Mexiko. Azpiegitura erraldoiak

AZPIEGITURA HANDIEN AGINTALDIA

Energiarekin eta garraioekin lotutako hainbat proiektu handi bultzatu ditu Lopez Obrador presidenteak Mexikon, «herrialdearen intereserako» direla argudiatuta. Herritarrak eurak, baina, horren aurka matxinatu dira, eta euren bizimodua suntsitu nahi izatea egotzi diote.

AZPIEGITURA HANDIEN AGINTALDIA.
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Joan den azaro amaieran ezohiko neurri bat hartu zuen Mexikoko presidente Andres Manuel Lopez Obradorrek, eta interes nazionalekotzat jo zituen gobernu federalaren azpiegitura proiektu guztiak. Neurri horren bidez, lan horiek abiatzeko baimenak onartzera behartzen ditu administrazioak, eta bost eguneko gehienezko epea uzten die horretarako. Gainera, aukera du horiei buruzko informazioa sekretupean gordetzeko, «estrategikoak» direla argudiatuta.

Azpiegitura horietako asko indigenen lurretan ari dira egiten, herrien borondatearen aurka eta, maiz, herritarren osasuna eta bizimodua arriskuan jarriz. Lopez Obradorren esanetan, herritarren onespena jaso dute gehienek, kontsulten bidez. Baina horietan ere azpijokoa egin eta galdeketak manipulatu izana leporatu diote. Jarraian azpiegitura horietako batzuk:

Tren Maia

Lopez Obradorren gobernuak bultzatu duen proiektu handiena da. 1.525 kilometro zeharkatuko ditu, eta bost estatutatik igaroko da; bidean hemezortzi geltoki izango ditu. Turismoa erakarri eta 100.000 lanpostu sortuko dituela esanez bultzatu du Mexikok proiektua. Bestelako iritzia dute, ordea, hark zeharkatzen dituen lurretan bizi diren herri indigenek eta ingurumenaren aldeko erakundeek.

Yucatan penintsulan bizi diren maia indigenek gogor egin dute trenaren aurka. Euren kultura turistak erakartzeko baliatzea egozten diote gobernuari. Lanpostuak sortzeko aukerak ere ez ditu asebetetzen; askok gertutik ezagutzen dituzte gune turistiko handietako lanpostuak: soldata txikiak, baldintza txarrak eta epe motzeko kontratuak. Ez dute halakorik nahi beren seme-alabentzat.

Kezka iturri da ingurumenari egingo dion kaltea ere. Trenak biosferaren erreserba bat zeharkatuko du Selvan, 426 kilometroan, eta geltoki bat jarriko diote Calakmulen, gizateriaren ondare izendatutako gunean. «Tren hori ez da maia, ez da herri indigena horrek eskatu edo bultzatutako proiektu bat, ez dituelako haien beharrak asebetetzen», salatu du CNI Batzar Nazional Indigenako kide Angel Sulubek. Erakundeak gaitzetsi du trena igaro ahal izateko 144 hektarea baso suntsitu dituztela, eta zuhaitz mozketa asko «beharrezko baimenik gabe» egin dituztela.

Erakundeak auzitara ere jo du, eta gaur-gaurkoz hemeretzi salaketa aurkeztu ditu ingurumenaren aurkako erasoengatik, eta herri indigenen osasun eskubidea eta kontsultarako eskubideak urratzeagatik. Bide judiziala, ordea, oso motel doa, eta askok gobernuari berari leporatzen diote atzerapena.

Zentral termoelektrikoak

Atzerriko enpresa askok dituzte interesak Morelosen, eta, noski, baita Mexikoko Gobernuak berak ere. EZLN Askapen Nazionalerako Armada Zapatistak eta CNIk berak salatu dutenez, proiektuan parte hartzen ari direnen artean daude Espainiako Elecnor, Enagas eta Abengoa. Egitasmo handia da, Tlaxcala, Puebla eta Morelos eremuak industrializatzea helburu duena, besteak beste argindarra lortzeko erregai fosilak baliatuz. Herri indigenek salatu dute enpresek, gobernuaren «konplizitatearekin», eurentzat hartu dituztela eskualde horietako natur baliabideak, eta herritarrak esku hutsik utzi.

