistratu ahal izan dezaten beren osasun egoera, kasuen prebentzio, jarraipen eta identifikazio lana indartzeko. Urkulluk azaldu du eredu horrek funtzionatu duela beste herrialde batzuetan, eta aplikazioa euskal enpresa batek garatu duela, Osakidetzarekin elkarlanean. Datorren astean egongo da denen eskuragarri.

«Etxean egoteak zentzu bat dauka: zentzu hori azpimarratu behar dugu. Etxean egotea guztion osasuna bermatzea da, osasun publikoa bermatzea», esan du Urkulluk: «Bakoitzaren inplikazioa ezinbestekoa da. Ez da topiko bat; ezinbestekoa da autobabeserako neurriak hartzea, eskuak garbitzea eta ukondoarekin estaltzea ahoa eztulka egitean, sintomak dituztenak ez egotea kontaktuan adinekoekin».

Birusa zabalduz doa Ipar Euskal Herrian ere; Mauleko Herriko Etxeak atzo baieztatu zuenez, Atharratzeko (Zuberoa) biztanle bat kutsatu du koronabirusak; Paueko (Okzitania) ospitalean artatua da, oraingoz. Pirinio Atlantikoetan, 21 kasu baieztatu zituen atzo Paueko suprefeturak. Zuberoan, lehen kasua da, eta batere ez dute antzeman Nafarroa Beherean.

Halere, kasuen gorakadari aurre egiteko neurri bereziak hartzen hasi dira Lapurdin eta Nafarroa Beherean. Hala, Donibane Lohizuneko eta Angeluko (Lapurdi) mediku sareak, Gurutze Gorriaren laguntzarekin, behin-behineko erietxeak ezarri ditu martxan herri horietako kirol geletan. Momentuz ez dute paziente kutsatuei harrera egiteko asmorik. Mediku kabineteen eta larrialdi zerbitzuen saturazioari aurre egitea dute helburu, lehenik. Pazienteek ezingo dute medikuaren baimenik gabe joan behin behineko erietxeetara, jende gehiegi bertaratzea ekidin nahi dutelako bertako langileek. Osagarri gisa, Donapaleun (Nafarroa Beherea) ere, birusa daukatenentzako ohe gehigarriak prestatzen hasi dira ospitaleko langileak.

Bestalde, alarma egoeraren seigarren eguna izan zen atzokoa Hego Euskal Herrian, eta horren arabera, agindutako konfinamendua betearazteko lanetan jarraitzen du Poliziak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak eta udaltzainek hemezortzi lagun atxilotu dituzte, eta guztira ia mila zigor administratibo ezarri dituzte—988 ziren atzo orotara—. Mozal Legeari jarraituz: gehienak 600 euroko isunak dira.

Koronabirusa herritarren osasunean eta osasun sisteman eragiten ari denaz harago, ikusteke dago ekonomian ere zenbaterainoko ondorioak uzten dituen konfinamenduak. Izan ere, Hego Euskal Herrian, enplegua aldi baterako erregulatzeko 1.461 dosier aurkeztu dituzte enpresek, eta gutxienez 15.080 langileri eragingo die horrek; 101 aurkeztu dituzte Nafarroan, 876 Bizkaian, 296 Gipuzkoan eta 193 Araban. Urkulluk aitortu du «arduratuta» dagoela, baina lanean ari direla, kolpea apaltzeko: «Denok nahi dugu gaixoaldi honen eragina mugatua izatea denboran, eta ekonomian duen eragina ere mugatua izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.