Koronabirusa. Ospitaleetako egoera

Gutxienez 40 lagun hil dira gaitzak jota Hego Euskal Herrian astebetean

Osakidetzaren menpeko zentroetako ZIUetan, 11 lagun daude birusaren sintomak larriagotuta

Barakaldoko Gurutzetako ospitaleko ZIUko gela bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Edurne Begiristain.
2023ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Jakina zen pandemia ez zela berehala amaituko, denbora beharko zela, olatu gehiago etorriko zirela, eta aldaera gehiago. Koronabirusaren izurria sortu zenetik hiru urte beteko dira aurki, eta,COVID-19aren izurriari buruzko albisteak jada lehen lerroan ez badaude ere, gaitza ez da desagertu. Omikron aldaera agertu zenetik, birusa azkar eta erraz transmititzen ari da, baina, aldi berean, biztanleriaren parte handi bat txertatuta dagoenez, egoera bestelakoa da, eta erietxeetako inpaktua ez da lehen olatuetakoa bezainbestekoa. Nolanahi ere, COVID-19ak eragindako heriotza kopurua handia da oraindik ere Hego Euskal Herrian.

2022ko udaberritik aurrera, gripeari egin ohi zaion jarraipenaren gisakoa egiten ari dira administrazioak. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak astean behingo datuak baizik ez dituzte ematen, eta, horiei so, argi antzeman daiteke abendu erdialdetik izurriaren bilakaerari lotutako aldagai ia denak hobetzen ari direla, motel bada ere. Osakidetzaren eta Osasunbidearen datuei erreparatuz gero, birusak arnasa pixka bat eman dio bilakaera epidemiologikoaren kurbari, eta arindua erietxeetan eta ZIUetan sumatzen ari da bereziki. Osakidetzaren azken buletinak jasotzen duenez —abenduaren 26tik urtarrilaren 1era— 176 lagun daude erietxeratuta birusaren sintomak larriagotuta, eta horietatik 11 daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Azken asteetako bilakaerari begiratuta, beheranzko joera agerikoa da, nahiz eta presioa motel arintzen ari den. Konparazio batera: abenduaren 19tik 25era bitarteko astean, 274 pertsona zeuden Osakidetzako erietxeetan koronabirusarekin, eta 165 daude azken astean.

COVID-19aren gaitzarekin loturiko heriotzak, ordea, ez dira erritmo berean apaltzen ari. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, gutxienez 40 lagun hil dira koronabirusarekin astebetean: 37 pertsona zendu dira Osakidetzaren menpeko erietxeetan, eta beste hiru Osansunbidearen zentroetan. Aurreko astean, berriz, 42 lagun zendu ziren gaitzarekin, denak Osakidetzaren menpeko zentroetan.

Nafarroako Gobernuaren azken txosten epidemiologikoaren arabera —abenduaren 26tik urtarrilaren 1era bitartekoa— «apala» da SARS-CoV-2 birusaren zirkulazioa herrialdean, eta transmisioa «egonkor» dago; hain justu, 100.000 biztanleko 84 kasukoa da lehen arretan diagnostikatutako tasa. Astebetean, 31 lagun erietxeratu dituzte gaitzaren sintomak larriagotuta, aurreko astean halako bi. ZIUetan, baina, ez dago gaixorik gaitzarekin.

Arnas aparatuaren infekzioak eragiten dituzten birusen transmisioari buruzko bestelako datuak eguneratu ditu Nafarroako Gobernuak, eta, horien arabera, SARS-CoV-2 birusarena ez ezik, gripearen intzidentzia ere arinada Nafarroan. Zaintza epidemiologikoaren azken txostenak jaso duenez, azken astebetean 62 pertsonari atzeman zaie gripea; horietatik 28 erietxeratu behar izan dituzte, eta bi ZIUetan, larri. Bi lagun zendu dira gripearekin Nafarroan.

Nafarroako Gobernuak informazio eguneratua eman du bronkiolitisa eragiten duen arnas birus sinzitialaren transmisioaz ere. Jakinarazi duenez,birus horren zirkulazioa «egonkortu» egin da azken egunotan: 85 kasu baieztatu dira, eta horietatik hemezortzi haurren artean. Gainera, 15 urtez azpiko 11 haur daude erietxeraturik birusarekin, eta horietako hiru ZIUetan daude, larri.

Laugarren zizta

Koronabirusa hesitzeko asmoz,iragan martxoan hasi ziren txertoaren laugarren dosia jartzen Ipar Euskal Herrian, eta irail amaieran Hegoaldean. Euskal Herri osoan, talde zaurgarria osatzen dutenak izan ziren aurrenekoak zizta jartzen, eta, abenduan, 60 urtez azpikoei ireki zitzaien txertoa hartzeko aukera. Berezitasun bat dauka bigarren indartze dosiak: gai da birusaren aldaera ohikoari, omikronari eta haren azpialdaerei aurre egiteko.

Hegoaldeko osasun sistemek datuak eman dituzte laugarren dosia jartzeko prozesuaren erritmoaren inguruan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 18 urtetik gorako 410.952 pertsonak hartu dute bigarren indartze dosia (%31,7), eta, 80 urte baino gehiagokoen artean, %80,8k jarria dute, 120.825 herritarrek. Lehen indartze dosia, berriz, 18 urtetik gorako herritarren %75,5ek hartu dute.

Nafarroako Gobernuak, bestalde, dei egin die 60 eta 80 urte artekoei bigarren indartze dosia har dezaten, %37k bakarrik hartu dutelako laugarren zizta orain arte. «Kalteberak» babestera deitu du foru gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.