Proiektua bera 2008an jarri zuen abian orduan presidente zen Felipe Calderonek, eta gaur egun Lopez Obradorren babes osoa du. presidenteren jarrera, baina, aldatuz joan da urteotan; izan ere, hasieran bat egin zuen proiektuaren aurka zeudenekin, eta hitzeman zien presidentetzara heltzen bazen proiektua geldituko zuela, baina ez zuen bete. Aldiz, kontsulta bat egin zuen, baina ordurako amaituak zeuden eraikuntza lanak.

Hiru proiektu erraldoi biltzen ditu egitasmoak. Ziklo konbinatuko zentral bat da lehena, inguruko industrialdeak eta meategi irekiak argindarrez hornitzea helburu duena eta Huexca herrian eraiki dutena. Bigarrena 172 kilometroko gasbide bat da, eta haren helburua da AEBetan fracking edo haustura hidraulikoaren teknika erabiliaz ustiatutako gasa Morelosko industrialdera eta bi zentral termoelektrikoetara eramatea. Hirugarrena 132 kilometroko ubide bat da, eta segundoko 240 litro eramango ditu ziklo konbinatuko zentralera.

Adituek diote Morelosko proiektuak zuzenean eragingo diela eskualdeko ur baliabideei, eta, batez ere, Cuautla ibaiaren emariari. Morelosko, Tlaxcalako eta Pueblako Lurraren eta Uraren Defentsarako Herrien Fronteak salatu du gobernuak industrializatu egin nahi duela Morelostik Chiapaserainoko eremu guztia, eta nekazaritzaren %90 desagerrarazi.

Biktimak ere eragin ditu herri indigenen eta gobernuaren arteko borrokak. Horietako bat izan da Samir Flores ekintzailea, bere etxe aurrean tiroz hila. Gobernuak babestutako enpresei eta presidenteari berari egozten diete herritarrek haren hilketa. Oraingoz, pertsona bakarra atxilotu dute Floresen hilketagatik. Aske daude tiroketan parte hartu zutenetako bat eta ihes egiten lagundu ziena, eta hilda bigarren tiratzailea.

Frackinga eta garagardoa

Lopez Obradorrek esana da frackinga geldituko duela Mexikon. Hori bai, horretarako data zehatzik eman gabe. Baina, Frackingaren aurkako Aliantzaren arabera, 600 milioi euro inguru bideratu dira aurten teknika horren bidez gasa ustiatzera. Gas putzu horietatik gehienak Poza Rican eta Veracruzen daude —Veracruzeko Papantla barrutian bakarrik 172 putzu zabaldu dituzte—.

Mexikoko Ingurumen Ministerioaren arabera, ur putzuen %75 babestuta daude, eta ez dute baimen berririk eman haustura hidraulikoa egiteko. Mugimenduak, ordea, bestelako datuak bildu ditu: «Argi dago teknika hori baliatzen ari direla. Kontuan izan behar da erregaien prezioak behera egin duela eta frackinga teknika garestia dela. Ez dio inori mesederik egiten: erregai kantitate txikiak ustiatu daitezke, eta inbertsio handia eskatzen du». Mugimenduak salatu du, gainera, ingurumenerako arriskutsua izateaz gain, kolokan jartzen dituela datozen belaunaldien bizi baldintzak, eta urratu egiten duela klima larrialdiaren aurkako akordioa. Hala, Franckingaren aurkako Aliantzak bi urte daramatza egitasmo horien aurkako sinadurak biltzen.

