Lurraren artifizializazioa

Porlana, elikagai katean oztopo

Laborantzarako ziren 804 kilometro koadro lur galdu dira Euskal Herrian 1990etik 2018ra, Europako Batasunaren datuen arabera. Artifizializazioak elikadura burujabetzan duen eragina aztertu dute Muguruzak eta Otondok.

Porlana, elikagai katean oztopo.
inaut matauko rada
2022ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Euskal Herriaren eremuaren %3,8 artifizializatutako lurra da, 2018ko datuen arabera. Hamarkada gutxiren buruan bizkortu egin da artifizializatze prozesu hori: 1990etik 2018ra bikoiztu egin zen eremu artifizializatua, eta nekazaritza lur asko galdu ziren horren eraginez. 1990etik, nekazaritza lurretarako 804 kilometro koadro galdu dira; eremu horren erdia baino gehiago artifizializatu egin da (419 kilometro koadro), eta beste 355 kilometro koadroak baso eta eremu natural bihurtu dira. Laborantzako lurren galerarekin batera, kontsumoa handitu egin da urteotan, elikagaien produkzioa gutxitu, eta horrek jakien inportazioen menpekotasuna handitu du.

Lurraldearen bilakaera horretaz eta bai lehen sektorean bai elikadura burujabetzan duen eraginaz kezkatuta, Baztango Udalak (Nafarroa) martxan jarri ditu zenbait proiektu azkeneko urteetan. Joseba Otondo Baztango alkateak azaldu du Euskal Herrian kontsumitzen diren elikagaien %5 soilik produzitzen direla hemen. Gainerakoa Euskal Herritik 3.000 kilometrora ekoizten da. «Gure menpekotasuna txikitzekotan, begi bistan da nekazaritzako lurrak mantendu beharko ditugula». Are gehiago, egungo «krisi ekologikoa, energetikoa eta klimatikoa» aintzat hartuta: «Gaur egun, kontu estrategikoa da elikadura. Agenda publikoan eta politikoan lehen lerrora etorriko da elikadura herritar guztiei bermatzea».

Lorea Muguruza Gipuzkoako EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuneko komunikazio arduradunaren arabera, laborantzako lurren galerak «pertsonen iraupenean» eragiten ditu kalte handienak. «Nekazaritza lurrek elikagaiak, edateko ura eta oxigeno garbia sortzeko duten ahalmena baldintzatzen du artifizializazioak. Larreek CO2 isuriak xurgatzeko duten gaitasuna galdu egiten da». Paisaiaren aniztasunean eta biodibertsitatean ere eragina du prozesu horrek.

Europako Batasunak CORINE Land Cover proiektuaren bidez ikertzen du lurraren erabilera, Copernicus satelitearen laguntzaz. Sei urtean behin aztertzen dute —2024an berritzekoak dira—, eta ikusi dute 1990etik 2018ra aurreko historia osoan baino lurzoru gehiago artifizializatu dela Euskal Herrian. Gaindegiak ikertu zituen datuak; haren arabera, basoak eta eremu naturalak lurraren %58,1 dira (12.152 kilometro koadro), eta laborantza lurrak, %37,6 (7.873 kilometro koadro). Urak eta hezeguneek 111 kilometro koadro hartzen dituzte, %0,5. Euskal Kosta-Aturri eta Bilbo Handia dira gehien artifizializatutako eskualdeak.

Artifizializazioa prozesu zaharra da, Muguruzak zehaztu duenez. XX. mendean, industriak «goraldia» izan zuenean, enpresariak baserrietara joaten ziren langile bila: «Gero, langile horiek hirian gelditu ziren, baina hirietan ere arazoak sortzen hasi ziren jende pilaketarekin». Industriaaldeak laborantzarako lurrik egokienetan ezarri direla azaldu du. Ibaiertzetan ezarri zen industriaren zati handi bat, baratzeak egiteko «eremurik onenetan»: «Ibaiak eta errekak kutsatzen eta elikagaiak eskuratzeko eremuak artifizializatzen hasi ginen».

Gakoa, hurbiltasuna

Hirien zabalkundeak ere eragina izan du artifizializazioan eta, batez ere, laborantza lurren galeran. Gaindegiaren arabera, 2000 eta 2006 bitartean nabaritu zen gehien: 690 kilometro koadro galdu ziren urte haietan bakarrik, etxegintza indartsuen zegoen garaian. Alegia, 1990etik galdu diren laborantza lur guztien (793 kilometro koadro) %87 sei urte horietan galdu ziren. Iruñerrian, Errobi Aturrin, Zangozaldean, Estellerriko mendebaldean, Donostia-Beterrin, Bidaso Beherean eta Plentzia-Mungia inguruetan galdu dira nekazaritza lur gehien.

Otondoren ustez, azken hamarkadetan lurrik onenak galdu dira, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere: «AHTak hainbeste tokitan egin duen tarrata ikustea mingarria da, baina beste azpiegitura batzuk ere eraiki dira. Kontua da hiru milioi biztanle garela Euskal Herrian, eta hori da gakoa: dugun nekazaritza lurra nola antolatzen dugun».

Muguruzak uste du badela alternatibarik elikagaien produkzio urriari eta inportazioen mendekotasunari aurre egiteko. «Baina kontzientziak astindu behar dira, eta aldaretik atera behar dugu etekin ekonomiko huts hori». Otondorentzat, «hurbiltasuna» gero eta garrantzitsuagoa izango da: «80 kilometroko unitateak dira zero kilometro elikadura sistemak. Halako ingurune batean gure burua elikaduraz hornitzea bideragarria da». Gertu produzitzen dena kontsumitzea jasangarriagoa dela uste du Otondok, atzerrian produzitzen diren elikagaiak garraiatu egin behar direlako, eta horrek gas kutsagarrien isuriak handitzen dituelako. Iritzi berekoa da Muguruza: «Hemen ekoitzita xahutuko litzatekeen energia baino askoz gehiago xahutzen da kanpotik ekarrita».

Baina artifizializazioak ez du soilik elikagaietan eta nekazaritza lurretan eragiten. Uraren galeran ere eragina duela nabarmendu dute Muguruzak eta Otondok. Baztango alkatearen esanetan, artifizializatutako lurrak iragazkortasuna galtzen du, eta, beraz, «ura galtzen da»: «Lurra ez da bustitzen, lurrazpiko ur horiek ez dute zirkulatzen, eta, orduan, hori guztia badoa». Klima aldaketarekin muturreko joerak indartu egingo direla uste du, eta horrek desmasiak handituko dituela.

Muguruzaren ustez, suteak areagotzeak ere zerikusia du joera horrekin: «Inork kudeatzen ez duen eremu batek errazago hartuko du su, eta baliabide askoz gehiago bideratu behar ditugu sutea itzaltzeko. Iparraldean, esaterako, laborariak suhiltzaile gisa hezten ari dira. Zergatik? Uste dutelako eraginkorragoa dela arrisku tokitik gertuen bizi denak sua itzaltzen jakitea».

Horrenbeste ertz dituen arazo bati konponbidea aurkitzea oso zaila da, Muguruzaren eta Otondoren iritziz, baina bat datoz artifizializazioari muga jartzeko garaia dela. «Zentzuak dio artifizializazioa mugatu eta eraikita dagoena berrerabili eta birgaitu behar dela», esan du Otondok. Muguruzarentzat, oreka bilatzen hasteko ordua da: «Legeak ez dira betiko. Sortu eta desagertzen dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.