Hauteskunde emaitzen eta aurkeztutako zerrenden bilakaera

2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun

1



Udal eta foru hauteskundeak (1999). Euskal Herritarrok-ek 265.753 boto lortu zituen.

2



Espainiako Gorteetarako hauteskundeak (2000). HBko Mahai Nazionalak erabaki zuen bozetara ez aurkeztea. Abstentzioa sei puntu hazi zen Hego Euskal Herrian, 1996ko hauteskundeekin alderatuta; nagusiki, Gipuzkoan (hamahiru puntu gehiago).

3



Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak (2001). Lizarra-Garaziko Itunaren ostekoak izan ziren ezker abertzalearen ildo nagusia nolabaiteko normaltasunez aurkeztu ahal izan zen azken deialdia. 143.139 boto eskuratu zituen EHk; zazpi legebiltzarkide.

4



Udal eta foru hauteskundeak (2003). Autodeterminaziorako Bilgunea (AuB): 153.497 boto jaso zituen, Auzitegi Gorenak baliogabetutakoak eta legeztatuak kontuan hartuta. Herri plataformek 579 zinegotzi erdietsiko zituzten baliogabetutako bozkak aintzat hartuz gero. Soilik 172 zinegotzi lortu zituzten, zenbaketa ofizialaren arabera.

5



Espainiako Gorteetarako hauteskundeak (2004). Bergarako Ekimenak boto nulua babestu zuen: BERRIAk orduan eginiko estrapolazioaren arabera, 103.821 boto jaso zituen ezker abertzaleak.

6



Europako hauteskundeak (2004): Herritarron Zerrenda legez kanpo utzi zuen Auzitegi Gorenak, eta, Hego Euskal Herrian, baliogabe gisa zenbatu zituzten haren botoak (legezkoak izan ziren Iparraldean); guztira, 118.890 boto jaso zituen.

7



Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak (2005). 1. Aukera Guztiak. Beharrezko sinadurak jaso zituen martxoan, hautes zerrendak aurkeztu zituen, baina legez kanpo utzi zuen Auzitegi Gorenak. 2. Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunista (EHAK): 2002ko uztailetik zegoen erregistratuta alderdi politiko gisa, baina Eusko Legebiltzarrerako 2005eko apirilaren 17ko hauteskundeetara aurkeztu zen lehen aldiz, eta debekua saihestea lortu zuen. Hauteskundeak egin baino 9 egun lehenago, botoa EHAKri ematera deitu zuen Batasunak. 150.644 boto eta bederatzi legebiltzarkide eskuratu zituen. 2008ko irailaren 18an legez kanporatu zuten.

8



Udal eta foru hauteskundeak (2007).

1. Abertzale Sozialisten Batasuna. 2007ko martxoan, ASB alderdi politikoen erregistroan sartzen saiatu zen ezker abertzalea, maiatzeko hauteskundeak baino bi hilabete lehenago, baina Auzitegi Gorenak galarazi zion.

2. Abertzale Sozialistak. Udal eta foru hauteskundeetarako sortutako zerrendak izan ziren, baina aurkeztutako guztiak (246) legez kanpo utzi zituzten auzitegiek.

3. Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV). 1930ean sortutako alderdia HBren sortzaileetako bat izan zen. Legez erregistratua zegoen, eta, ASB eta AS ezin aurkeztuta, EAE-ANVk ordezkatu zuen ezker abertzalea, erdizka: 133 baliogabetu zituzten, eta 135, onartu. Baliogabeak eta baliodunak batuta, 176.154 boto bildu zituen, eta horiekin, 42 alkatetza (23 Gipuzkoan, bederatzi Bizkaian eta Nafarroan, eta bat Araban), eta 439 zinegotzi eskuratu.

9



Espainiako Gorteetarako hauteskundeak (2008). Abstentziora deitu zuen ezker abertzaleak.

10



Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. (2009) 1. Askatasuna. 1998an sortutako alderdia zen, ordura arte jarduerarik gabea. 2. Demokrazia Hiru Milioi (D3M): hautes plataforma. Biak baliogabetu zituzten auzitegiek. Boto baliogabeak 100.939 izan ziren.

11



Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak (2009). Ezker abertzaleak ezin izan zuen zerrenda propiorik aurkeztu, baina dei egin zuen Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasuna hautagaitzaren aldeko botoa ematera. 138.313 boto jaso zituen, baina irregulartasunak salatu zituzten datu ofizialetan; adibiderako, Gipuzkoan ezker abertzaleko alkatetzak zituzten herri ugaritan II-HEk ez zuen boto bakar bat ere lortu, eta Amezketan, adibidez, POSI izan zen bozkatuena.

12



Udal eta foru hauteskundeak (2011)Bildu. EAk, Alternatibak eta independenteek osatutako hauteskunde koalizioak Auzitegi Gorenaren debekua jaso zuen, baina kanpaina hasierarekin batera debeku hori kendu zion Auzitegi Konstituzionalak. 314.283 boto jaso zituen.

13



Espainiako Gorteetarako hauteskundeak (2011). EA, Alternatiba eta independenteei Aralar batu zitzaien, eta Amaiur osatu zuten. 333.628 boto eta zazpi diputatu irabazi zituen.

14



Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak (2012). Konstituzionalak ekainean legeztatu zuen Sortu. Urrian zituzten Eusko Legebiltzarrerako bozak: EH Bilduk 277.923 boto lortu zituen (21 ordezkari); bigarren indarra izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.