Baina Veracruzen bada beste egitasmorik ur baliabideak arriskuan jartzen dituenik: Constellation Brands garagardo enpresa. Mexicalin egitekoa zuten lehenik munduko garagardo plantarik handiena izango zena. Baina, hura amaitzear zutenean, geldiarazi egin zuen gobernuak, herritarren protestek bultzatuta. 1.400 milioi dolarreko inbertsioa egitekoa zuen enpresak Kalifornia Behereko estatuan (AEBekiko mugan), baina estatuburuak bultzatutako kontsultak argi utzi zuen herritarren iritzia. Izan ere, Constellation Brandsen plantak 20.000 milioi litro ur beharko zituen urtero (ur baliabideen %44), basamortutik gehiago duen eskualde batean. Hala, Veracruzen egingo dute planta. Datorren urtean iragarriko du proiektua presidenteak berak, hura non kokatuko duten jakinaraztearekin batera.

Veracruzek ur baliabide gehiago ditu Mexicalik baino, baina planta han eraikitzeak kezka piztu du. Adituek eta ingurumenaren aldeko plataformek ohartarazi dute urtero garagardoa egiteko baliatuko litzatekeen urarekin 200.000 herritar biziko liratekeela, eta urtean 2.000 hektarea ureztatuko liratekeela.

Nekazari Batuak plataformaren arabera, planta Texistepec herrian jartzeko aukerak handiak dira. Han, plantak beharko lukeen urarekin hamar urtez bizi ahalko lirateke. Horrez gain, plataformak gogorarazi du natur baliabideak ez direla amaigabeak, eta horiek plantara bideratzeak esan nahi duela beste proiektu batzuk esku hutsik geratuko direla.

Petrolio findegia

Azaroan presidenteak onartutako dekretuak bultzada emango dio Dos Bocas hiriko petrolio findegiari. Tabasco estatuan kokatutako planta da Lopez Obradorrek bultzatutako azpiegitura handietako beste bat. Baina haren aurkako salaketa batek zaildu egin dio bidea.

Joan den irailean, Emilio Vazquez ekintzaileak auzitara jo zuen eraikuntza lanak gelditzeko eskatuz. Haren esanetan, findegiak ez zukeen eraikitzen ari diren tokian egon behar, legeak debekatu egiten duelako. «2006an eta 2007an ikerketak egin zituen Segurtasun, Energia eta Ingurumen Agentziak, jakiteko Dos Bocasen findegi bat eraiki ote zitekeen. Ondorioztatu zuten ingurumenari egingo zitzaion kaltea handiegia izango zela, eta agindu zioten Pemexi [Mexikoko Petrolioak] ez zezala hor eraiki», azaldu du Vazquezek. Lopez Obrador agintera heldu zenean, ordea, eraikitze lanei ekin zieten.

Vazquezek azaldu duenez, lanen eragina nabaria da Paraiso hirian: «Hiri txikia da, eta bertako herritarrei zuzenean eragingo die findegiak, baina ez dira ausartzen ezer esatera, beldur direlako». Vazquezen esanetan, gobernua «zentzugabeko inbertsioa» egiten ari da Dos Bocasen, dirua beste helburu batzuetarako erabili beharrean. Horrez gain, dekretuaz baliatuta Lopez Obradorrek sekretupean eutsi diezaioke proiektuari buruzko informazioari. «Abokatu talde batengana jo behar izan dugu laguntza eske, eta haiei esker lortu dugu epaileak salaketa onartzea. Baina ziur gaude oztopoak izango ditugula; izan ere, gobernuak estu hartuko du justizia kasu honetan ere».

Mexikoko presidentearen esanetan, Dos Bocasko petrolio findegia beharrezkoa da herrialdea «energetikoki autonomoa» izango bada. Martxan jartzen dutenean, egunean 340.000 upel petrolio prozesatuko ditu, eta 20.000 lanpostu sortuko. Gobernuaren asmoa litzateke planta zabalik egotea datorren urteko uztail amaierarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.