Jahja Kaddouri. «Beldurrez ibiltzen ginen geure eskubideak eskatzeko enpresari»

joxerra senar
Azkoien
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Jahja Kaddouri 2014an sartu zen Huerta de Peralta enpresan lan egitera. Euren lan baldintzen inguruan ezjakintasuna zuela aitortu du. «Ez genekien ezer gure eskubideez, zer egin behar genuen eta zer ez. Enpresak esaten zigun horiek zirela lan baldintzak, eta ez bagenuen nahi, hor genuela atea». Horretarako, behin-behineko kontratuez baliatzen zirenHuerta de Peraltako nagusiak. Bere posturako, sei hilean behin berritu egiten zioten kontratua, baina hori egitea zegokion aldiro beldur zen: «Ez ziguten bulegora deitzen. Lanean zinela etorri, eta paperak sinatzera behartzen zintuzten, agiria irakurtzeko betarik gabe».

Kaddouri enpresaren eskariez arduratu da enpresan, eta, erantzukizuna izanagatik, kontratuak ez du islatu haren lan kategoria. Lan hitzarmenean jasotako peoi soldata jasotzen zuen, apalena: 2018. urtean, adibidez, 966 euro zen.

Era berean, kontratua berritzen zioten aldiro, hamabost egun lehenago oporrak hartzera behartzen zuten Kaddouri: «Niri, behintzat, ordaintzen zizkidaten oporrak, baina beste batzuei ez. Erreklamatu egin behar zuten». Kasu horietan, ez jarraitzeko mehatxua erabili ohi zuen. Haren hitzetan, lan baldintzak banan-banan negoziatzeak enpresari egiten zion mesede.

2017an, egoera jasan ezinik, LAB sindikatura jo zuten langileek, eta, salaketaren bitartez, lan ikuskaritzak hainbat langile finko egitera behartu zuen enpresa. «Egoera aldatu egin da. eta orain badakigu zer dagokigun egitea eta zer ez». Akordioa lortuta, greba amaitu da: «Espero dugu denak hobera egitera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.