Koronabirusa. Zahar etxeak

«Ez dakigu zenbat zendu diren, baina asko izan dira»

Blanca Mardones. Barakaldoko Miranda zentroan egoera bereziki larria marraztu du beharginak. Haren ustez, osasun krisiak frogatu du langileen kexak arrazoizkoak zirela.

Maite Asensio Lozano.
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
«Hondamena izan da, eta oraindik ere hondamena da». Blanca Mardonesen ustez, zahar etxeetako langileen urteetako salaketak agerian jarri ditu COVID-19aren krisiak: «Eredua aldatu egin behar da». Lanean egiaztatu ahal izan du azken bi hilabeteetan, Miranda fundazioaren Barakaldoko (Bizkaia) egoitzan: «Estres handia izan dugu, galduta ibili gara... Dauzkagun ratioak dauzkagu; beraz, egoiliarrak bakartuta eta langileak gaixotuta, oso zerbitzu prekarioa eman dugu. Eta adinekoak zaindu egin behar ditugu, altxorra dira».

Normaltasunera itzultzen saiatzen ari dira egunotan, baina egoera «oso larria» izan dute egoitzan: kutsatzeak izan dira egoiliarren zein langileen artean, baita hildakoak ere: «Ez dakigu zenbat zendu diren, baina asko izan dira». Kezkaz aitortu du zentrootan bizi diren adinekoei ezin izan dietela arreta egokirik eman: «Urteak daramatzagu ratioen inguruan kexaka, eta orain demostratu da ez dagoela langile nahikorik. Egoiliarrak bakartuta egon dira, eta hasieran agindu zitzaien senideekin bideo deiak egingo dituztela, baina ezin izan dugu, ez zegoelako pertsonalik. Gaixorik edo berrogeialdian egon diren lankide guztiak ere ez dituzte ordezkatu».

Segurtasun neurri egokirik gabe jardun direla ere berretsi du: «Auzitegian salaketa aurkeztu genuen arte ez zizkiguten babes ekipamenduak bidali». ELAko ordezkaria da Mardones, eta aitortu du «ezintasun handiz» bizi izan dituztela halako egoerak: «Langileentzako segurtasun neurriak eskatu genituen, birusa sar genezakeelako, eta erantzun ziguten alarmistak ginela, ez ziguten kasurik egin, bilerak ukatu zizkiguten...».

Biratze kezkagarria

Pribatua da Mirandako zahar etxea, baina Bizkaiko Aldundiarekin itundutako oheak dauzka. Egoitza handia da: 220 pertsonarentzako tokia du. «Barakaldoko erdigunean dago, eta instalazio oso onak ditu: eraikin handia, lorategiak... Baina kalitatea asko okertu da, ez du zerikusirik lehengoarekin». Gogora ekarri du fundazioa irabazi asmorik gabeko entitatea dela, «behartsuei arreta emateko» sortua: «2010ean erabateko biratzea gertatu zen kudeaketan, eta hamar urteotan prezioak bikoiztu egin dira: lehen, hilean 1.550 euro balio zuen lehen logela partekatu batek, eta orain 3.290 euro ordaindu behar da, edo 3.600 euro, logela banakakoa bada».

Biratze horretan, kalte nabarmena izan du zerbitzuak. Adibide kezkagarriak jarri ditu Mardonesek: «2017an hamabi egoiliarrek alde egin zuten, arreta ez zelako ona. Eta aurten, COVID-19aren krisia hasi zenean, adineko bat kaleratzekotan zeuden: ezin du tokia ordaindu, baliabideak agortu zaizkio, pentsioarekin ez du aski, eta bota egin behar zuten; ez dakigu zer gertatuko den harekin orain». Erantsi du, halere, Barakaldoko zentro horren bilakaerak ispilu gisa balio duela: «Egoera antzekoa da egoitza gehienetan: pribatizatu egin dira, gutxi batzuek irabaziak atera ditzaten, baina kalitatearen kaltetan. Tristea da adinekoen bizitzekin negozioa egitea, baina haien zaintza ez da inoiz lehentasuna izan klase politikoarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.